irakurgai-mailakatuak-fitxa
Asylum
Komiki honen izenburuak asiloa esan nahi du latinez. Asiloa eskatzen duten hainbat pertsonari buruzko liburua da. Komikia zaharren egoitza batean hasten da. Maialen hara doa Marina amatxirekin hitz egitera.
Amatxik ondotxo daki asilo-eskubidea zer den. Izan ere, frankistek Otxandio bonbardatu zutenean bertatik ihes egin behar izan zuen Marinak, aurrena Bartzelonara, gero Frantziara eta azkenean Venezuelara. Amonaren gertakariekin Sanza, Aina, Christopher eta Imeldaren bizimoduak tartekatzen dira. Marinaren kontaketa Isusiren lagun baten amamaren bizitzan oinarrituta dago. Eta beste pertsonaien bizimoduen berri CEA(R) elkarteko, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko, Euskadiko kideek eman diote Javier de Isusiri. Marina bezalaxe, gerrak bihurtuko du Sanza iheslari. Ainak ihes egingo du ezkontzera behartu nahi dutelako, eta Christopherrek, berriz. ez delako erraza homosexuala izatea hainbat tokitan, Ugandan kasu. Imelda mexikarrak ere erbestea ezagutuko du, ez duelako, herrikide askoren antzera, desagertu nahi.
Komikiaren bukaeran sei testu daude. Bat asiloaz, Roberto Jara iheslari txiletarrarena eta beste bost testuak CEA(R) elkarteak sortuak.
Ez da liburu gozoa, nahiz eta samurtasun eta umore-uneak ere badituen.
Egilea: Javier de Isusi
Itzultzaileak: Bego Montorio / Bakun Itzulpen eta Argitalpen Zerbitzuak S.L.
Argitaletxea: CEA(R)-Euskadi
Argitalpen-urtea: 2015
Hona Marinaren kontaketaren hasiera:
1921ean jaio nintzen ni, beraz, hamabost urte bete nituen… Francoren Estatu kolpearen egun berean.
Jaietan buru-belarri murgildurik geundenez, ez genion kasu handirik egin egunkarietan kontatzen zutenari; alegia, Gasteizen eta Iruñean kolpe militarra gailendu zela.
(15-16. or.)
