Aldizkari Digitala
Esther Ferrerren instalazioak Guggenheim museoan
Artista donostiar honen erakusketa ekainaren 10era arte egongo da ikusgai.
“Instalazio hauetan publikoa
ez da ikusle hutsa; hala nahi badu,
ekintzetan parte har dezake”
Esther Ferrer
Esther Ferrer Donostian jaio zen, 1937. urtean. 57 urte daramatza Parisen bizitzen. Bizitza osoan artegintzaren munduan buru-belarri sartua egon da. Joan zen urtean, Madrileko Reina Sofia museoan eta Velazquez jauregian, bere performance eta instalazioen aurkezpen zabal bat egin zuen. 2008an, Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zioten eta Veneciako Bienalean Espaniaren ordezkaria izan zen. 2012. urtean Eusko Jaurlaritzak Gure Artea saria eman zion. Orain bederatzi instalazio jarri dizkigu ikusgai Guggenheim museoan.
Aulkiak zintzilik saila, 1980ko hamarkada.
Esther Ferrer, 1967tik 1996ra arte, Zaj taldearen aitzindaria izan zen, eta Marchetti, Ramon Barce eta Juan Hidalgorekin performance eta ikuskizun ugari eman zituen han eta hemen. Fluxus mugimenduarekin eta John Cage artista estatu batuarrarekin ere elkarlanean jardun zuen. Talde horiek ez zeuden ados hogeigarren mendearen bukaeran Europan eta Estatu Batuetan egiten ari zen artegintzarekin, eta estetika burges hura alde batera utzi eta kulturaren bideak jorratzen hasi ziren.
"Elkarri lotutako guneak" du izenburua Esther Ferrerrek Guggenheim museoan ipini duen "performance" eta "instalazioen" erakusketak. Oraindik inon aurkeztu gabeko ekintzak dira, Esther Ferrerek museoko aretoetan jarri dituenak: hariekin asmatutako irudiak, munduko barreak, aulkien antolaketak, soinuak, kableak, marra zuzenak eta objektu ezberdinak. Instalazio horien balioa ez da erreala, sinbolikoa eta metaforikoa baizik. Esther Ferrerrek ekintza horiekin proposatzen digu interkomunikazioa eta jarrera aktiboa izaten saiatzea.
Proiektu espazialak saila, 1977
Berak munduan zehar egindako erakusketetan gai bereziak eta ludikoak landu izan ditu. Horien izenburuak irakurri besterik ez dago horretaz konturatzeko: "Números primos", "Juguetes educativos", "Autorretratuak" ...
Esther Ferrerren ustetan erakusketa hau ez da atzera begirakoa, bere interesen, bere beharren eta bere bizitzaren harira egindako adierazpenen une berri baten isla baizik.
Erakusketa honen komisarioa Petra Joos da, eta ekainaren 10era arte egongo da ikusgai Guggenheim museoan.
Juanjo Dorronsoro
