Belaunaldi-arteko elkarrizketa, klima-aldaketaz

Andoni Aizpuru eta Arnaitz Fernandez EITBko eguraldi-aurkezleak elkartu dituzte “Zubiak” podcastean. Klima-aldaketaz eta gure jokabideez hitz egin dute.

Belaunaldi-arteko elkarrizketak eskaintzen dituzte EITBren "Zubiak" podcastean. Kasu honetan, bi eguraldi-aurkezle elkartu dituzte Arteagako Urdaibai Bird Center-en, Andoni Aizpuru eta Arnaitz Fernandez. Klima-aldaketaz aritu dira hizketan, ikupegi askotatik. Pasarte honetan, aldaketara egokitzeko beharraz ari dira. Munduko hiri batzuetan hartutako neurriak aipatzen dituzte, eta, baita ere, norberak zer egiten duen.

Eguraldi-aurkezleen arteko elkarrizketa osorik entzun dezakezu EITBren Guau plataforman, hemen.

 

Irudia: EITB

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Aerotermia. Etxebizitzak eta eraikinak berotzeko edo hozteko sistema bat da. Horretarako, airearen tenperaturak duen energia erabiltzen da.

Beheko sua. Etxe barruan sua pizteko prestaturiko lekua (tximinia modukoa). Mendeetan, etxeetako espazio garrantzitsuenetakoa izan zen: janaria prestatzeko eta inguruan goxo egoteko tokia.

Aletxoa ipintzen hasi. Egoera bat hobetzeko edo aldatzeko pausoak eman, ekintza txikien bidez.

Urteetan aurrera zoazen neurrian. Urteak bete ahala, zenbat eta zaharragoa izan.


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Aurkezlea. Zubiak saioan, Urdaibai Bird Centerera hurbildu gara, aldaketa klimatikoaren inguruan mintzatzeko, Arnaitz Fernandez eta Andoni Aizpururekin. 
Andoni Aizpuru. Klima-aldaketa aipatzen denean, klima etengabe aldatzen ari da, egunez egun aldatzen da, eta klima orain dela 500 urte, 5.000 edo 500.000 urte ezberdina zen. Orduan, klima epeltzen ari da? Bueno, ba guk ere egokitu egin beharko dugu.
Arnaitz Fernandez. Eta ez bakarrik herrietan, hirietan batez ere. Gero eta zuhaitz gehiago jartzea, batez ere udan gero eta erraztasun handiagoarekin iristen garelako 35-40 °C-tara. Orduan, nik uste dut (baita) ere, hiri ezberdinetako udaletxeek ere horrelako erabakiak hartu beharko dituzte. 
Andoni Aizpuru. Oraindik ere badaukat horrelako inpresioa, oraindik ere hormigoi asko eta espaloi asko ikusten dudala. Eta zuhaitzak bai, tarteka… baina beldur pixka bat diogu berdeari. Beldur pixka bat. Ez dakit, belarra… eta Parisen hasita omen daude espaloiak kendu eta belarra jartzen. 
Arnaitz Fernandez. Eta zergatik Parisen bai, eta hemen ez dugu hori egiten? 
Andoni Aizpuru. Bueno, hori erabaki politikoa da. Ni horretan hasita nago. Gu, esango dugu, etxean. Eta, bai, adibidez, kotxeak behar ditugu. Gu, gainera mendian bizi gara, baina, adibidez, badaukagu elektriko bat,  eta bi hibrido dauzkagu dagoeneko. Eta, badakizu, eguzki plakak ere jarri genituen, aerotermia daukagu, beheko sua pizten dugu… 
Arnaitz Fernandez. Ba hori(ek) adibide oso onak dira.
Andoni Aizpuru. Maila horretan etxean hasi gara gure aletxoa ipintzen. Gu bezala baserri batean, etxe batean bizi baldin bazara. Orain herrietan, Elorrion, adibidez, hasi da, kooperatiba bat egin dute, eta badago aukera diru bat sartu eta horrelako energia kooperatiba bat egiteko. Eta nik jendea animatuko nuke horretarako. Ze(ren) nik ikusten dut etxean, eta Euskal Herrian gero eta eguzki gehiago egiten du, ezta, —ez horrenbeste—, baina efizientea da, eta hasi behar dugula poliki-poliki gure aletxoa ipintzen eta gutxiago kontsumitzen kanpotik datorren energia hori, geuk ekoitzi… Kotxea hibridoa baldin bada eta entxufatzen baduzu? Eta eraginkorra da. 
Arnaitz Fernandez. Hasiera batean dirua behar duzu horretarako, baina epe luzean bai izan dezakeela…
Andoni Aizpuru. Bai, inbertsioa da. Inbertsioa da, azken batean.
Arnaitz Fernandez. Gazteek agian ezin dugu horrelako inbertsiorik egin hasiera batean. 
Andoni Aizpuru. Nik uste dut baietz. Baina egia da gaztea zarenean, gaztetan, beste, bueno, beste! Kezka asko dituzu, edo, bueno,  mundua jan nahi duzu, eta urteetan aurrera zoazen neurrian, gehiago kezkatzen zaituela horrek. Ni neu, adibidez. 
Arnaitz Fernandez. Hori pixkanaka-pixkanaka izan behar da. Ezin dugu egun batetik bestera aldatu gure bizimodua. Egia da, adibide horiek, kotxe elektriko bat erabili edo lanera txirrindulaz (bizikletaz) joan… adibidez, horrelakoak, bai, errazak dira egitea (egiteko). Baina norbaiti esaten badiozu hemendik aurrera hamar urte(t)an behin hegazkina hartu dezakezula (dezakeela), esango dizu ez duela nahi. Azkenean, gure bizitza 80-90 urtekoa da, eta aprobetxatu nahi dugu. Orduan, oso zaila ikusten dut gizarteak, orokorrean, horrelako mentalitatea (mentalitate hori) aldatzea.
B1
05-05-2025
31703955
00:03:03
876