detalle dokuteka-generico-fitxa

Markos Gimeno: hitzak ispiluan

101, letrakartel. Simetriak betidanik erakarri du Markos Gimeno. Euskal palindromogile ezagunenak benetako altxorrak utzi zizkigun.

Joseba Sarrionandiak altxorra aurkitu zuen Euskal Herrira itzuli zenean: Markos Gimenoren obra. Artista ermuarraren lana ezagutzera emateko asmotan, haren palindromoetan oinarritutako liburua atondu zuen. Hitzaurrea ere berak idatzi zuen.

Irudia: Txalaparta

 

ATE IREKIKO OHARRA

Begok eta Nereak, Markosen hutsunearen ondoeza aldean oraindino, semeak zein nebak sortutako altxor hizperimentala erakutsi zidatenean harrigarria egin zitzaidan Markosek sortutako obraren grazia. Are ikaragarriagoa iruditu zitzaidan momentuan ia ezezaguna izatea, euskal mundutxoan ere, Ermutik edo Eibarraldetik kanpora. Ulertzekoa da, beharbada, kontuan hartuz gero Markosek praktikatzen zituen generoen izenak ere (palindromo, kalanbur, anagrama eta abar) esplikatu beharrekoak izango direla askorentzat. 

Lehenengo ideia izan zen Markosen lan guztiak liburukote batean bildu eta argitaratzea. Baina hori testuen artxibatze lana izango litzateke (hilobiratze zereginaren antzekoa), eta pentsatu nuen Markosen testuak biziak, zoliak eta eraginkorrak direla (hazteko, gaiberritzeko eta ugaltzeko ahalmenarekin), inola ere ez direla enterratzekoak (tafofilia ohiko tentazioa den arren herri txikien liburugintzan). 

Eta horretara dator liburu hau: Markosen obra katalepsiatik atera, eta haren lanaren parte bat behintzat, palindromoena, euskal hiztunen artean (ez olifilo hutsen artean bakarrik) ezagutaraztea; iratzarri, bizkortu eta zabal dadin. Markosek berak dozena bat palindromo-kartel egin zituen, eta orain, bere lagun grafitero, marrazkilari eta fotografoek, eta Markosek imajinatuko ez lituzkeen idazle eta irudigileek kolaboratu dute Markosen Espirituarekin, palindromoak ilustratzeko zeregin itzelean. Ermuarrak, eibartarrak, gainerako euskaldunak oro har, baina hemen daude kanpokoak ere (Aristides Hernandez edo Graziosa Oroz, adibidez), eta behialako jendea ere diskriminaziorik gabe (oso prestu aurkeztu dira elkarlanera, esaterako, Joanes Leizarraga eta Rosa Luxemburgo). Auzolan eder unibertsalista honetan, palindromo bakoitzari zentzua ematen ahalegindu gara, zentzua beste zentzu diferenteen artean osatzen eta gaurkotzen delakoan (eta ia beraz kontraesankorra delakoan). 

Demostratu nahi nuke faltsua (eztabaidagarria behintzat) dela jakintsu amerikar batek esandakoa: palindromoak, ezkerretik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera berdin leitzen direla, hain zuzen ere, ez dutelako zentzurik ez alde batera ez bestera. Frogatu nahi nuke palindromoek zentzua dutela, sormenera entregatutako Markosen bizitzak ere zentzua zuela (eta euskaraz letratu eta bizi nahi duen komunitate honek ere zentzua duela). 

Ez dut liburu hau idatzi banekielako, baizik ez nekielako. 1980an joan nintzen hemengo egunerokotasunetik. 2021ean itzuli naiz, beraz ez nuen ia ezer ezagutzen Markosen garaiaz. Idatzi ahala ezagutu dut Markosen bizitza eta beste askorena. Zirraragarria egin zait, horiei ere garai interesanteak tokatu zaizkie (Slavoj Zizek filosofoak esaten zuen: “Baten bat benetan gorrotatzen baduzu, madarikazio moduan esaten da Txinan: “Garai interesanteak bizi ditzazula!”). Iruditzen zait Markosen eskizofrenian belaunaldi baten ibilbidea irudikatzen dela, baina hori irakurleak esango du (ea ispilutzat har dezakeen datorren hizpilua). 

(...) 

Markosen bizi osoa (ez interpretatu bururatu zaizun beste zentzu horretan) sortzen ibili zen euskal komunitatearentzat (eta humanitate osoarentzat, jakina). Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, eta jolas liluragarri bat izango da edozein gogo ernearentzat. Markosek, olgetan-benetan, asko ematen digu, hainbesteren beharrean gaudela. Uste dut, euskal komunitate duin, alai eta sortzaile baten parte sentiarazten gaituela. 

J.S. 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Markosen hutsunearen ondoeza. Markosen faltagatik ondo ez egotea. 
Palindromo, kalanbur, anagrama eta abar. Hitzekin egin daitezkeen hainbat joko. 
Testu zoliak. Testu azkarrak, argiak. 
Tafofilia. Hildakoek, hilobiek eta halakoek eragiten duten zaletasuna. 
Behialako jendea. Lehengo denboretako, aspaldiko jendea. 
Olgetan-benetan. Jolasean ez-jolasean. 

detalle2

Document library

C1
03-26-2026

x61pRelaContWAR

39058154

x61pViewCountWAR

921

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR