detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Zer izen duzu gustuko?

Askotan jendeari ez zaio gustatzen bere izena. Zuri bai? Orain, zure izena aldatu behar bazenu, zein jarriko zenuke.

Gure semeari edo alabari euskal izen bat jarri nahi badiogu, zer egingo dugu? Gehienek Euskaltzaindiara jotzen dute. Bertan, urtero emakumezkoen eta gizonezkoen izendegia argitaratzen dute eta arautegi bat ere finkatzen dute: izenak nola idatzi, zein den esanahia…

Garaiak aldatu egin dira. Lehen, Jose eta Maria  erabiltzen ziren, bigarren izen batez jarraituta: emakumeen kasuan, Maria Luisa, Maria Jesus, Maria Dolores… eta  gizonezkoen kasuan, berriz, Jose Luis, Jose Andres, Jose Migel… Izen horiek jada ez dira ia erabiltzen. Gaur egun, izen bakarra jartzen da, normalean. Euskal Herrian, nesken artean, erabilienak Ane, June, Nahia, Irati eta Uxue dira. Mutilen artean, berriz, Markel, Jon, Iker, Ibai edo Aimar. 

Eta zuri? Zer izen gustatzen zaizu? Beste bat aukeratu ahal bazenu, zein izatea nahiko zenuke? Hori eta beste hainbat galdera egin dizkiegu EHUko hainbat ikasleri Donostiako kanpusean. Beraiek Itsaso Arrikarte (Anoeta, 20 urte), Mikel Barkero (Arrasate, 22 urte), Amaia Torrecillas (Hernani, 20 urte) eta Jon Altuna (Añorga, 18 urte) dira.

Mikel, Itsaso, Amaia eta Jon.

GUSTUKO DUGU GURE IZENA?
Txikitatik, egunerokoan, guretzat aukeratu zuten izen hori erabiliko dute gu identifikatzeko. Izena garrantzitsua izango da, gure parte, geurea. Baina gustuko dugu? Inoiz pentsatu dugu horretan? “Niri Itsaso gustatzen zait, esanahiagatik”, erantzun digu anoetarrak. Mikeli, berriz, ez zaio bere izena gustatzen, oso ohikoa delako: “Mikel oihu egin eta jende askok begiratuko du”. Amaiak berea atsegin du eta, Jonek ez du inoiz horretan pentsatu, “txikitatik onartu dut nire izena”.

Izena aldatzeko aukeraren aurrean, Jonek berearekin konforme dagoela esan digu. Mikelek ez du gauza bera pentsatzen: “Nik ez dut inoiz horretan pentsatu, baina berezia izatea nahiko nuke. Ez Mikel edo Julen”. Amaiak argi du: “Nora izena asko gustatzen zait” eta Itsasok, aldiz, Juego de tronos telesail famatuan aurkitu du erantzuna: “Nik Arya, oso ausarta delako”.

Telesailetako izenak jende askok jartzen dizkie euren seme-alabei. Momentu honetan, Arya edo Daenerys Juego de tronos telesailetik ateratako izenak erabiltzen dira, baina ez da oraingo kontua. Moda hau lehenagokoa da. Izan ere, Heidi; Xena; edo Bart, Lisa eta Maggie The Simpsons marrazki bizidunetako pertsonaienak ere erregistratu izan dituzte. “Telebistak baldintzatzen gaitu, telesail asko ikusten ditugulako”, adierazi digu Itsasok.

ALDAKETAK
Garai batean, euskaldunok hainbat ohitura genituen. Familia batzuetan, aitonaren izen bera jartzen zitzaion aitari eta aitak berriz ere semeari. Horrela, izen eta abizen bereko gizonen belaunaldiak osatzen ziren.

Horrez gain, jaiotzen ziren eguneko santua zein zen begiratzen zuten; batzuetan hori bakarrik jartzen ziguten eta, beste batzuetan, santuarena bigarren edo hirugarren izena izaten zen. “Nik uste dut ohitura hori galdu egingo dela”, esan digu Mikelek. Eta horrela da, orain gero eta jende gutxiagok egiten baitu hori: “Lehen ohikoa zen, baina aldatu egin dira garaiak”, adierazi digu Amaiak.

Pertsonen izenak asko aldatu dira historian zehar, hamarkadaz hamarkada, belaunaldiz belaunaldi. Orain, guraso askok euren seme-alabei izen berezi bat jarri nahi diete; ia inork ez daukan izen bat nahi dute. “Bakoitzak erabaki behar du, askok izena desberdina izatea nahi dute”, kontatu digu Amaiak. “Betiko izenekin apurtu nahi dute eta, horretarako, aukera zabalagoa dago orain”, azaldu digu Mikelek.

Aukera gehiago egon edo ez, zure izena aldatu ahal bazenu, zein izatea nahiko zenuke? Zergatik?  Zure izena gustatzen zaizu?


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zein da zure izena? Gustatzen zaizu?
ITSASO: Nire izena Itsaso da eta bai, gustatzen zait. Daukan esanahiagatik.
MIKEL: Nire izena Mikel da eta ba nire izena gustau gustau, ez jata (zait) gustetan (gustatzen), ze (zeren) azkenean da super komuna. Osea, hemen, Euskal Herri batean, oihu egiten duzu Mikel eta denok egiten dabe (dute) buelta erdi.
AMAIA: Nire izena Amaia da eta niri behintzat gustatzen zait, motza delako.
JON: Nire izena Jon da eta sekula ez naiz pentsatzen hasi nire izena a ver (ea) gustatzen zaidan edo ez… Nik uste dut, ez dakit, nire izena onartu nuen txikitatik eta hor daukat…

2.    Gorroto duzun izen bat…
ITSASO: Aintzane… Delako oso izen gazia bezala eta ez dakit, nola entzuten den ez zait batere gustatzen.
MIKEL: Gorroto doten (dudan) bat… Ez jata etorten (ez zait etortzen)… Igual, neukan lagun bat , horrekin ez dot (dut)… Orduan ere bai izenekin harremantzen dut pertsona, igual pertsonak ez dotzu (dizu) egiten grazia askorik…Orduan izenen bat horrela tatxatzen dudana…
AMAIA: Izen luzeak. Izen luzeak asko ez zaizkit gustatzen, egia esan. Ba ez dakit oraintxe bertan, ba Elixabet edo luzeak direnak ez zaizkit horrela…
JON: Resurrección Divina. Izena hori aditu nuen eta… Beti esaten dut: “Ostia, izen hori ez dut eduki nahi, nik seme bati ez diot izen hori jarriko…”

3.    Izena aldatu ahal bazenu…
ITSASO: Aldatzea izango banu… Arya, Juego de tronosekoa. Zeba (zeren) daukat sentimendua oso ausarta dela eta izenagatik da.
MIKEL: Ez dakit zer izen. Horrela izen bat ez dot (dut) pentsatu sekula baina bat izatea berezia edo, ez? Ez izatea hain komuna eta Mikel, Julen eta horrek apur bat kentzea eta zer edo zer…
AMAIA: Bada ez dakit… Niri gustatzen zaizkidan, horrela, gehiena gustatzen zaidan izena Nora, Nora asko gustatzen zait eta… Baina bueno, horrela, ez dakit.
JON: Ba ez dakit, oraintxe bertan ez dakit. Uste dut konforme nagoela. Ez dut pentsatzen beste izen bat nahi dudala edo ez dakit…

detalle2

Docuthèque

B2
22-09-2017

x61pRelaContWAR

16139284
00:02:27

x61pViewCountWAR

6874

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR