irakurgai-mailakatuak-fitxa
Deserria haurtzaro
Deserriaren zama islatzen du eleberri honetan idazleak. Horretarako, berari gertatutako esperientzia batetik abiatzen da. Ana eta Mila izeneko bi neskatilen inguruan sorturiko pasadizo eta gertakizunak kontatuko dizkigu, trebetasun handiz.
Egilea: Maddi Zubeldia
Argitaletxea: Elkar
Argitalpen urtea: 2017
Ana Frantziako Mesoz izeneko herrira doa bizitzera gurasoekin. Argitik ilunpera joatea bezala egingo zaio. Gogorra egingo zaio egoera berrira egokitzera, eta amets egingo du, ametsezko bidaiak egingo ditu, Danièle lagun-mina ondoan duela. Ana ez baita edozein, barne-mundua ezin aberatsagoa baitu, irudimenez betea.
Hona pasarte bat:
Haurrak eskolan. Ikasten. Frantsesez egiten ikasi zuten amen batean. Murgiltzea bezalakorik ez dago horretarako. Hobeki erranda, beharra bezalakorik ez. Murgiltzea baino, ez itotzea baitzen kasu hartan premiazkoa. Irakasleak ez zion Anari eskatutakoa ematen, ongi ahoskatu arte.
Adinik gabeko emakumea zen Madame Baris. Betaurreko handiek aurpegi serioa egiten zioten eta ile urdindua motto batez bildua zuen, mutxurdin itxura areagotuz. Ikasgelan etorkin bakarra zen Ana; irakasleak hegalpean hartu zuen berehala, zorroztasunez tratatzen zuen arren.
(15. or.)
Xaloa telebistan, egilearekin egindako elkarrizketa duzu ikusgai:
