Aldizkari Digitala
Henri Michaux: "Beste Aldea" Guggenheim-en
Erakusketa hau azken hirurogei urteetan artista belgikarrak egindako lanaren emaitza da.
“Nire lanak poesia osatugabeak
dira beti: trazuaren
eta keinuaren dantza"
H. Michaux
Henri Michaux poetagile eta margolaria izan zen. Henri Michaux Belgikan jaio zen 1899. urtean eta Parisen hil zen 1984an. Bere lehen artelanetan, eragin handia izan zuten Paul Klee eta Max Ernst margolariek. Henri Michaux poetak esperimentazio lan hau bi artista horiei esker burutu zuen, horiek bultzatu zuten arte figuratiboaren ordez abstrakzioa lantzea. Ehunka margolan gauzatu zituen paperean. Musika eta etnografia ere gogokoak izan zituen. Berrehun eta hogeita hamar artelan eta objektu daude ikusgai Guggenheim museoan. Erakusketa hau azken hirurogei urteetan artista belgikarrak egindako lanaren emaitza da.
|
H. Michauxrek ehunka marrazki eta margolan egin zituen, asko eta asko, nahiko ulergaitzak. Octavio Paz mexikar poetak zioen belgikar idazle-margolariaren mantxek harridura eragitea zutela helburu. Bere artelan gehienak, grafismoak, zeinuak, txinatar tintaz egindako ideogramak dira. Paperean edo oihalean egindako bere irudiek zeharkako galdeketa eskatzen dute eta, egun ere, hizkuntza hori konprenitzea ez da erraza izaten. Margotzeko edo marrazteko bere jarduerari Michauxrek "fantasmismoa" deitzen zion.
Henri Michauxrek teknika ezberdinak erabili zituen bere zeinu eta irudiak jorratzeko: akuarela, olio-pintura, tenpera, tinta beltza, igurtzimendua, marruskadura, pintura akrilikoa eta mota askotako paperak.
Erakusketa honen komisarioa Manuel Cirauqui da, eta Parisko Michaux Artxibategiaren laguntzarekin antolatu da Bilbon.
Henri Micheauxren erakusketa maiatzaren hogeita zortzira arte egongo da Bilboko Guggenheim museoan.
Juanjo Dorronsoro
