irakurgai-mailakatuak-fitxa
Txarapekoak
Zure inguruan norbait erretiratu dela? Agian bertso bat egingo diozue despedida-bazkarirako. Berdin norbait hiltzen denean, edo jaiotzean, edo urteak betetzen baditu, edo euskararen alde lan egindako norbait omendu behar bada, maiz bertsoen bidez gogoratzen dira pertsona eta egun berezi horiek.
Eta ez bazara bertsoa idazteko gauza, dakien norbaiti eskatuko diozu. Eta Antton Kazabonek badakienez bertsoak idazten, askotan eskatu dizkiote enkarguz. Eta eskatutako horietako batzuk liburu honetan daude. Badira bertso-txapelketetara bidalitako bertsoak ere, trikiti-doinurako egindakoak, edo Euskadi Irratiari eskainiak, edo Nafarroari, edo bere buruari jarriak, edo Olentzerori…
Liburuaren bukaeran, ordea, bertsoak ez, prosa dago, Xabier Leteri eskainitako atala, eta hurrengo atalean, hiru ipuin, hiru ipuin oso aise irakurtzen direnak. Lehena beti lanean dabilen aita bati buruzkoa. Beste aita bat ageri da bigarrenean ere: semea futbolari izatera behartu nahi du. Hirugarren ipuinean neska batek 3 senargai ditu aldi berean.
Egilea: Antton Kazabon
Argitaletxea: Antton Kazabon
Argitalpen-urtea: 2016
Hona bertso bat, deskribapenezkoa:
Ispiluaren aurrean nago,
eta egia esan beharra dago;
tamainaz ez naiz gizon handia,
laurogei bat kilo ia-ia.
Kezkatu ohi nau;
metro bat hirurogeita hamalau,
gizon batentzat taila al da hau?
(Ispiluaren aurrean nago, 88. or)
