detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Teknologiaren uhinek eramandakoak

Idazteko makina zaharrak, irrati-kaseteak, disketeak, ipurdidun telebistak... Gure bizitzaren parte eta historiaren lekuko bihurtu dira gailuok. Nork gogoratzen ditu? Nork erabiltzen ditu oraindik? Nostalgiko batzuk gorabehera, ia desagertu egin dira gure gizartetik.

Teknologiaren aroan bizi gara. Ezin dezakegu imajina gure eguneroko bizitza teknologiarik gabe: telefono mugikorrak, ordenagailuak, telebista digitalak, USB memoriak, musika-irakurgailuak… Zerrenda amaigabea da. Oharkabean, gailuok gure egunerokoaren parte dira eta, neurri handi batean, haien mendeko ere bihurtu gara.

Teknologiaren garapenaren lekukoak
Baina beti izan al da horrela? Gure adinekoek euren garaiko kontuak kontatzen dizkigutenean, erraz antzeman dezakegu duela hirurogeita hamar bat urte pentsaezinezkoa zela horrelako gailurik erabiltzea. Baina gaztexeagook ere bizi izan dugu geure azalean teknologiaren garapena. Arrapaladan doa, dudarik gabe, eta gaur modan dagoena, bihar zaharkituta geratuko da. Bidean tresna mekaniko ugari geratu zaizkigu, egun baliorik ez dutenak. Pasatutako garaien lekuko baino ez dira eta asko gure etxeetan dekoraziorako tresnak dira gaur egun. Jarraian gailu horien zerrendatxoa topatuko duzue. Gogoratzen al dituzu?


Argazki-kamerak. Reflex digitalek merkatua erabat hartu dute eta nostalgiko gutxi batzuek baino ez dute etxean karretedun kamera. Hori bai, zenbait profesionalek argazki-kamera horiekin egiten dute lan oraindik, kalitatea eta argazkiaren itxura desberdina dela argudiatuta.


Josteko makinak. Nork ez du gogoan gure amen eta amonen hankaren mugimendu etengabea alkandora bat josten ari zirela? Josteko makina horietako askok etxeetan armairu edo dekorazio lanak egiten dituzte. Baina aspaldi geratu ziren merkatutik kanpo.


 

Idazteko makinak. Lehendabizi idazmakina elektrikoak izan ziren, ondoren ordenagailuak eta eramangarriak, azkenik. Horiek izan ziren garai bateko idazmakina zaratatsuak desagertu izanaren errudunak. Duela ez hainbeste, idazteko makina hauetan ikasten zen -genuen- mekanografia.

 


Irrati-kaseteak eta disko-jogailuak. Musika-artxiboak nolanahi deskargatzen ditugu orain, baina orain dela gutxi arte beste euskarri batzuetan gorde behar izaten genituen: kaseteak eta biniloak gure musika ibilbidean bidelagun izan dira. Oraindik gordetzen ditugu etxean, bai eta horiek irakurtzeko gailuak ere, hautsa biltzen ari diren arren txokoren batean.


Disketeak: Aitzindariak izan ziren disketeak artxiboak gordetzeko. Espazio gutxi zuten arren, asmakizun itzela izan ziren bere garaian. USB memoriek edota CDek ordezkatu dituzte, ordea.
 

Profesionalen ahotik
Juan Luis Olanok etxe-tresnak saltzen eman du bere bizimodua; garapen hau gertutik bizi izan du, beraz. Berak adierazi duenez, “errealitatera moldatzen jakin ez duena atzera geratu da negozio honetan. Niretzat ere oso arrotzak ziren hasieran bakarrik garbitzen duten robotak, labe adimentsuak edota indukzioa gisako terminoak. Baina azkenean ohitu egiten gara eta ikasi ere egiten dugu; izan ere, saltzen jarraitu nahi badugu, ez daukagu besterik”. Nostalgikoren bat edo beste oraindik ere joaten dela erostera azaldu du, baina haiek ez dute dagoeneko horrelakorik saltzen, besteak beste, merkatuak berak ez duelako eskaririk. “Horrelako gailuak erosi nahi dituenak dekorazio-dendetara jo behar du, antigoaleko altzariak-eta saltzen dituen denda batera. Bertan topa ditzake, akaso, horrelakoak”.

Krisia zirrikitu guztietan sartu da, baita gailu hauen salmentan ere. Baina teknologiaren garapenera moldatu izan ez balitz, bizirautea ezinekoa izango zela esan digu Olanok. “Hobe da aldaketarekin sufritzea, aldatu nahi ez izateagatik sufritzea baino”.

Inkesta: Zer tresna zahar gordetzen duzu etxean?
 

Yolanda Gomez: Nik josteko makina bat daukat. Azpiko pedala kendu genion eta armairu funtzioa egiten digu. Amak bertan josten zuen eta hura hil zenean pena eman zigun botatzeak. Horregatik mantendu genuen, baina ez dugu erabiltzen.

 

Itziar Zabala: Nik eskola-garaiko disketeak badauzkat, liburu artean gordeta. Noski, orain ezingo nituzke erabili, baina gauza guztiak ondo gordetzea gustatzen zait eta, horregatik, ganbaran dauzkat gorderik. Eta, noski, kaseteak ere bai. Oraindik ere noiz edo noiz entzuten dut gazte garaiko kaseteren bat (kar, kar).

 

Antton Amenabar: Puf! Ez nuke jakingo esaten. Etxean, ziur asko, ez dut horrelako makinarik. Baina irakaslea naiz, eta lanerako irrati-kasetea erabili izan dut.


detalle2

Docuthèque

B2
04-03-2014

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16164122

x61pViewCountWAR

10008

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR