Klima-desplazatuak

Iragarpenek diote 2050ean 30 zentimetro gorago izango dela itsas maila, 70 zentimetro izango dira 2090ean eta, erritmo horretan, mapatik desagertzeko arriskua dute hainbat uhartek. Ondorioz, bertako biztanleek ohiko bizilekuak aldatu beharko dituzte.

Euskadi irratiko Faktoria saioan euskaldunontzat berezia den Mikelune uhartean arazoari aurre egiteko topatu duten ezhoiko irtenbidearen berri eman dute. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu. 

 

 

 

 

 

Irudia: OpenClipart-Vectors, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

-  Klima arrazoiak tarteko. Klima arrazoien eraginez. 
- Itsasoz haraindiko lurraldea. Itsasoaren beste aldean dagoen lur-eremua. Amerika, Asia eta Ozeaniako antzinako europar koloniak izendatzeko erabiltzen da. 
-  Kanadako ateetan. Kanadatik oso hurbil.
-  Bertara heldu ziren lehen herrien adierazle. Uhartera iritsi ziren lehendabiziko biztanleen oroimen edo erakusgarri gisa.
-  Tokikoak ezagututa. Bertako biztanleak ezagututa. 
-  Saint Pierren eta Mikelunen berdin. Bai Saint Pierren eta baita Mikelunen ere. 
-  Hor dira sortuak. Bertan jaiotakoak dira. 
-  Erronka ez da nolanahikoa. Gainditu beharreko egoera ez da erraza, ez da sinplea.


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Esataria. Krisi klimatikoaren eraginetako bati erreparatu behar diogu jarraian. Gero eta gehiago dira desplazatu klimatikoak, klima arrazoiak tarteko haien herria utzi behar dutenak. Baina gaur beste ikuspuntu batetik heldu nahi diegu arazoari: herritarrak ez, herri oso bat fisikoki tokiz aldatzeko aukerari buruz hitz egin behar dugu, urak irentsi ez dezan, Aitor Sagarzazu.
Aitor Sagarzazu. Bai, Saint Pierre eta Mikeluneko irlez ari gara. Estatu frantseseko parte dira, itsasoz haraindiko lurraldea, baina Kanadako ateetan, Ternua ondoan. Banderagatik ezagutuko duzue beharbada: barku handi bat agertzen da bertan, eta ezkerrean beste hiru bandera ttiki, ikurrina, Bretainiako eta Normandiako ikurrekin batera, bertara heldu ziren lehen herrien adierazle. Michel Lastiri Itsasuarra bertan bizi izan da, eta azaldu digu nolakoa den uhartedia eta bertako bizia.
Michel Lastiri. Uharte txiki bat da eta itsasoan galdua. Bada orain 6.000 jende bizi dira Saint Pierren, eta gero bertze uharte bat baduzu Miquelon, eta han 600 jende dira bakarrik, baina negua luze da, hotza eta erra(i)ten dute hango jendek “Uda da hiru egun bakarrik”, hiru egun eta gero denbora beti kanbiatzen (aldatzen) ari da, eta beti eta gehiago, orai(n) voila (bada) tenpestak (ekaitzak) badituzte, elurra egiten baldin badu, ez dira ateratzen ahal ere etxetik.
Aitor Sagarzazu. Aipatzen du Michelek, Mikelunen mende hasieratik kostaldearen erosioa (higadura) dute aipagai eta kezka nagusi. Arazoa zera da, mapatik ez desagertzeko, Mikelun herria bera kilometro eta erdi urrundu beharra dutela itsasotik 20 metro altuagoa den inguru batera, itsasoaren gorakadatik eta klima aldaketaren eraginetik babesteko. 2014an, François Hollande garaiko presidenteak kostaldeko Arriskuen Prebentzio Plan bat ezarri zuen bertan, itsasertzean eraikuntza berriak debekatzen zituena. Askok irlaren heriotza ikusi zuten erabaki horretan, baina 2018an izandako bi ekaitzek iritzi publikoa aldarazi zuten. Hala, herria lekualdatzeko proiektua martxan da egun. 
Lanak hasiak dira, beraz. Zelaian goraxeago dago lur eremu berria, ur mailaren gainetik. Lehen etxe ilara, lehen hamabost etxeak laster egitekoak dira. Tokikoak ezagututa baina, ez dute bertatik alde egiteko asmo handirik, hala kontatzen du Lastirik.
Michel Lastiri. Nik ezagutzen ditut Saint Pierren eta Mikelunen berdin, mintzatzen baldin bazira hango jendekin, erraiten dute, “Mais (baina) gu ez gira Frantziakoak, ez gira Kanadakoak: gu Saint Pierre-Mikelunekoak gira”. Hor dira sortuak eta bizi guztian hor izan dira, beraz. Guk hola (horrela) pentsatzen dugu: "Bon allez (tira), ateratuko (aterako) zirezte (zarete) eta mendira joanen". Erraiteko erraza da, baina egiteko ez da orai hain erraz izanen.
Esataria.  Erronka ez da nolanahikoa. Imajinatzen duzue Zarautz gainalde batean, Orioko gainean esate baterako berreraikitzea? Edo Hendaia barrualderago? Aldaketa handia da.
Aitor Sagarzazu. Bai, kontzientzia ekologikoa badute Mikelundarrek, klima aldaketak bete-betean harrapatu dituelako, baina ziurgabetasuna hala ere handia da. Horra, beraz, Mikelunek duen erronka nagusia: herri osoa harriz harri tokiz aldatzea, urak irentsi ez dezan. 
Esataria. Ez da nolanahiko erronka, urak ez estaltzeko, ez irensteko, maila bat herri osoa gora eramatea.
B2 C1
01-08-2025
31303252
00:03:26
1825