Docutec
Paradisu fiskalak, norentzat paradisu?
Egizu proba: idatzi "paradisu" bilatzailean, ea hurrengo zein hitz iradokitzen dizun sareak; ez duzu ezustekorik izango. Hitz ederra da "paradisu", horren fama txarra izateko.
Ikusgelako bideo didaktikoetan, badago atal bat ekonomiari buruzkoa, Alazne Astorga aktoreak aurkeztua. Kasu honetan, azalduko digu zer diren Paradisu fiskalak, bai eta dirua halakoetara eramateak gizartean zer ondorio dituen ohartarazi ere.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Zerga-onurak eskaintzen dizkiete. Gutxiago edo errazago ordaintzeko aukerak eskaintzen dizkiete. |
Nork ez ditu paradisuak maite? Baina kontuz! Paradisu kaltegarriak ere badira, bai behintzat gehienontzat; paradisu fiskalak, adibidez.
Paradisu fiskalak enpresei eta pertsonei zerga-onurak eskaintzen dizkieten lurralde edo herrialdeak dira. Aukera ematen dute zergen ordainketa murriztu edo saihestu ahal izateko. Toki horiek finantza- eta zerga-araudi berezia izaten dute, eta horrek opakotasuna eta banku-sekretua ahalbidetzen ditu.
Paradisu fiskalek mundu osoko inbertitzaileak eta enpresak erakarri ohi dituzte, zerga baxuei eta erregulazio laxoari esker. Horrek onura ekonomikoak ekartzen dizkie inbertitzaileei eta horiek erabiltzen dituzten enpresei, eta, neurri batean, herrialde horiei mesede egiten die. Baina, trukean, zerga bidez jaso beharko luketen dirua galtzen dute jatorrizko herrialdeek.
Zer-nolako eragina dute paradisu fiskalek ekonomia globalean? Eragin oso negatiboa izan dezakete, esan bezala, herrialdeetako diru-sarrera fiskalak murrizten baitituzte. Horrek ekar dezake zerbitzu publikoak murriztea eta azpiegituretan inbertitzeko gaitasunik ez izatea. Gainera, toki horien finantza-opakutasunak ahalbidetu dezake zergak saihestea, dirua zuritzea eta ekimen ilegalak finantzatzea.
Eta nola egin aurre paradisu fiskalei? Nazioartean, paradisu fiskalei aurre egiteko neurriak hartu dira. Hasteko, gardentasun fiskaleko nazioarteko estandarrak betetzen ez dituzten herrialdeekin zerrenda beltza osatu dute. Europar Batasunaren arabera, adibidez, honako hauek daude zerrenda horretan: Bermuda uharteak, Fiji, Samoa, Gibraltar, Bahrain... eta bada beste dozena bat, gutxienez.
Erregulazio eta zigor berriak (Beste erregulazio eta zigor batzuk) ere sartu dira indarrean paradisu fiskalak erabiltzen dituzten herrialde eta enpresentzat. Baina nahikoa ote da? Lege bakoitzaren ondoren, horri iskin egiteko bideak bilatzen dituen jendea dago, eta, diru asko mugitzen denean, interes ekonomiko handiak egoten dira atzean.
Laburbilduz, paradisu fiskalek eragin negatiboa izan dezakete ekonomia globalean, diru-sarrera fiskalak murrizten dituztelako eta dirua zuritzea ahalbidetzen dutelako. Kito, gaurkoz. Ekonomia ulertzeko laguntza pixka bat eskertzen baduzu, badakizu: harpidetu.
Hurren arte!
