Zenbat lan izan dituzu?

Gaur egun egiten diren lan-kontratu gehienak aldi baterakoak izaten dira, eta horietatik hainbat nahiko prekarioak.

Azken urteetan lanari buruz ia egunero irakurri edo entzun dugu zerbait: langabezia-tasa, lan-erreformak, emigrazioa, soldatak… Krisi ekonomikoarena da errua, edo horren errua dela esaten digute behintzat. Horrek guztiak gure lan-kontratuetan izan du eragina, eta goitik behera aldatu da egoera.
Krisi ekonomikoaren aurretik, pertsona batek lan berean igaro zezakeen bizitza osoa, erretiroa hartu arte. Ikasketak amaitu bezain laster, lana topatzen zuen eta kito. Gaur egun, berriz, oso bestelakoa da errealitatea. “Egiten diren lan-kontratu berrien artean, mugagabeak % 8 edo % 9 izaten dira; gainerakoak aldi baterakoak dira”, azaldu digu Aitor Bengoetxeak. Aitor Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta lanari buruz hitz egiteko elkartu gara berarekin.


Lan-kontratu mugagabea vs aldi baterakoa
Denbora-mugarik gabeko lan-kontratua da mugagabea: langileak zerbitzu finkoa eskaintzen dio enpresari, eta, enpresak segurtasuna eta egonkortasuna eskaintzen dizkio berari. Aldi baterako kontratuan, berriz, denbora mugatuko lan-harremana izango dute euren artean enpresak eta langileak. “Legearen arabera, aldi baterako kontratuak salbuespena dira, eta mugagabeak ‘ohiko lan-kontratuak’ izenarekin dira ezagunak. Barregarria da, ezta?”.

Krisi ekonomikoa etengabe aipatzen dugu; guztiaren errua berari egozten diogu beti. “Neurri batean, krisi ekonomikoagatik da, baina oinarrian enpresen praktikak dira: konpromiso-maila baxuagoa dute aldi baterako lan-kontratuekin, eta, epea amaitzean, teorikoki ez dute inor kaleratzen. Errazagoa da eurentzat esatea: kontratua amaitu zaizu eta agur”, kontatu digu. Dinamika hori legeak ez du aurreikusten, eta, hortaz, ez du zigortzen.

Gazteak dira lan-egoera kaskarrena pairatzen dutenak.

Batetik bestera 
Aldi baterako hainbeste kontraturekin, jendeak bat amaitu eta bestea bilatu behar izaten du. Zentzu horretan, gazteen egoera da kaskarrena, eta haiei tokatzen zaie batetik bestera ibiltzea: “Zer behar du pertsona batek lanarekin asebetetzeko? Soldata eta lanaldia dira gakoak, baita kontratu-mota ere. Hala ere, elementu emozioanalak kontuan hartu behar ditugu, oso garrantzitsua baita langilea bere lanean gustura sentitzea”.

Lehen enpresak handiagoak ziren: langile asko zituzten eta lanpostu finkoak ziren. Orain, berriz, aldatu egin da hori. “Ford autoen enpresa zen eredua, eta, testuinguru horretan, enpresak hainbat onura eskaintzen zizkien langileei: diru-laguntzak seme-alaben ikasketak ordaintzeko, soldata onak… Desberdintasun horren atzean, ‘kolektibo homogeneoa’ zegoela azpimarratuko nuke, langile asko eta asko baitzeuden teilatu beraren azpian: sindikatuak, ordezkaritzak…”. Gaur egun, ordea, langileen arteko aniztasuna gero eta handiagoa da: “Jende askok etxetik egiten du lan, eta eredua zeharo aldatu da. Ezinezkoa da lehen aipatutako lan-baldintza horiek errepikatzea”, kontatu digu.

Soldata eta lanaldiaz gain, alde emozioanalari erreparatu behar zaiola esan digu Aitorrek.

