Negukoak atera eta udakoak sartu

Urte-sasoia aldatzean armairuan arropa-aldaketa egiteko ohitura dute askok. Aldaketa horiek egitea garrantzitsua omen da: batetik, armairua txukunago edukiko dugulako, eta bestetik, norberaren umorean ere sumatzen omen delako.

Armairuan arropa-aldaketa egiteari buruz ari da Maitane Ormazabal coach-a Ataria Irratiko entzungai honetan. Txukuntzen atalean gaiari buruz hitz egindako guztia entzun nahi izatera, klik egin hemen.

 

 

 

 

Argazkia: Piqsels

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Dagoeneko Asier ezagutzen nauzue. Ziurtasuna adierazten du, ziur dago Asierrek jada ezagutzen duela, badakiela bera nolaka den. Ez nahasi “honezkero”rekin, azken horrek zalantza adierazten du.   

Zalea izaten naizela. Gustatzen zaidala, gustuko dudala.

Espazio txukunak berez, eta ordenatuak. Espazioak berez, besterik gabe, txukunak eta ordenatuak direla.

Ohikoan ez. Ohiko egoeran ez, normalean ez.  

Zailagoa izaten delako… hartzea baino berriz ere bueltan gauzak uztea. Arropa gehiegi dagoenean zailagoa izaten dela armairutik hartutako zerbait berriz hara itzultzea  

Negukoak bolumen handiko jantziak izanik. Negukoak bolumen handiko jantziak direnez/baitira.  

Espazio dezente sortzea. Espazio handia sortzea. Hala ere, asko esateko ere erabiltzen da: Lagun dezente edo asko etorri dira.

Nahaste-borrastea. Nahas-masa, nahaspila, anabasa.  

Sentiberagoa egon. Sentikorragoa izan, beste batzuetan baino errazago hunkitzea.

Nik segituan nabarmentzen dut nire egoera animikoan. Nik berehala nabaritzen dut nire aldartean, nire animoan.

 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Armairu- edo denboraldi-aldaketaren garrantzia.  

Maitane Ormazabal coach-a. Hori da. Eta juxtu, bueno, dagoeneko Asier, ezagutzen nauzue, estetikari garrantzia ematen baldin badiot ere, beti esaten dudala espazio txukunak berez, eta ordenatuak, ja(da) politak izaten direla. Kontua dena da, badakizue ni oso zalea izaten naizela, gauza politaz-eta aparte praktikotasuna, lasaitasuna eta erraztasuna eskaintzen diguten horiek jorratzea [jorratzen]. Eta beti esaten dut armairuak ez daukala funtzio estetiko bat soilik. Armairura guztiok egunero-egunero joaten gara, egunero janzten garelako, eta armairu bat txukun dagoenean gehiengo bat dezente pozikago hasten da [gehiengo batek pozago hasten du] eguna. Ez da berdina gure armairura joan eta behar duguna aurkitu eta armairua txukun eduki, edo armairuan ezin jakin zer daukagun eta ezin bilatu behar dugun hori, ezta?  

Esataria. Ados. Ados. Pixka bat izango zen, orduan, Maitane, nola antolatu armairua, ezta?  

Maitane Ormazabal. Bueno, kasu honetan hitz egingo dugu, ondo iruditzen baldin bazaizu, zer abantaila dauzkan armairu- edo denboraldi-aldaketa hau egiteak, neguko horiek kendu eta orain berriz datozkigun garai hauetarako jantziak sartzearen garrantzia…

Esataria. Ados. Ados. Bueno, ba beraz…  

Maitane Ormazabal. Ondo?

Esataria. Zeintzuk, zeintzuk dira abantailak? —esango dugu. Eta lehenbizikoa ba espazioa sortzea izango litzateke.  

Maitane Ormazabal. Hori da. Batetik(an), noski, baldin badauzkagu negukoak eta udarako jantzi guztiak armairuaren barruan, ohikoan ez, ez dugu izaten gustatuko litzaigukeen armairu handia eta denak bateratzen zaizkigu, pilatu egiten zaigu, eta ez dugu izaten nahiko genukeen espazio guztia. Eta ez da jantzi gehiago janzteko, baizik eta hainbeste gauza, hainbeste jantzi barruan edukita, beti ere zailagoa izaten delako batetik behar dugun hori aurkitzea, hartzea baino berriz ere bueltan gauzak uztea… Bai? Orduan, espazio-falta hori pixkatxo bat murrizteko ondo etortzen da ba oraintxe bertan, adibidez, neguan erabili ditugun txaketa potolo-potolo-potolo horiek denak hemendik(an) aurrera pixkanaka-pixkanaka ja(da) soberan edukiko ditugu gure armairuetan. Jertse potoloak ere ja(da) hasi dira soberan egoten pixkanaka, manoplak (eskularruak), txapelak… Era horretako gauza guztiak pixkanaka atera daitezke armairutik(an). Eta horrek eragiten du, gainera normalki, negukoak bolumen handiko jantziak izanik, espazio dezente sortzea.  

Esataria. Bai. Bai. Eta kontua da horiek soberan baldin badaude beste batzuk faltan daudela, ezta?, beste batzuk sartu beharko ditugula armairu horretan horien lekuan.  

Maitane Ormazabal. Hori da. Baina beste batzuk sartzeko, lehenengo aurrekoak atera behar dira.

Esataria. Hori da. Hori da.  

Maitane Ormazabal. Bestela armairuan, ba hori, nahaste-borrastea, eta esan bezala, espazio-falta. Eta horrek eragiten duen guztia.  

Esataria. Denboraldi-aldaketaren garrantzian ba beste faktore bat badago, beste abantaila bat, eta animikoa izango litzateke, ezta Maitane?  

Maitane Ormazabal. Ba hemen ere, pertsonaren arabera, oso gai subjektiboa da sentiberagoak egon gaitezkeelako. Nik segituan nabarmentzen dut nire egoera animikoan eguraldia alaitzen denean… Jantziak ere, ohikoan, kalean jendea alaiago hasten da janzten… Hori guztia nabarmentzen dugu, ezta? Nik uste dut eskaparateak ere horrelaxe hasten direla ja(da) janzten beste kolore batzuekin, eta bueno, gure armairura, esaten genizuen bezala, egunero joaten garenez, aldaketa horrek ere eragiten du, ez horrelako bukle (kiribil) batean sartuta egotea: armairuko jantziak ere aldatzen dituzunean, bestelako koloreak ikusten dituzunean eta hau eta beste, ba horrelako energia-txute (energia-dosi) bat ere sor daiteke.

B2
05-10-2022
29426998
00:03:31
639