Estiloak badu neurririk?

Modaren esparruan neurri handei dagokienez oraindik lan asko egin behar bada ere, curvy modeloek badute zeresana modaren industria erraldoian.

Arropa-marka ezagunak hainbat tamainatako modeloak erabiltzen hasi dira euren kanpainetan. Erakusleihoetako irudia pixka bat aldatzen ari da eta curvy modeloek ere badute zeresana modaren industria erraldoian. Geratzeko etorri den joera izango da ala iragankorra izango dela uste duzu?

“Markak jabetu egin dira, eta moda bat ez izatea espero dut. Nire ustez, normaltasunera heldu behar dugu”, esan digu Ana Goitia kazetari lekeitiarrak. Berak neurri handiko arropei buruz elrincondeanatxu.com blogean idazten du, eta arrakasta handia lortu du orain hamar urte martxan jarri zuenetik. “Orduan ez zegoen ia blogik, eta nik neure buruarentzat idatzi nahi nuen, nire bi pasioak uztartuta: komunikazioa eta moda”, azaldu digu. Euskal Telebistaren Miramongo estudioan elkarrizketatu dugu.


Hastapenak

Anak bere bloga ireki zuenean, gainerako blogariek neurri estandarrak zituzten: “Blogean argazkiak jartzen hasi nintzenean, nire neurriak ez ziren ohikoak”, eta iruzkin gogorrak jasan behar izan zituela kontatu digu: “Ea nola ausartzen nintzen nire argazkiak igotzen, horixe esaten zidaten”. Txanponak, ordea, bazuen beste aldea, eta mezu oso politak ere jasotzen hasi zen: “Eskerrak eman dizkidate modara janzteagatik; gurasoek edo bikoteek ere idatzi didate eskerrak emateko. Batzuek euren praketako tamaina 46, 50 edo 54 izateagatik, denbora asko igaro dute etxetik atera gabe, eta oso tristea da hori”.

Konturatu gabe iritsi zitzaion arrakasta, eta erreferente bilakatu zen. Blogean idazteaz gain, Euskal Telebistako aurkezlea ere bada: “Ni aurkezle izateak zerbait esan nahi du, bagoaz apurka-apurka. Demostratu egin behar izan dugu, baina hemen nago; aurrerapauso bat da”.


Normaltasuna

Goitiari markak iragartzeko pertsona lodiagoak agertzea ongi iruditzen zaio, baina berak “normaltasuna” aldarrikatzen du: “Tamainari markek daukana baino garrantzia handiagoa ematen diote, eta hori ez zait gustatzen. Ez genuke muturrera eraman behar. Adibidez, curvy modelo askori azpiko arropatan argazki politak egiten dizkiete. Badirudi sexyak direla erakutsi behar dutela beti. Nik normaltasuna defendatzen dut”.
Tamainari erreferentziarik ez egiten saiatzen da Ana bere blogean: “Neurri txikienetik handienera, guztiak normalak izatea lortu behar dugu”.

 

Anaren ustez, gizartean oraindik lan handia dago egiteko.


Marka batzuek negozioa ikusi dute neurri handiko arropan, eta, horregatik jarri dute salgai. Euskal Herrian ere gero eta denda gehiagok eskaintzen dituzte era askotako neurriak, baina asko dago egiteko: “Dendentzat ere ez da erraza gazteentzat arropa polita topatzea. Nik Annuik marka sortu nuen eta bilduma txiki bat jarri nuen salgai. Bilduma txikia izanik, garestia da”, esan digu. Euskal Telebistako aurkezle-lanek eta eskuartean zituen beste hainbat proiektuk ez zioten markarekin jarraitzeko astirik uzten. “Diseinatzeari utzi behar izan nion astirik ez neukalako. Hala ere, saldu erraz saltzen nuen, erosleak badaude”.
Askotan, erakusleihora begiratu eta Anak badaki ez dagoela arroparik berarentzat: “Leku guztietan eduki beharko genuke guztiontzat arropa, txiki-txikienetik hasi eta handienera bitarte, emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat”.


Estiloa

Gizartean oraindik lan handia dago egiteko, pertsona lodiak ez baitaude ongi ikusita. Baina baikorra da Ana, eta apurka-apurka aurrera goazela uste du: “Eskandinavian, adibidez, pertsona altuak dira eta dendetan euren tamainako arropa ere badute. Nire ustez, etorkizuna horixe da: denda guztietan denetarik egotea”.

"Neurri txikienetik handienera, guztiak normalak izatea lortu behar dugu”, esan digu.