Etorkizuna
Etorkizunean zer gertatuko den aurreikustea oso zaila da, eta horixe esan digu Aitorrek ere: “Iraultza digitalaren zurrunbiloan gaude, eta horren ondorioak zein izango diren jakitea oso zaila da. Langile mugimenduaren historian lortutako aldaketak gertatzeko, langileek elkartu eta presio egin izan dute beti. Esan bezala, une honetan egoera kontrakoa da, presio-gaitasun txikia du langileen mugimenduak eta lan-baldintzak txarrak dira”. Hala ere, langileen esku dagoela esan digu EHUko irakasleak, eta aldaketarako baldintzak berriro ere sor daitezkeela uste du.

Eta zure ustez, zein izango da etorkizuna? Zenbat lan izan dituzu? Aldi baterako lan-kontratuak egin dizkizute? Errua krisi ekonomikoarena bakarrik dela uste duzu?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Lan-kontratu mugagabeak gero eta gutxiago egiten dira, zergatik?
Kontratu mugagabeak orain oso gutxi dira, gazteei gehienbat tokatzen zaie kontratu finkoak oso-oso gutxi izatea. Lege aldetik ez dugu aurkituko esplikazioa (azalpena), zeren lege aldetik berez, aldi baterako kontratuak salbuespenekoak dira, eta kontratu mugagabeak izan beharko lirateke ohikoak.
Guk adibidez esaten dugu, badakit gaia serioa dela, baina pixka bat barregarria da zera, kontratu finkoak, oraindik ere bere izen formala dauka ohiko kontratua. Orduan, ea nola esplika (azal) daitekeen ohikoa izatea hilabetero estatistikek esaten digutenaren arabera, ohiko hori da % 8, % 9. Hau da, hilabetero egiten diren kontratu berrien artean, mugagabeak, finkoak izaten dira % 8, % 9… Eta % 90etik  gora dira aldi baterakoak.

2.    Zenbat lan eduki ditzakegu gure bizitzan?
Ez dut ezagutzen datua, baina argi dago: gero eta gehiago, ez? Gero eta lan gehiagotan ari da jendea tartekatuta langabezi tarte batzuk ere, eta, bai, oso nabarmena da. Denbora guztia, bizitza osoa lan berean egitea, gaur egun, ia ia anekdotikoa da eta lehen oso zabala zen. Hor ere, hor bai dago hor, zera,  eredu ekonomikoaren aldaketa, ezta? Ez da hainbeste lehen bezala, lan finko bat eta lan mekanikoa; orain, batez ere digitalizazioarekin eta inolako esajeraziorik gabe (gehiegikeriarik gabe), iraultza digitala deitzen den honekin, baita ere beharrak askoz ere aldakorragoak dira.

3.    Krisi ekonomikoaren errua da guztia, zure ustez?
Nik esango nuke krisi ekonomikoa neurri batean bakarrik. Azken finean, enpresen praktikak dira. Azken finean, argi dago enpresa batentzat askoz ere konpromiso-maila baxuagoa da egitea aldi baterako kontratu bat. Zeren, gainera, aldi baterako kontratu bat bukatzen denean, aurreikusitako epea bukatzen denean, hor gertatzen dena teknikoki ez da kaleratze bat ere. Esan nahi dut, enpresarentzat oso erraza da: bukatu zaizu, agur, nik ez zaitut kaleratu, kontratua bukatu egin zaizu. Aldiz, kontratu mugagabe batean, kontratu hori apurtzeko behar da arrazoi bat, ezta? Lehen esaten nuena, hori da daukagun dinamika, legeak ez du hori aurreikusten duena, baina da gertatzen dena, ez da zigortzen, eta, horrela gaude: egon beharko liratekeen baino askoz ere aldi baterako kontratu gehiagorekin. Batez ere, jende gaztearen kasuan.

 

B2 B1
12-07-2018
  • Malutafilms
16145292
03:20
3238