detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ahotsak isildu ez daitezen

Ahotsak proiektuak Eibarko Markeskua eraikinean dauka egoitza. Zaharberritutako etxeak Euskal Herri osoko ahotsak gordetzen ditu, grabatuta. Aintzane Agirrebeña proiektu honetako koordinatzailea da, eta berak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak. "Ahozko ondarea batzeko sortu zen proiektua; Ahotsak.com webgunean batzen dira jende nagusiari jasotako bizipenak". Horrela, bi eratako edukiak bildu dituzte: hizkuntza eta iraganeko bizipenak.

Lan hori osatzeko bide nagusia izan da jende nagusiari elkarrizketak egitea. Azkeneko hiru urteetan 2.000 elkarrizketa inguru egin dituzte. Elkarrizketatuen artean denetarik aurki daiteke, esaterako, Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra eta Rafael Krutxaga Jaurrietako azken euskaldun zaharra. Orain erritmoa jaitsi dute, eta aurreko urteetako elkarrizketak aztertzen eta sailkatzen ari dira.

 


 

www.ahotsak.com webgunea da, Ahotsak proiektuaren bihotza; bertan audio eta bideo grabaketa ugari daude.

 

Elkarrizketa horiek herrika sailkatu eta elkarrizketaren inguruko datuak webgunean jartzen dituzte. Elkarrizketatuaren biografiatxoa ere jartzen dute fitxan. Datu horiek elkarrizketa ulertzeko balio dute.

Beroiek eta bestek egindako elkarrizketak
Ahotsak.com-en dauden elkarrizketak bi jatorri dauzkate: batetik, proiektuko langileek egindako elkarrizketak daude; bestetik, beste pertsona eta elkarte batzuek egindako grabaketak. Agirrebeñak azaldu dizkigu azkeneko horiek. “Beste helburu batekin egin dituzte, adibidez, liburu bat idazteko. Eta gero guri eman dizkigute, kutxa batean utzi beharrean”. Proiektuko kideak horrelako grabazioak eskuratzen ahalegintzen dira, eta gero formatu digitaletara pasatzen dituzte. Azkenik, jabeari jatorrizkoa eta kopia digital bat itzultzen dizkiote.

Grabaketen lanketa izaten da bigarren urratsa. Elkarrizketa luzeak direnez gero, teknikariek grabaketa horien laburpenak egiten dituzte. Idatziz biltzen dute esandakoa, minutuz minutu. Artxibo digital bera zatitan mozten dute. Modu honetan, pasarte txikiak gelditzen dira. Zati horiek gai bakarra jorratzen dute. 

Bideoan ere bai
Pasarteen gaiak ere zehazten dira. Horrela, gaiaren araberako bilaketak egin daitezke Ahotsak.com webgunean. Elkarrizketa berrietan ez da soinua bakarrik grabatzen,
bideoan ere hasi baitira jasotzen. Agirrebeñak dioenez, tarte interesgarrienen bideoa editatu, eta publiko egiten dute. Batzuetan transkripzioa ere egiten dute. “Ez dugu kasu guztietan egiten, urteak eta urteak beharko genituzkeelako”.

Proiektuaren arduradunari galdetu diogu zertarako egiten duten hau guztia, eta koordinatzaileak erantzun digu arrazoi asko daudela. “Ahozko ondarea jasotzen dugu, gizartea asko aldatu delako azken urteetan”, esan digu. Bere ustez, transmisioa eten egin da, eta ez dakigu gure aurrekoen bizimoduaren berri. Agirrebeñak duela gutxi ikusi zuen 36ko gerra-garaian erbestera bidalitako haurren inguruko bideo bat. Orduan kontura zen transmisioa eten egin dela, “oraindik ere bizi dira gure artean, baina beraien bizipenak ez dira etxeetan jasotzen”.

Ahotsak proiektuko kideek ehunka elkarrizketa pasatu dituzte formatu digitaletara. / Mikel Goñi

Historiaz gain, beste kontu batzuk ere jasotzen dira elkarrizketetan. Kantuak, ipuinak eta abar bildu dituzte. Agirrebeñak gaineratu ditu beste batzuk: “ohitura eta lanbide zaharrak”. Eta hori guztia jasotzen dute “ondorengoei eskaintzeko eta geure iragana ezagutzeko”.

Euskaraz egiten dute aurreko guztia. Koordinatzaileak zehaztu du hau: “Hasierako helburua euskalkiak jasotzea zen. Euskararen aldetik hasi ginen, baina berehala konturatu ginen ez genuela euskara bakarrik jasotzen”.

Deba ibarretik haratago
Deba ibarreko euskalkia jasotzeko sortu zuten Ahotsak proiektua. “Hemen konplexu asko egon da beti. Esan digute gure euskara txarra dela, esaterako bentania esaten dugula, eta horrelakoak. Beraz proiektua euskalkia indartzeko sortu zen”. Hala ere, lehen izena Deba Ibarreko Ahotsak izan zen, baina berehala hasi ziren egiten elkarrizketak eskualdetik kanpo. Kanpoko hainbat grabaketa jaso zituztenez, lan-eremua zabaldu egin zuten.

Ahotsak.com-en erabiltzaileen artean denetarik dago. Ikertzaileak, irakasleak, ikasleak eta jende arrunta. Proiektuaren arduradunek jakin badakite hainbat ikastetxetan beraien grabaketak erabiltzen dituztela zenbait gai jorratzeko.

