Txokolat
Baionan, Aturri ibaiaren eskuinaldean, Santizpiritu auzoan bizi ziren juduen aurkako nazien jazarpenaren garaian abiatzen da istorio hau, 1944 urtean. Sara du protagonistatzat, hamalau urteko judu baionarra, familia txokolategile bateko alaba. Hirugarren Reicheko soldaduek gurasoak preso eraman ondoren, ihes egin beharko du bizirik jarraitu nahi badu. Maddik jasoko du bidean, jaioterrira eraman eta mendiako borda batean ezkutatzeko
EGILEA: Gaizka Arostegi
ARGITALETXEA: elkar
ARGITALPEN-URTEA: 2024
Hona pasarte bat (5. or.):
Afaltzen ari zirela entzun zuten ate-hotsa. Zeruko izarrek sabbata heldua zela zioten; etxekoak mahaiaren inguruan bilduta, otordurako prest zeuden. Gerra garaia zen baina oztopo guztien gainetik ospatzen zuten astero egun berezia Sarak eta bere gurasoek.
Sararen aita Samuelek kandelak itzali zituen korrika eta presaka. Keinu bat egin zuen emaztea eta alaba geldirik egon zitezen, eta leihora hurbildu zen kontu handiz. Ikusitakoak aurpegia goitik behera eraldatu zion: kalean, espaloian paraturik, zenbait automobil handi eta beltz zeuden, motorrak martxan.
- Gestapoko zakurrak dira -esan zuen hortz artean.
Judit andrea isil-isilik geratu zen. Aspaldi barneratua zeukaten gertakaria: naziak ate-joka zeuzkaten. Baionako juduen txanda iritsia zen azkenean.