Mezua nahiago telefono deia baino

Gure artean komunikatzeko telefonoz bidalitako mezuak erabiltzea erabat zabalduta dago. Gazteek, bereziki, ez dute telefonoz deitzeko ohiturarik, aplikazioa edozein dela ere, idatzitako mezuak edo audio mezuak bidaltzen dituzte, batez ere.

Telefonoz deitu beharrak edo telefono dei bat hartu beharrak urduri jartzen ditu zenbait gazte, azterketa baten emaitzaren arabera.

Euskadi Irratiko Amaraunean gai hori izan dute hizpide.

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Zerbaitetaz jabetuta egon: zerbaitetaz konturatu.

Deiek enbarazu egin: deiek traba egin.

Estaldurarik gabeko lekuan egon: seinalerik iristen ez den lekuan egon.

Fin-fin erantzun: hutsik egin gabe erantzun, beti erantzun.

Kontu bat azaleratu du azterketak: zerbait agerian jarri du azterketak, zerbait bistarazi du.

Hitz egiteko premia izan: hitz egiteko beharra izan.

Hitzen jabe sentitu erabat: esaten dena kontrolpean izan.

 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Nagore Telleria, esataria. Kaixo, egun on. Ari gara deitu eta deitu (Deitu eta deitu ari gara), baina alferrik, ordea.
Zuek ere igual jabetuta egongo zarete, deitu eta erantzunik ez. Idatziz gero, ordea, orduan bai. Gertatzen ari da. Gazteen artean erabat egin dute komunikazio eskribiturako trantsizioa, ez diote alferrik deitu “mutuen belaunaldia”. 1981 eta 1996 urte artean jaiotakoei egin diete galdera, Estatu Batuetako 1200 gazteri. Milennialek, hau da, 25 eta 40 urte artean dituztenek diote telefono deiek enbarazu egiten diela egunerokoan. Biolentoa egiten zaie norbaitek deitzea, eta, gainera, denbora asko kentzen die. %75ek dute iritzi hori. Kataluniako Universitat Obertako Psikologiako Hezkuntza Zientzietako departamenduak ere hartu du parte lan honetan, eta Enric Soler irakasleak dio gazteek komunikatzeko plataforma asinkronikoak nahiago dituztela, denboran bat egin beharrik ez dutenak, errazagoa zaielako, erosoagoa eta ez hain intrusiboa. Eta esaten du gazteagoek, Z belaunaldikoek ere, 16 eta 24 urte artean dituztenek, hartu-emanetarako Whatsappa edo sare sozialak nahiago dituztela, telefono deien aldean.

Nagore Telleria, esataria. Onintza Enbeitia, kaixo. Egun on.

Onintza Enbeita, kolaboratzailea. Egun on.

Nagore Telleria, esataria. Zer moduz, ondo?

Onintza Enbeita, kolaboratzailea. Bai, oso ondo.

Nagore Telleria, esataria. Zuri askotan tokatzen al zaizu, gero eta gehiagotan, “ez dut entzun”, “isilduta neukan “, “estaldurik (estaldurarik) gabeko lekuan nengoen”, eta halakoak entzutea?

Onintza Enbeita, kolaboratzailea. Ba (bada), entzutea ez, baina egia da ni telefonoa hartzeko nahiko desastrea naizela, eta, kontrakoa esaten badut, ba (bada), nire lagunak hasiko dira irratira deitzen. Ez dut uste holan (horrela) orokorrean jendeak bere burua asko, ez dakit, justifikatzen duen; edo bueno (beno), normalean, nire irudipena da nire inguruan ere telefonoa erantzuten dela.

Nagore Telleria, esataria. Arantxa Urretabizkaia, kaixo.

Arantxa Urretabizkaia, kolaboratzailea. Kaixo, egun on.

Nagore Telleria, esataria. Arantxak fin-fin erantzuten du, eta, momentu horretan ezin badu erantzun, segituan bueltatzen du deia.

Arantxa Urretabizkaia, kolaboratzailea. Bai, bainan (baina), agian, gazteagoek ikasi baldin badute sakelekoa (sakelakoa) ondo erabiltzen… Ze (zeren) nik ez det (dut) ondo ulertzen beti lokalizatua egon behar hori. Niri erakutsi zidaten telefonoa enkargoetarako zala (zela), ez berriketarako, eta, zentzu horretan, Whatsappa gehiago gustatzen zait niri, ze (zeren) whatsappa ez da hain inbaditzailea.

Nagore Telleria, esataria. Bueno, beste kontu bat ere azaleratu du azterketa honek, eta dio gazteek ez dutela deirik erantzuten ez dakitelako zenbat denborarako deia izango den, eta, honenbestez, ez dakitelako zenbat denbora kenduko dien. Eta, ez hori bakarrik, pentsatzen dute deitzen duenak daukala hitz egiteko premia; ez, ordea, deia erantzun behar duenak, eta ez hartzeko ematen dituzten arrazoi gehiago: ekitaldiren batera joateko gonbita izango delako, eta, honenbestez, ba (bada), konpromisoan jarriko dituen dei bat izango delako. Hori dio %55ak. %49k mesederen bat eskatzeko nola izango den, hobe ez hartuta, eta %46k eztabaida ekar dezakeelako, eta aurrez aurreko hori saihesteko ez dutela telefonorik hartzen. Eta bada beste kontu bat gazteen segurtasun mailarekin lotura duena, zeren 10etik 8k onartu dute antsietatea sentitzen dutela norbaiti deitu aurretik. Iruditzen zaielako komunikatzeko modu tradizionala, telefonoz hitz egitea, arriskutsuegia dela, ez direlako esandako hitzez erabat jabe sentitzen, hitzak ezin direlako altxa, eta, honen aurrean, nahiago dute grabatutako ahots-mezuak bidaltzea, ba (bada), seguruago.

 

B2
02-16-2022
29185248
00:03:51
1135