Ur biren artean
Lehen Mundu Gerran girotutako hamabi ipuin ekarri dizkigu Patxi Iturregik, horietako hiru itsaso zabalean kokatuak eta beste bederatziak Bilbo edo Bilboko itsasadarrean. Ipuinotan garai hartako Bilboko bizimodua eta jendearen erretratua osatu digu idazleak.
Egilea: Patxi Iturregi
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen-urtea: 2019
Ipuinetan, sarri, pertsonaiek talka egiten dute; izan ere, garai hartako Bilbon jendea oso aberatsa zen, edo oso txiroa. Eta, nahiz eta Lehen Mundu Gerran Espainia neutrala izan zen, Bilboko handiki-jendea eta herri xehea ez zetozen bat gerrari zegokionez. Bilbo toki estrategikoan zegoen kokatua; eta hor azalduko dira kontrabandoa, makurkeriak, langabetuen estutasunak, alde bateko zein besteko espioiak… Ez dira istorio gozoak.
Hona pasarte bat, Ur irazekiak ipuinetik hartua:
Bazkalostean, edan zuten ardoak berotuta, alemanek kamarote guztiak korritu zituzten zer kausi, baita hainbat gauza zakuratu ere. Esaterako, lehenengo ofizialari gramofonoa ostu zioten, makina-buruari larruzko jakarik hoberena, eta zuri, berriz, idazmakina tolesgarri polit hura, zure lehen pilotu-soldatarekin Savannahko denda txiki batean erosi zenuena.
(91. or.)