• Author: Mario Meunier
  • Type: Others
  • Keywords: hosto, gazte, ipuin, mitologia, habe aldizkaria, neska, ezkontza, bahitu, uharte, nerabe, jainko, zuhaitz, errege, grezia, mario, meunier, olinpo, greziar, minos, rafa, loaldi, zezen, bizkar, egiguren, ferekatu, siriar

Zeus eta Europa


HABE aldizkariaren 32. alean eman zen argitara ipuin hau. "La leyenda dorada de los dioses y de los héroes" liburutik atera eta zertxobait egokitu zuen Rafa Egigurenek 1983an.
 

Europa, neska gazte siriarra birjina begi argiduna zen. Aurpegiaren azal distiratsuak ederragotzen zion edertasuna. Hain zen ederra, ze Zeusen emazteak berak erabiltzen zuen ukendua lapurtu zuela ere pentsatu baitzuen jendeak.

Jaiki bezain laster, egiten zien dei bere lagunei. Berehala hurbiltzen omen ziren, eta nork bere otarrea zeramala, uhinen murmurio eta arrosen xarma nahasten ziren leku batean biltzen ziren. Horrela bada, egun batean, askotan bezala, zelaietan loreak biltzen eta koroiak ehuntzen hondartzatik hurbil zebiltzala, Zeusek Europa ikusi zuen. 

Neskatxa begi urdinaren zuritasun argiak zirraratu zion bihotza Olinpoko erregeari. Hera zelatariaren haserreak, ordea, beldurtu egiten zuen, eta ez zuen siriar herabe hura ikaratu nahi. Orduan bere ametsak gauzatu nahian, zezen itxura hartu eta Europaren neska lagunak zeuden tokira hurbildu zen.

Animalia eder hura ikusteak ez zituen neska motots luze haiek ikaratu. Zezenak urre gorrizko ilaje ederra zuen; zilarrezko orban borobil dizdizaria kopetaren erdian; haren begietan itsaso barearen gozotasun samurra ageri zen, eta bi adarrek, era berean okerturik, ilgoraren irudi xarmanta ziren buru gainean. Denek hurbildu nahi zuten, eta animalia baketsu eta zoragarri hura ukitu.

Zeus Europarengana hurbildu zen poliki-poliki. Haren ondoan gelditu zen gure, jainkozko zezena, belaunikatu zitzaion eta marru samurrak eginez oinak milizkatu zizkion. Europak, bere aldetik, aberearen urrezko burugaina ferekatu zuen bere esku goxoekin eta marfilezko adarretan lora batzuk lotu zizkion.

Hurbil, hurbil zaitezte, lagun maiteak –oihukatu zuen-. Zatozte eta eser gaitezen guztiok zezen baketsu honen bizkarrean; itsasontzian bezala egongo gara.

Hau esan eta gero, salto egin zuen lehenengoak, barrez, eta animaliaren bizkarrean eseri zen. Baina animaliak bere maitearen zama arina bizkar gainean sentitu zuen bezain laster, jauzi egin eta korrika hasi zen eta azkar aski itsasora iritsi. Ailegatu zenean, otzandu ziren uhin zalapartatsuak, eta uhinen bizkarrean urrundu zenean, itsasoan hondartza lau batean bezala korrika ikusi zuten zezena Europaren neska lagunek. Bere bahitzaile sutsuaren bizkarrean eserita, Europak,adar bati esku batez helduz, besteaz bere arropa harroaren tolesturak biltzen zituen.

Azkar ezkutatu ziren ekaitzak zigortutako itsas bazterrak eta mendi muturrak, eta ordu luzetan birjina siriarrak zeru urdin mugagabea besterik ez zuen ikusi bere buruaren gainean, eta kresal aparrak igurtzen zizkion oinen azpian, itsaso sakon neurrigabea. Azkenean, uharte menditsu baten tontorra begiz jo zuen urrutian. Zezenak azkartu egin zuen bere abaila. Hondartza batera iritsi ziren, eta animalia jainkotiarrak albo baten itzulpen utzi zuen bere zama. Zeusek orduan, berriz jainko itxura hartuz, bere burua agertu zuen Europaren aurrean. Horak, Olinpotik jaitsi ziren une hartan bertan erne eta prest, beren jaun eta jabearen ezkontza-ohea prestatzera. Lokartu zen Europa Zeusen besoetan, eta loaldi hartatik Minos jaio zen, lurreko errege guztien artean lehena eta onena. Geroztik, ezkontza hau ospatzeko, maitasun hari itzala eman zion alboak, ez zituen sekula ere bere hostoak galdu.

lkus: Zeus y Europa. Minos. 48.or. Aguilar S.A. Ediciones. 1962.

 

Mario Meunier idazle frantziarra, 1880.ean jaio zen eta 1960. urtean hil. Helenista porrokatua, bere bizitzan zehar mitologia greziarra estudiatzen jardun zuen etengabe. Ikertzaile iaioa, batez ere bere dibulgazio-liburuek eman zioten oraindik ere jarraitzen duen fama.

Estimatuak dira benetan idazle honek egindako hainbat itzulpen. Esaterako:
"Platonen banketea"
"Fedon", hau ere Platonek egindakoa.
Aristofanesen "Txoriak"
etab.

Zeus eta Europaren arteko pasarte hau, "La leyenda dorada de los dioses y de los héroes" liburutik atera eta zertxobait egokitu dugu. Alde guztietatik poesia darion liburu atsegina; mitologia greziarra ezagutu nahi duenarentzat guztiz egokia.


HIZTEGI LAGUNGARRIA

ABAILA.- Abiadura, martxa.
ALBO.- Platanoa (zuhaitza).
BAHITZAILE.- Secuestrador/a, raptor/a.
BARE.- Lasaia.
DARION.- Duen. Aditz hau erabat irregularra da eta NORI eskatzen du: Paretari ura dario, upelari sagardoa zerion...   
DIZDIRATSU.- Brillante.
ETENGABE.- Gelditu gabe.
EZKONTZA-OHE.- Tálamo nupcial.
FEREKATU.- Acariciar.
GAUZATU.- Egia bihurtu. Realizar.
HERABE.- Tímido/a.
IAIO.- Prestua, trebea.
ILAJE.- Pelaje, cabellera.
ILGORA.- Cuarto creciente.
JAUZI EGIN.- Salto egin.
KOROIAK EHUNTZEN.- Tejiendo coronas.
KRESAL.- Itsasoko ur gazia.
LAU.- Berdina. Llano/a.
LOALDI.- Lotarako epea.
LOKARTU ZEN.- Loak hartu zuen.
MARRU.- Mugido.
MILlZKATU ZIZKION.- Mingainez igurtzi zizkion.
MOTOTS LUZE.- Trenza larga.
ORBAN.- Mancha.
OTARRE.- Otzara, saskia.
OTZANDU ZIREN.- Baretu edo mantsotu.
PASARTE.- Suceso.
PORROKATU.- Sutsua, amorratua.
TOLESTURA.- Plegadura, pliegue.
TONTOR.- Gailurra, goiko mutur (mendiarenak}.
UHIN.- Baga, olatua.
UKENDU.- Gantzua. Ungüento.
XARMA.- Lilura. Encanto.
XARMANT.- Liluragarria.
ZALAPARTATSU.- Builosoa, zarataria.
ZAMA.- Carga.
ZELATARI.-Begiralea. Centinela.
ZIGORTU.- Castigar.
ZIRRARATU.- Conmover, impresionar.

B2
04-12-1983
16167727
2859