Kopiatzaileei bidea moztu

Artelanak edo mapak kopiatzea ez da gauza bera. Bigarrena errazagoa omen da. Mapa-egileek, ordea, faltsifikazioak ekiditeko trikimailu bitxi bat erabili ohi dute: euren lanetan nahita egindako akatsak sartzea, hain zuzen ere.

Kopiatzaileei aurre egiteko neurrien berri jasoko duzu Ingurusfera saioko Podkast honetan.

Audioa osorik entzun nahi izatera, hemen klikatu.

 

Argazkia: Pxhere

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Neketsu. Nekagarri, zail.

Ezinbesteko. Nahitaezko, derrigorrezko. 

Jatorrizko. Berezko, original.

Ospetsu. Entzutetsu, famatu. 

 

 


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Artelanak faltsutzea, ba, ez da erraza. Arte handia behar da lan bat kopiatzeko edo imitatzeko eta benetakoa balitz bezala saltzeko, ez? Arte handia behar da baina zientzia ere behar da, teknologia behar da. Gaurko saioan horri buruz hitz egingo dugu: arte-lanak faltsutzeari buruz. 
Baina horrekin sartu baino lehen, lehendabizi, utz iezadazue beste antzeko gai bati buruz hitz egiten. Antzekoa da baina ez berdina. Nolabait, alderantzizko gaia da. 
Mapak: mapak kopiatzea, hori ez da zaila. Neketsua izan daiteke, zehaztasun handiz egin nahi baldin bada batez ere eta, zehaztasuna ezinbestekoa da zurea ez den mapa bat kopiatu eta saldu nahi baduzu, ez? Baina zaila-zaila, ez da zaila mapa bat kopiatzea. Koloreak pixka bat aldatu eta zurea balitz bezala saldu: aurrera! Noski, jatorrizko mapa egin duenak ez du hori nahi, bere mapa babestu egin nahi du kopiatzaileengandik.
Eta nola egiten da hori? Ba, akatsak nahita sartuta mapan. Batzuetan nahikoa da zuzen doan errepide batean existitzen ez den bihurgune txiki bat sartzea. Akatsak ez du arretarik jasotzen –ia inor ez da horretaz konturatzen, ez diolako erabiltzaileari trabarik egiten apenas- baina norbaitek mapa kopiatzen badu, ja! akatsa ere kopiatuko du eta maparen egileak harrapatu egingo du.  Bai dakielako akatsa non bilatu, noski!
Tira, hori da teoria, oso ondo dago baina horrelakorik bai al dago? Ba, bai! Badaude akats,  nahita sartutako akatsak dituzten mapak. Batzuetan akats ezkutuekin eta beste batzuetan akatsak aitortuta daudela, gainera. Grezian adibidez, Nick &Johan Fotis argitaletxearen Atikako errepideen mapa ospetsu batean, ohar batek dio kale akastunak daudela nahita marraztuta. Hori kopiatzaileek jakin dezaten aldez aurretik. 
Mota askotako akatsak erabiltzen dira horretarako, ez bakarrik errepidearena: kasu batzuetan gaizki idatzitako izenak dira edo asfaltatu gabeko bide bat asmatuta edo izenik gabeko toki bati izena emanda… aldaketa txiki-txiki bat izan daiteke, besterik ez, ez? Baina nahikoa da egilearen segurtasun-marka hor uzteko: taka! 
BBCko programa batean, 2005ean, esan zuten Londresko A to Z mapan –oso mapa ospetsuak dira turistentzat eta hangoentzat eta oso erabiliak dira- ba, BBCn esan zuten Londresko mapa horretan ehun  akatsetik gora  daudela sartuta nahita. 
Tira, sartu akats bat zure mapan nahita eta kopiatzaileak harrapatuko dituzu. 
B1
05-12-2021
28240612
00:02:49
1143