Docutec
Sold out, sarrerak agortuta
Azken urteotan, "sold out" fenomenoa gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian: kontzertuak, ikuskizunak eta ekitaldiak berehala betetzen dira. Zergatik? Zein ondorio ditu?
Irati Agirreazkuenaga Komunikazioan doktoreak iruzkina egin du Ttap aldizkari digitalean. Kultur ereduarekin kritiko agertu da. Euskal musika-munduan, “agortuta” hitza “sold out”-ek ordezkatu du, globalizazioaren eta kultur mainstreamaren eraginez. Kultura mantentzeko, ezinbestekoa da aniztasuna eta komunitatearen balioak zaintzea, ez soilik arrakasta komertziala.
AA bidez sortutako irudia.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Talde baten goratzea. Talde bat laudatzea, goraipatzea. |
Irati Agirreazkuenaga. Garai batean, Euskal Herrian “Agortuta” irakur zitekeen egun horretan kontzertua jo behar zuen musika-taldearen kartelaren gainean inprimatuta; sarrera guztiak salduta zeudela adierazten zuen terminoa gurean. Orain dena da BEC, Basque Culinary Center, targeta eta runninga. Eta, testuinguru honetan, bestelako berba ere zabaldu da gurean: sold out. Gaur egun, gure Euskal Herrian, “agortuta” berba irakurri ordez, sold out agertzen zaigu maiz sare sozialetako euskal musika taldeen profil eta kontuetan, hori baita orain, antza, euskal talde baten goratzea eta kalitatea bermatzen duen (dituen) hitza. Lehenago esan baligute, kasik sinesgaitza egingo litzaiguke gure kultura eta hizkuntza minorizatu honek lekua izango lukeenik sold outaren kulturan.
Eta kontua da, on egiten al dio? Edo nora garamatza globalizazioak eta bizi dugun gizarte kapitalistaren logikan erabat sartze honek? Jakin aldizkariko azken zenbakiak euskal kulturgintzak 2024an emandakoa aztertzen du, diziplina anitzetan ari diren hainbat sortzaileren eskutik. Beñat Goitia musikaria da horietako bat, eta, beste sortzaile batzuekin batera, kritiko ari da Euskal Herrian nagusitzen ari den kultur ereduarekin. Hain justu, gutxietsitako komunitate batek biziraungo badu, ezin dela maistreamaren parametroetan izan adierazten du, edo ez bakarrik parametro horietan.
Gogoeta benetan interesgarria iruditzen zaigu. Dena azkarra, erraza eta iragankorra den munduan lehiatzeko obsesioa badugu, laster ahaztuko ditugulako patxadatsuagoak, konplexuagoak eta iraunkorragoak diren gure kultur zeinuak. Gure kultur sistemak ere behar ditu besteen gainetik gailentzen diren artistak, jakina, euren kontzertuetako sarrerak agortzen dituztenak, sold outak egiten dituztenak. Baina horiek soilik babesten baditugu, laster agortuko da gure herri-kultura; horiek soilik babesten baditugu, indargune dugun aniztasuna galduko dugu, gure publikoaren gustuak ere berdindu arte. Maistreamean kokatzen badugu, edo mainstreamean bagara, bakarrik bertan ari direnen kopia besterik ez izateko arriskua izango dugu, mainstreameko gailurrean daudenek beti izango dituztelako baliabide gehiago; hizkuntza menperatzaileetan arituko dira eta inperialismotik edaten duen kultura izango dute oinarri. Aldiz, gure herri-kultura, komunitatea sortzen duena, hortik urrun kokatzen dela esango nuke.
