Dikeak
Ada bere herrira itzuli da Londresen hiru urte eman ondoren. Han du zain aurreko mundua: familia, lagunak, maitasun zahar bat ... Baita herria bera ere. Atzean utzi nahi izan zuen unibertso txiki hori berreskuratu nahian, horien guztien inguruko kontakizunak asmatzen hasiko da
EGILEA: Irene Solá
ITZULTZAILEA: Joxan Elosegi
ARGITALETXEA: Alberdania
ARGITALPEN URTEA: 2022
Liburuaren aurkezpen-prentsaurrekoa hemen daukazu ikusgai.
Hona hemen pasarte bat (14. or)
LEPAZURIA
Iratzarri egin zen Lluis, arrunt garatua baitzen harengan etxearen eta bere gauzen gaineko babes eta erantzukizun zentzua. Ilunpetan jaiki zen eta adi gelditu. Argia zen, gutxi-asko, soinua. Begiak goititu eta galdetu egin zuen Victòriak:
- Zer da?
Teila bat altxatu zuen norbaitek teilatuan eztiki.
- Ez dakit.
Airean eduki zuten segundo batzuetan eta kontuz utzi ondoren. Urrats zuhur batzuk entzun ziren gero eta beste teila bat altxatu zuten.
Behin eta berriro hartu zituen orduan Lluisek etxearen itxura eta egitura gogoan. Lorategia, balkoia, atzealdeko mendia, baratzeko lanabesen aldategia, haritzak. Ganbaratik baizik ez zitekeen teilatura igo. Edredoiaren barrenean soinurik atera gabe mugitu eta beragana hurbildu zen Victòria.
- Zer ote da?- galdetu zuen.
- Xxxt- egin zuen Lluísek.
Baina ez zuen besterik erantzun.
Bigarren gauean, luzaroago iraun zuen soinuak. Victòria esnatu zeneko, sabaira begira zegoen Lluís. Kaka zaharra esan eta berehala eseri zen ohearen ertzean. Txapinak jantzi zituen. Behean sumatu zuen Luís, sarrerako armairuan miaka.