irakurgai-mailakatuak-fitxa
Zoriona, edo antzeko zerbait
Mediterraneora etorri da emakume alargundu berria. Doluaren zamak atzean utzi nahi lituzke, itsaso bareago honetako ur urdinetan jostatu. Bizitzari berriz egin irribarre, bizitza berri bati esan ongi etorri. Bidaia fisiko eta psikologiko bat dakarkigu eleberri labur eta hunkigarri honek, betiko gai giltzarrietan pausalekuak eginez: maitasuna, heriotza, seme-alabak... mundu honetako gure igarotzeari zentzua ematen diotenak. Zubikarai saria 2023
EGILEA: Karmele Mitxelena
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Liburuaren aurkezpen-bideoa ikusteko, hemen klikatu.
Hona pasarte bat (7. or.):
Zu ez zintuen itsaso honek hil. Beste itsaso bat izan zen, harroagoa, zakarragoa, zikinagoa, itsasoa bakarra bada ere.
Barazki salda prestatzen gelditu nintzen ni, neguan bi egunetik behin gutxienez afaltzen genuen zopa. Euriak ez zuen gelditzeko asmorik, eta aterkia hartuta irten zinen. Soinean Ternua berdea kremailera kokotseraino igota, mendiko galtza grisak eta Salomon beltzak. Ez dut gogoan etxetik irten aurretik begiratu ote nizun, baina huraxe izaten zen paseorako erabiltzen zenuen uniformea.
Sendagileak aholkatu zizunetik egunero egiten zenuen ordubeteko buelta hori, ordubete eta bost minutu afaltzeko ogia erosi behar bazen. Itsasargiaren bideko hesi berdea ukitu eta etxerra. Bi aste ziren sendagileak alta eman zizula, eta errutina guztiak zintzo betetzen jarraitzen zenuen. Horregatik banekien zerbait gertatu zitzaizula hamar minutu berandutu zinenean; eta gero beste hamar; eta beste hamar; eta ni buruari eta zopari bueltak eta bueltak eta bueltak ematen.
