Posta bidezko botoa

2024ko apirilaren 21ean hauteskundeak izango dira Hego Euskal Herrian eta, arrazoi ezberdinak direla medio, bat baino gehiagok posta bidezko botoa emango du: oporretan doalako, hauteslekura joan nahi ez duelako edo batek daki zergatik.

Andoni Egañak gogoeta egin du posta bidezko bozka ematen dutenen inguruan eta, bukaeran, jolas moduko bat ere proposatu digu. Asmatuko zenuke?

 

 

 

 

 

Irudia: eitb

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Ikasketak burutu.Ikasketak egin, amaitu.
Gazte kontuak. Gaztaroko, gazte garaiko gauzak, gertaerak. 
Asperduraz hartu.Gogorik gabe hartu.
Amorratzen egon. Zerbait egiteko, iristeko gogo handia izan. 
Miresgarria zaio. Lilura eragiten dio. 
Pasatuko luke bizialdia. Igaroko luke bizitza osoa.
Uko egin. Ezetz esan, bazter batera utzi.
Aski diru izan. Nahiko diru eduki. 
Jakinaren gainean jarri. Zerbaiten berri, zerbaiti buruzko informazioa eman. 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Andoni Egaña. Autokarabana hartuta joan dira familia osorik Espainiako hegoaldera. Lehenik, Cadiz bisitatzeko asmoa dute, Tarifara ere hurbilduko dira windsurfing egin dezaketen edo: behin probatu zuten eta izugarri gustatu zitzaien. Gero, Huelvara ere joan nahi lukete: bikoteko bat oso euskaltzalea da eta Ayamonte ezagutzeko gutizia du Bilintxen aitona han jaio zela jakin zuenetik. 
Joan, zuzenean joan ziren baina bueltakoan Bejar inguruan geratuko dira egun batzuetan eta Salamanca bisitatuko dute urtero bezala. Han burutu baitzituen bikoteko batek ikasketak eta gustuko izaten du gazteei bere garaiko gazte kontuak kontatzea. Urtero gauza bera, ordea, eta gaztetxoek asperduraz hartzen dute bere gurasoaren azalpena eta amorratzen egoten dira herrira itzuli eta beraien laguntxoekin egoteko. Posta bidezko bozka emanda joan ziren biak: heldu biak, noski.
Honako hau ohituta dago bakarrik bidaiatu eta bakarrik ibiltzen. Aurten, Sardinia ezagutu behar zuela sartu zitzaion buruan: ahal du eta egin, egingo du. Bidaia ez zaio nahi bezain zuzen atera: Bartzelonara hegazkinez lehenik, trenez handik Gironarakoa eta hegazkinez Girona Cagliari. Baina ez zaio axola, ia-ia nahiago du. Asko gustatzen zaio Katalunia, pentsa, urriaren 1eko hartatik azken bost oporraldiak Katalunian eman izan ditu. Eta Sardinia hautatzeko arrazoi nagusietarikoa irlako herri batean, Alguerren, oraindik ere katalunieraz egiten dela jakitea izan zen. Baina bisitatuko du hiriburua ere. Flamenkoak oso gustuko ditu: miresgarria zaio hegaztion kolore arrosa hori, berak ere pasatuko luke bizialdia itsaskiak jan eta jan nahiz arrosa-arrosa jarri. Postaz eman zuen botoa eta lasai doa. 
Uztailaren azken egunetan, lan egiteagatik enpresak ematen zion gainsariari uko egin eta badoa hau ere: total, badut aski diru eta maitemina, maitemina da. Madrilen hartuko du hegazkina eta 5-6 orduan Abu Dhabin izango da. Eta han, lan egiten duen bikotekideari sorpresa emango dio. Ez du jakinaren gainean jarri, berriz elkartzearen poza handiagoa izan dadin. Posta bidez eman zuen botoa bikotekidearentzat sorpresa izango dena berak ongi antolatuta baitzeukan aspaldidanik. 
Azken hau herrian geratuko da baina Aupa Etxebeste miniaturazko bat eginda. Zer den hori? Ba, azken hilabetean tabernan, lagun artean, dendan, lantokian “Nire andreak eta biok eman diagu ja botoa korreoz” esan du behin eta berriz nahi zuenak entzun ziezaion. Baina pentsa zezala jendeak bazihoazela. 
Asmatuko zenukete aipatutako guzti horietan (horietan guztietan) nork nori eman dion botoa? Seguru? Ez al gara onegiak itxurarengatik jendea epaitzen? Eta herrian geratu eta posta bidez botoa eman zuela esan zuenak posta bidez eman zuen botoa ala ez? Eta eman ez bazuen, joango da hauteslekura? 
B2
04-08-2024
30834124
00:04:04
1867