Eibarko Markeskua eraikineko ganberan prozesatzen dituzte Ahotsak proiekturako bildutako materialak / Mikel Goñi

Proiektuaren arduradunak esan du Euskal Herrian grabaketa asko egin dela. Elkarrizketa horiek ez dira ikerketa-lanen ondorioa izan. Jende askok bere kabuz eta gogoz egin ditu. Zaharren ahotsak, bizipenak eta euskalkiak jaso ditu jende horrek. Bestalde, ikerlari batzuek grabaketa asko egin dituzte. Agirrebeñak Nerea Areta aipatu du. “Aretak bere tesirako egin zituen 400 bat zinta, eta guk hemen dauzkagu”. Baina banakoek ekarritakoak nabarmendu ditu koordinatzaileak. “Badago jendea Zuberoara joan, eta hango hizkera gustukoa zuelako grabatzen zuena”.

Eibarreko Badihardugu elkarteak sortu zuen Ahotsak ekimena. Gaur egun,  beraiek kudeatzen duten arren, beste elkarteen ekarpenak ere jaso dituzte. Ahotsak proiektuak beste elkarteen esku jarri du bere plataforma.

Kontu bitxiak
Gauza bitxiak jaso dituzte urte hauetan. Esaterako, duela gutxi jaso dute Jaurrietako (Nafarroa) Rafael Krutxagaren elkarrizketa bat. Agirrebeñak esan du grabaketa garrantzitsua dela. “Krutxaga bere euskalkiaren azken hiztunetako bat izango zen”. Horrelako grabaketa asko dauzkate. Orain bilatzen ari dira Bizkaiko herri guztietako euskal hiztun zaharrak. “Duela gutxi egin ditugu elkarrizketa batzuk Bilboko euskaldun zaharrekin. Herri batzuetan ez da erraza, baina lanean ari gara”. Koordinatzaileak beste elkarrizketa batzuk ekarri ditu gogora. South Hamptonera ere (Ingalaterra) bidaia egin zuten. “Gerrako umeen kontuagatik, lankide bat bertara joan zen elkarrizketa batzuk egitera”.

Arantxa Urretabizkari egindako elkarrizketa
Ahotsak proiektutik hartutako pasartea da hau. Idoia Etxebarriak Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari elkarrizketa egin zion. Urretabizkaiak bere amak etxetik kanpo egindako lanaz hitz egin du pasarte honetan:


Transcription:[+] Transcription:[-]

Arantxa Urretabizkaia: Amak lana egiten zuen. Hori, agian, interesantea da. Gutxitan gertatzen den bezala. Ama 18 urterekin hasi zen saltzaile Donostiako Avenidan kokatutako dendan. Orain desagertu da, orain dela urte gutxi. Baina oso denda inportatea zen, Casa Nerecan deitzen zen. Eta orain horren lekuan dago Massimo Dutti, Avenidan. Eta saltzen zituzten bulegoetarako materialak, tintak, paperak, baita altzariak ere. Eta amak ez zuen sekula lana utzi. Zeren eta, gurasoak ezkondu zirenean, amak ekarri zuen berarekin ahizpa zaharrena; ezkongai zegoen bakarra, eta ezkongai hil zena. Eta hura zegoen etxean, eta etxea bere kargu zeukan, amak kanpoan lan egiten zuelako. Eta aitak ekarri zuen bere ama. Orduan soldata bakarra ez zen nahikoa jendilaje guzti hura mantentzeko, eta ez oso aurrerakoia zelako. Baina amak ez zuen sekula santan lana utzi, izan zen saltzaile lehenengo, eta kutxazaina gero jubilatu zen arte.
Idoia Etxebarria: Gerra ondoren jarri zuten lege bat, ezkondu ondoren emakumeak ezin zuela lanean jarraitu, edo behintzat enpresa bat...
Arantxa Urretabizkaia: Amak izan zituen arazoak. Jarraitu zuen lanean, baina ez dut oso ondo gogoratzen, zehatz, nola izan zen hori. Baina orduan lanean zeundenean, seme bakoitzeko puntu batzuk jasotzen zenituen, puntuak izaten ziren, ez dakit zer zen. Diru bat, baina puntuak jasotzen zituzten gizonek bakarrik. Ama ahalegindu zen, baina lankideak... gero maite zituen lankideak pila bat, baina lankideek uko egin zioten. Esaten zioten emakumeak ezin zituela puntuak kobratu. Ze.. nik 6 urte izango nituen-edo, hasi zen... ordurako hasia zen arrantzaren krisia. Enfin, barkuak gutxitzen hasi ziren eta aita lanik gabe gelditu zen. Eta orduan soldata bakarra amarena zen, eta hor ahalegindu zen puntuak kobratzen. Baina lankideek ez zioten utzi. Gero berak... niri egiten didate horrelako zerbait eta gordeko nuen, baina gure ama ez zen horrelakoa. Baina berak ez zuen sekulan lana utzi, beti beti... Aita hil eta gero jubilatu zen.

Jatorrizko gunea: http://www.ahotsak.com/donostia/pasarteak/don-142-005/

detalle2

Docuthèque

B2
06-05-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16164315
00:02:33

x61pViewCountWAR

8420

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR