Filmak ala telesailak, zer nahiago dugu?
Teknologia berriekin ikus-entzunezkoak ikusteko modua aldatu omen da, baina, dirudienez, ez bakarrik modua, zenbaitetan gaia ere bai.
Astean zehar neka-neka eginda iritsi ohi gara etxera. Ordu-piloa lanean pasatu eta deskantsatzeko momentua nahi izaten dugu. Une horietarako, liburua hartzeko, telebista pizteko, filma bat ikusteko edo telesailen bati heltzeko joera dugu. Oso atsegin dugu besteen kontakizunetan sartzea, gurea alde batera uzteko, une batean bada ere. Filmek eta telesailek xede hori dute: historia edo istorioak kontatzea. Kontakizunaren forma aldatzen da, kontatzeko era. Baina zer dugu gustukoena gaur egun? Film bat ikustea edo telesailetan murgiltzea?
Miren Manias oñatiarra EHUko ikerlaria da, eta Euskarazko fikziozko film luzeen tesia bukatu berri du. Berarekin bildu gara Leioako Unibertsitateko lorategietan.
Miren Maniasek gai honi buruz egin du tesia.
“Gure artean zinema gustatu egiten dela uste dut. Ez filmak ikustea soilik, zinemara joatea asko gustatzen zaigu. Ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohitura handia dago Euskal Herrian”, agertu digu Mirenek. Bere ustez, kontsumitzeko moduak aldatu egin dira eta, azken urteotan, etxean gehiago kontsumitzen dela zehaztu digu.
2014ko datuen arabera, azken urteetan zinemaren sektoreak beherakada handia izan badu ere, 2013az geroztik % 14 igo da, eta poliki-poliki zinema-aretoetara joateko ohitura indartzen ari da. “Ni, adibidez, filmak zineman kontsumitzekoa naiz. Egia da, telesailen agerpenarekin edo, burrunba batean sartu garela, oso telesail onak daudelako. Horrek, agian, zinemaren kontsumoa murriztu egin du, baina murriztu dena zinema aretoetako kontsumoa da; nik uste dut etxean oraindik ere film asko ikusten direla”, esan digu ikerlari oñatiarrak.
Teknologiaren garapenak, lehen pentsaezina zena lortu du: filmak zinema-aretoetan ez ezik, etxeko edozein lekutan ere ikusi ahal izatea. Forma berriak agertu dira filmak ikusteko eta urtetik urtera gailu berriak ditugu horretarako: telebista, ordenagailua, tableta, mugikorra… Mirenek esan digu gailu berriek ikus-entzunezkoen kontsumoa indibidualizatu egin dutela: “Kontsumoa gero eta indibidualagoa da, nahiz eta etxean kontsumitu; uste dut etxean ere modu indibidualean kontsumitzen dela”.
Lost, The Walking Dead, Juego de tronos, Hannibal, Dexter, Black Miror, House, The Bones, Castle, The Mentalist, CSI, Prison Break, Breaking Bad, Anatomía de Grey, Sexo en Nueva York, The Simpson, Sopranotarrak, The Wire… hainbat eta hainbat telesailek izan dute arrakasta gure artean. Ericsson ConsumerLab TV & Mediak egindako ikerketaren arabera, 2014. urtean onlineko serieak eta streaming emisioek ia telebistak adina ikusle izan dituzte. Azken 5 urteetan izugarri handitu da telesailak ikusteko ohitura. Teknologiaren demokratizazioak Internet bidez hainbat telesail ikusteko aukera eman du, eta, filmak ikusi beharrean, telesail gehiago kontsumitzen dela dirudi. Baina zer dute desberdin?
Mirenek zera esan digu: “Filmetan kontatzen den istorioak denbora aldetik muga handiagoa du. Kontakizuna denbora zehatz batean kontatu behar da, eta telesailetan, berriz, hainbat segida egin ditzakegu, atalak, denboraldiak… Horrek istorioa gehiago lantzeko aukera ematen du”.
Denbora falta duelako, Mirenek telesailak gutxiago ikusten dituela esan digu: “Telesailak kontsumitzeko denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake. Azkenean, telesailen kontsumoa filmen moduan egiten da: telesail bat erosi edo deskargatu, eta filmaren moduan ikusi nahi izaten dugu; hau da, bi ordu jarraian, agian hiru edo egun osoa. Badago egun osoa telesailak ikusten igarotzen duen jendea ere”.
EUSKARAZKO FIKZIOA
“Gurean ere, dirudienez, Estatu Batuetako telesailak eta filmak ikusten dira gehien. Egia da merkatuaren legeari erantzuten diola horrek. Banaketa-etxeek agintzen dute sektore honetan eta kanpoko produktu asko ekartzen dituzte; batez ere Estatu Batuetakoak. Gure merkatua horrelako produktuz gainezka dago, baina ez gurean bakarrik; mundu-mailako merkatuak horrela funtzionatzen du. Europatik datozen filmentzat ez dago lekurik”.
Euskarazko produkzioa ez da nahi bezain handia.
Dena den, Mirenek argi du telebistak ere zerikusi handia duela honetan: “Telebistan ikusten dugunetik ere badator joera hau. Euskarazko eskaintza, fikzioari dagokionez, oso txikia da. Horrek ere nolabait gure kontsumo-ohituretan eragin nabarmena du. Txikitatik euskarazko fikziozko ikus-entzunezkoak ikusten ohituta egongo bagina, ziurrenik ez genuke hain erraz egingo kanpokoen aldeko apustua, baina zoritxarrez ez dugu beste aukerarik”.
Nik uste dut orokorrean hemen ere gustatzen dela zinema, zinemara joatea gainera. Badaukagu ohitura ikus-entzunezkoak kontsumitzeko. Baina bueno be bai kontsumitzeko moduak aldatu egin dira azken urteotan eta igual orain ja gehiago kontsumitzen da etxean, baina nik horrela orokorki uste dut baietz gustatzen dela hemen zinema. Gero zinema be bada gai bat gure artean erabiltzen dena ez dakit eztabaidarako edo egunekotasunean, zinema bada eguraldia legetxe (bezala), bada erabiltzen den gai bat edo errekurtso-moduan. Eta, bai nik uste dut baietz.
Ni naiz, adibidez, zineman kontsumitzekoa zinema. Egia da, ba bueno telesailen agerpenarekin edo, ba bueno, burrunba batean sartu direla, oso-oso telesail onak dagozela (daudela) be bai, horrek agian nolabait esango nuke murriztu egin duela zinemaren kontsumoa, baina murriztu du beharbada zinema aretoetarako kontsumoa. Nik uste dut etxean oraindik ere kontsumitzen dela zinema.
Nik uste dut teknologiaren garapenagatik, arrazoia nik uste dut hori dela, teknologiaren garapenak ahalbideratu ditu formatu berriak agertzea, baita ere gailu berriak horiek kontsumitzeko. Kontsumoa gero eta indibidualagoa da baita ere. Nahiz eta etxean kontsumitu nik uste etxean ere modu indibidualean kontsumitzen dela. Eta, batez ere, esango nuke digitalizazioaren eraginez izan dela, eta bai teknologiaren aurrerapenaren eraginez.
ETA ZUK IKUSTEN AL DITUZU FILMAK ETA TELESAILAK?
Bai, telesailak gutxiago, zinema gehiago kontsumitzen dut. Igual telesailak kontsumitzeko gustatuko zitzaidan edukitzea denbora gehiago, zeren azkenean telesailen kontsumoa ere bada pelikulen moduan egiten dena. Zuk telesail bat deskargatzen duzu edo erosten duzu, eta jada kontsumitzen duzu pelikula bat moduan. Hau da, bi ordu jarraian edo bueno igual hiru, edo igual egun osoa, badaude batzuk jota engantxatuak dagozenak (daudenak) eta botatzen dutela egun osoa telesailak ikusten, baina, gehien bat, zinema.
ZER DESBERDINTASUN DAGO TELESAILEN ETA FILMEN ARTEAN?
Ba bueno, nik uste dut formatuak daukatela hasiera bat eta bukaera bat, ez? Baina igual pelikuletan kontatu ahal den istorioak badu denbora aldetik muga bat, orduan istorioa be bai horretara egokitu behar da, eta telesailekin ba ez, ez? Telesailekin badaukazu aukera egiteko ez dakit zenbat serie, lehenengo atala, bigarren atala, tenporadaka. Eta horrek bai ematen dizu jokoa ba istorioa gehiago lantzeko, ez? Eta zineman ba ez. Nahiz eta biak eduki hasiera eta bukaera bat, ez? Horrek desberdinduko zuen, ez?
ETA HEMEN ZERK DU ARRAKASTARIK HANDIENA?
Blockbusterrak. Blockbusterrak da hemen kontsumitzen den produktu izarra, baina bueno horrek ere bai erantzuten dio merkatuen legeari, ez? Hor badago diktadura bat, agintzen dute hemen ba bueno banaketa etxeak, eta banaketa etxean funtzionamendua da ba bueno kanpoko produktu asko ekartzea, ez? Eta orduan, gure merkatua badago nahiko saturatuta, baina bueno ez bakarrik gurea nik uste dut mundu-mailako merkatua dagoela saturatuta estatu batuetatik etortzen diren produktuekin, gure edo Europa be bai, Europatik datozen filmak edo filmentzako lekua ez dago, ze dena betetzen da Blockbusterrakin. Nik uste hori ere badela, hemen kontsumitzen den zinemaren arrazoi bat, baina dena ere bai, telebistan ikusten dugunetik ere badator, guk telebistan zer ikusten dugun ere bai. Igual euskarazko eskaintza oso gutxi dago, fikzioari dagokionez, ez? Horrek ere nolabait gero gure kontsumo-ohituran eragina dauka. Gu txikitatik egongo bagina ohituta euskarazko fikziozko produktuak ikustera, ba seguru aski igual nagusi garenean ba ez genuke hain erraz egingo Blockbusterraren alde. Baldin badaukagu bi aukera, edo euskarazko produktu bat edo blockbuster ba igual bi aldiz pentsatuko genuke, baina ez da horrela zoritxarrez.