irakurgai-mailakatuak-fitxa
Umezurtzen aberria
Julen Kaltzada idazle, ekintzaile eta apaiz euskaltzalea gerra zibilak utzi zuen umezurtzetako bat izan zen. Izan ere, frankistek fusilatu baitzioten aita Derion. Baina gerra zibilak askorengan ondorio latzak izan zituenez, esan daiteke liburu hau ez dela norbanako baten kronika, baizik eta herri batena.
Egilea:Julen Kaltzada
Argitaletxea: Txalaparta
Argitalpen-urtea: 2017
Euskal Herria umezurtzen aberria da. Gerra garaian edo ostean jaiotako euskal herritar askok ez zuten aita edo ama ezagutu, Francoren aldekoek gure herriko hilerrietako hormen aurrean edota bide bazterretan milaka eta milaka herritar hil baitzituzten. Burgoseko prozesua, Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkariak, Zamorako espetxe-aldia, Carreroren hilketa, AEK, Francoren heriotza, Egin egunkaria… Elementu horiek eta beste batzuen berri ematen digu idazleak, baina bizipen pertsonalagoak alde batera utzi gabe.
Oharra: Julen Kaltzada Ugalde 2017ko azaroaren 13an hil zen 82 urte zituela. Hemen irakurgai berari nahiz bere azken lan honi buruzko hainbat xehetasun.
Hona pasarte bat:
Korrika Euskal Herria hasteko zen bezpera gauean, elurrak Euskal Herri osoa zuri-zuri jarri zigun, eta senperrenak eta bi egin behar izan genituen Oñatira heltzeko. Antolatzaileak heldu ziren. Mezuaren ardura zuen Jose Maria Satrustegi euskaltzaina ere bai; baina Donostiara dotoretzera eramanik zeukan mezua ez zen heldu, eta mezua lekukoan sartu gabe eman zitzaion hasiera Korrika Euskal Herriari. Satrustegi mezua Urdiainen, bera apaiz zegoen herrian, sartzeko geratu zen.
(171 or.)