“Norberak bere burua onartu egin behar du, eta etekina atera: ez baita zein neurri erabiltzen dugun, baizik eta neurri hori nola erabiltzen dugun”.
Anak arrazoi du? Zure ustez, inoiz ikusiko dugu neurri guztietako arropa dendetan? Zergatik? Gizarteak normalizatuta duen gaia dela iruditzen zaizu? Zer egingo zenuke?.


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Nolako harrera izan zuen zure blogak?
Ni izan nintzen aitzindaria taila (neurri) handiko blog bat edukitzen, hau da, nire argazkiak igotzen. Eta orduan, jende askori txokatu (harritu) egiten doutsan (zion) ikustea hori, zeren esaten eban (zuen): “Zelan ahal da izan zure tailagaz (neurriarekin) zu ausartzea argazkiak atera eta hona igotzen?”. Zenbat komentario (iruzkin) horrelakoak. Oso gogorrak dira. Eta nik: zergatik ez? Ni zure moduko pertsona bat naiz, berdin xako (zaio) zein taila (neurri) daukaten, gustatu egiten zait moda eta nahi dut erakutsi munduari zelan janzten naizen. Eta holan (horrela) hasi zen dena. Eta gutxinaka-gutxinaka trafiko asko, trafiko asko, trafiko asko eta nik ez nekien zer zen ere ez, bat-batean webgune batetik edo medioetatik hasten jatzuz (zaizkizu) idazten, eta joe kriston inpresio asko dekozuz (dauzkazu) eta ia, baina nahi barik (gabe), ni hori ez nintzen joan bila. Baina egia da, oso alde ona daukana da jende askori (askorengana) heldu naizela eta jende askorentzat inspirazio izan naizela. Eta niretzako hori da inoiz lortutako gauza onenetariko bat.
2.    Orain modelo curvy-ak ikusten hasi gara… Zer iruditzen zaizu?
Mugimendu curvy hau oso ondo dago, oso ondo dago, baina ez zaidana batere gustatzen, askotan, mugimendu horretatik, titular asko ateratzen diraz (dira), eurak, bai markak edo blogak, eurek ematen dotzie (diote) daukana baino inportantzia gehiago (handiagoa) tailari (tamainari). Eta niri hori ez zait gustatzen, ez zait gustatzen. Nik beti nire blogean normaltasun bat egin dut… Gutxitan egin dut erreferentzia taila (neurri) handi bat daukatenari. Ahal dut egin erreferentzia eta ipini hamar denda taila (tamaina) handiena, evidentemente (argi eta garbi), baina beti hor egotea: “bai ze berdin da, gu lodi bagaude derecho (eskubidea)…”. Nik uste dut normaltasun bat nahi baduzu, normalidadez (normaltasunez) eraman behar duzula eta ez eman daukana baino garrantzi gehiago (handiagoa).
3.    Gizartea erritmo berean doala uste duzu?
Ez dago normaltasunik oraindik, ez dago ondo ikusita pertsona lodi bat. Orduan, ez dago normaltasunik. Dendak gero eta gehiago daude Euskal Herrian taila (neurri) handienak, baina egia da eurentzako ere ez dela erraza arropa politak topatzea edo gazteriarentzako, zeren ez dago markak (markarik), hainbeste. Nik marka bat sortu neban (nuen) orain dela urte batzuk, Annuik, eta nik egin neban (nuen) kolekzio (bilduma) bat taila (tamaina) handiena zeren ikusten dut ez dudala topatzen. Baina oso zaila da, zeren hemen nahi duzu egin, horrelako kolekzio (bilduma) txiki bat da, azkenean garesti irteten da.
4.    Inoiz izango dugu aukera edonork edonon erosteko?
Nik uste marka batzuk egingo dabela (dutela), zeren de hecho (izan ere) batzuk badauz (badaude) egiten dabenak (dutenak), baina normalean izaten dira marka nordikoak (eskandinaviarrak). Zeren han jende oso handia da eta oso ohituta dagoz (daude). Ojala (oxala) horrela bada, osea nik uste etorkizuna hor dagoela, hori gertatzean: taila txikienetik handienera egotea modelo guztiak. Hori da, eta ez aparte: “Zuretzat hemen bakarrik dago”.  Nik uste dut baietz, aurrerapausoak ematen ari gara eta hori ere helduko da. Normalizazioa heltzen den momentuan. Baina, horretarako lan asko egin behar da hemen, gizarteak lan asko egin behar du, bai? Buruan egin behar dugu klik bat eta esan “ez da pasatzen ezer”.

B1
03-10-2018
16146611
03:40
7675