• Author: Kirikiño
  • Type: Others
  • Keywords: ipuin, ehiza, kirikiño, egunkaria, 1983, oihan, untxi, bigarren, eskopeta, basapizti, abarrak

Aurrez aurre bat


HABE aldizkariaren 14. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Ipuin hau Kirikiñoren «:BIGARREN ABARRAK» liburutik hartu dugu. Anjel Ugarteburuk euskara batuan moldatu duen ediziotik, hain zuzen ere. Ikus: BIGARREN ABARRAK, Elkar, Donostia, 1982


Hona hemen, irakurle, United States-en, ez dakit noiz, zer gertatu zen. Mister Fist oso jenio txarrekoa da. Rabbitown deritzan hiriko 36. kalean, 1679. etxean eta 18. oinean bizi da.

Mister Kick ere demontreen jeniokoa da. Rabbitwon-en bertan bizi da berau ere, 36. kaleko.2478. etxean eta 27. oinean.

Goiz batez, eguraldi ederra zegoela eta, biak batera samar atera ziren kalera; bata, Mister Fist, errekaldera joateko asmoarekin, eta bestea, Mister Kick, mendi alderako asmotan; beraz, bata beherantz eta bestea gorantz.

Biak egunkaria irakurriz zihoazen, astiro-astiro, hormaren ondotik. Elkarrekin topo egin zutenean, Mister Kick-ek, bere eskuinetik zihoalako, ez zuen horma aldea utzi nahi eta, besteari begira-begira, gelditu egin zen. Mister Fist-ek ez zuen albora egiten eta beronek ere, begiak egunkaritik jaso eta Mister Kick-en aurpegian jarri zituen.

Halaxe apurtxo batean egon eta ...

-Ea alde egiten duzun, gero -esan zion Mister Kick-ek.

-Ez nik alde, behintzat -erantzun zion Mister Fist-ek.

-Ezetz?

-Ez.

Hau esanik, Mister Kick-ek ostikoz jo zuen Mister Fist belaunean eta honek kokotsean jo zuen ukabilez. Kalean zihoazenek tartean sartu eta baketu zituzten. Hala ere, bai batak eta bai besteak, euren txartelak atera eta elkarri emanez ezagutu zuten elkar.

Biharamunerako aurrez aurre bat, desafio bat itundu zuten. Ez batak ez besteak ez zuten nahi borroka ezpataz, pistolaz edo horrelakoz egiterik. Beste modu batera erabaki zuten, ba. Hara, handik egun bira Rabbitowndik urruti gabe dagoen oihan batean sartuko zirela biak; bata alde batetik eta bestea bestetik; bakoitza nahi zuen armaz joango zela eta bertan elkar bilatu basapiztiak bailiran eta ahal zuenak bestea hil.

Honela ba, egunsentian oihanaren ertzean aurkitzen zen Mister Fist, zulobidun eskopeta sorbaldatik zintzilik zeramala eta alderdi guztietara begira, etsaiaren lorratzik non ikusiko. Ordu erdian alde guztietara begira ibili ondoren, bere kolkorako esan zuen:

-Onena hemen nonbait ezkutatzea eta isilik egotea izango dut; nire etsaia hor ibiliko da nire bila alde batetik bestera eta inguru hauetara ere iritsiko da noizbait. Hel dadinean erbia balitz bezala hilko dut nik hemendik. Ederki! Burutasun ederra izan diat, gero!

Sasiarte batean sartu, eseri, eskopeta gertu ipini eta han gelditu zen egonean Mister Kick noiz agertuko.

Goizalde hartan sartu zen oihanaren beste aldetik Mister Kick ere, eskopeta handi bat eskuartean zeramala; ardura handiz zihoan, aurrerantz begira eta begira, bere etsaia noiz ikusiko, tiroa jaurti eta hiltzeko. Baina hark bere artean:

-Nork ikusiko ote dugu lehenago bestea? Berak neu ala neuk bera? Berak lehenago ikusten banau, galdua naiz. Onena nonbaiten ezkutatu eta bertan etsaia noiz agertuko zain egotea izango dudala uste dut. Agertuko da, bai; nire bila dabil eta noizbait ikusiko dut eta orduan ... gizagaixoa! Untxi bat bezala ehizatuko dut. Ai, Mister Fist gaixo hori; jausi zara!

Hala gelditu ziren, ba biak bata bestearen zain oihanaren alde banatan. Biak ere beldur ziren, gero eta beldurrago ezkutalekutik irteteko, eta egon eta egon egiten zuten. Ez egun bat, egun bi ere hantxe eman zituzten higitu gabe.

Ageri ez zirenean, euren etxeetakoak eta .adiskideak artegatu egin ziren eta Robbitown-go hiri-agintariei parte eman ondoren, denak euren bila hasi ziren inguru guztiak arakatuz.

Hirugarren egunean aurkitu zituzten Mister Fist eta Mister Kick beldurrez eta gosez makaldurik eta hanken gainean egoteko ere gauza ez zirela. Hartu eta hirira eraman zituzten.

Osalarien ardurapean, pittinka-pittinka esnea eta gero janari sendoxeagoak emanez, osasunera ekarri zituzten eta han bizi dira, bakoitza bere etxean, ezer gertatu ez balitz bezala.



HIZTEGI LAGUNGARRIA

ARAKATU - Miatu.
ARTEGATU -Anega edo urduri jarri.
ASTIRO-ASTIRO - Geldiro, lasai.
AURREZ AURRE - Careo.
BAILIRAN - Balira bezala.
BASAPIZTIA - Alimaña, fiera.
BEHERANTZ - Behe aldera.
BERE KOLKORAKO ESAN - Bere artean edo berekiko esan.
BURUTASUN - Burutapen, ideia, pentsamendu.
EGUNKARI - Diario, periódico. Era berean: astekari, hamabostekari ...
EGUNSENTI - Aurora, amanecer.
EHIZATU - Cazar.
EMAN - Pasatu.
ERBI - Liebre.
EZKUTALEKU - Escondrijo.
GERTU IPINI - Prest jarri.
GORANTZ - Goi aldera.
HEL DADINEAN - Iristen denean.
HIGITU - Mugitu.
ITUNDU - Ituna egin, tratua egin.
JAUSI - Erori.
KOKOTS - Barbilla, mentón.
LORRATZ - Arrasto, aztarna.
MAKALDU - Ahuldu.
OIHANAREN ALDE BANATAN - Bata alde batean eta bestea bestean.
OIHAN - Bosque.
OIN - Planta, Piso.
OSALARI - Mediku.
PARTE EMAN - Gaztigatu, abisatu.
PITTINKA-PITTINKA - Pixkanaka; poliki-poliki.
SASIARTE - Zarzal.
TIROA JAURTI - Tiroa bota.
UKABIL - Puño.
UNTXI – Conejo/a.
ZULOBIDUN ESKUPETA- Escopeta de doble cañón.