Isadora Duncan, dantzari eta emakume harrigarria

Isadora Duncan Kalifornian jaio zen, 1877ko maiatzaren 26an edo 27an, ez dago batere garbi, eta Frantzian hil zen, 1927ko irailaren 14an. Dantzari iraultzailea izan zela zalantzarik ez dago.

Entzun nahi baduzu, hemen daukazu Euskadi Irratian kontatutako  biografia.

Dantza klasikoarekin eten, antzoki onenetan dantzatu, txiroentzat dantza-eskolak sortu eta irakasle aritu zen. 1927an, bere seme-alabak bezala, auto-istripu batean hil zen.

 

Gurasoak bananduta, ama musika-irakasle hasi zen. Pianoa jotzen zuen eta seme-alabak ondoan musika entzuten, dantza egiten, Shakespeare errezitatzen, Greziari buruzko liburuak irakurtzen… aritzen ziren. Beraz, ez da harritzekoa Isadorak 10 urterekin bere auzoko haurrei dantza-eskolak ematea.


Gaztetako ballet eskolan gutxi ikasi zuen, gutxi iraun: hanka-puntetan dantzatzea naturaren aurkakoa zela esaten zuen, dantza klasikoko mugimenduak oso zurrunak zirela, gerora Barn Theatre eskolan ikasi zituen koreografien aldean.


Bera dantzari modernoa sentitzen zen. Londresa jo zuen  modernotasun hori eskaintzera, ia sendi osoarekin. Dantza erakargarri egiten zuen: hanka-besoak biluztu, olatuak imitatu, jantzi gardenak erabili, Chopin, Mozart edo Beethovenen musika lagun zuela. Eta ikusle guztientzat  egin nahi zuen dantza, ez soilik Londres eta Parisko aberatsentzat.

 

 

 

Isadora hiltzear

Txalo-zaparradekin ohitzen hasi zen. Berlindik deitu zioten lanerako, baina gau batean neska batek hil egin nahi izan zuen. Amak, albistearen jakitun, lana lortu zion Isadorari Budapesten; han ere txalo asko jaso, maitemindu, baina erietxe batean hilabete eman zuen maitasun-depresioak jota. Greziak sendatuko zuela uste zuen.
Atenasa itsasontziz heldu zen. Ulises pertsonaiak Odisean egindako ia bidaia bera egin zuen Isadorak, hark jandakoa jan… Atenasko lur-zati bat erosi eta Duncan sendia bizitzeko tenplu bat eraikitzen hasi zen. Baina Isadorak ez zuen hainbeste diru irabazten Grezian, ezta Vienan edo Errusian ere. Horregatik, Errusia utzita, haurrentzako dantza-eskola sortu zuen Berlinen.

 

Isadora eta bere ikasleak, Alemanian

 

Haurdun eta dantzan

Gordon Graig antzerkilaria ezagutu zuen Berlinen. Antzeko ideiak zituzten artegintzaz. Biak alaba baten guraso bihurtu ziren, ezkondu gabe. Isadorak maite zuen Gordon, eta honek Isadora… eta beste emakume mordo bat. Isadorak ere maitalea zuen. Gorabehera askoren ondoren, munduko dantzaririk aberatsenetakoa bihurtu zen, baina dantza-eskolak eta Gordon bikotekideak diru asko eskatzen zioten. Eta Isadorak eman: ez zuen sekula dirurik aurrezten ikasi. Diru-beharrean zela, enpresari handi baten semea ezagutu zuen: Singer. Bera arduratu zen Isadoraren dantza-eskola diruz hornitzen. Maitemindu eta haurdun geratu zen dantzaria. Haurdun egin zituen dantzaldi asko.


Haurra izan eta gero, AEBetan lanean hasi zen eta berriz ere une gazi-gozoak izan zituen: ospea, maitaleak… Baina AEBetako kazetarientzat Isadora komunista zen, artea herri xehearentzat doan izan behar zuela zioelako. Bitartean, Singerrek etxe erraldoi  bat erosi zuen Parisen. Paris liluratuta zegoen dantzariarekin. Baina honek etxean orgiak antolatzen zituen; horietako batean Singerrek Isadora ohean harrapatu zuen beste gizon batekin. Etxeak putetxea ematen zuela esan zion dantzariari. 35 urte zituen Isadorak.

 


Erotzen edo hasi zen Isadora, etxean mehatxuzko itzalak imajinatzen, gehiegi erretzen… Ezer onik ez dantzarako! Gauzak horrela, okerrena gertatu zen; auto bat Sena ibaira erori eta barruan zihoazen bere bi haurrak ito zitzaizkion.


Ama lur jota, nebarekin Londresa joan zen bizitzera. Balkanetako gerratik ihesi, emakume errefuxiatuek egindako mantak saltzen hasi ziren duncantarrak, eta lortutako diruaz greziar etorkinei laguntzen. Bizi-poza zuen berriz, baina bere haurren heriotzaren errudun sentitzen zen. Oso lodi zegoen. Italiara joan zen bake bila.


Egun batez, hango hondartza batean, umeak gogoan, negarrez hasi zen Isadora. Mutil gazte bat hurbildu zitzaion zergatia galdezka: “Salbatu nire bizia. Emadazu haur bat”, erregutu omen zion azkenean mutilari: haurdun geratu zen Isadora, haurdun itzuli Parisa, eta Singerrek proposatutako dantza-eskola bat abian jarri zuen.


Baina Lehen  Mundu Gerra heldu zen. Espero zuen haurra jaio baina ordu gutxira hil egin zen. Eta Isadoraren Parisko dantza-eskola ospitale militar bihurtu zen.
Singerrekin batera Europan eta Amerikan ibili zen gerratik ihesi, lanean eta dantza-eskoletako umeak salbatu nahirik. Hala Argentinara heldu eta tangoa ikasi zuen. Hego Amerikan eta Kuban oso famatu egin zen bere dantzatzeko eta bizitzeko modua.

 

 

 

Isadora ezkonduta

Gerra amaituta, Errusian dantza-eskola sortu zuen eta ezkondu egin zen bertako poeta gazte batekin. Zergatik ezkondu? Isadorak Sergei senarra Errusiatik atera nahi zuen, Sergeiren lagun-giro txarretik atera. Baina AEBetan, Europan, Errusian, oso harreman zaila izan zuten: biak asko mozkortzen ziren, elkar jotzen zuten maiz… Senarrak maitale asko zituen, Isadora ere ez zen atzean geratzen, baina Sergei jeloskorra zen, oldarkorra, eta suizidatu egin zen 1925ean.

  

 Isadora eta bere senarra, Sergei Everett

 

1927an Isadorak bere biografia idatzi zuen. Lortutako diruarekin Nizara joan zen; han auto-saltzaile gazte batekin maitemindu zen. Biak auto bat probatzera atera ziren, deskapotable bat. Iraila zen. Isadorak xal gorri luze bat zeraman, oso zabala. Haizeak xala autoaren atzeko gurpilean trabatu eta oihalak atzeraka tiratu zuen dantzariaren lepoa. Isadora itota hil zen.

 


B2
13-09-2016
16138760
5272