Andoni Egaña, pena ematen dioten gauzez

Irrati-urteko azken zutabean, Andoni Egañak pena ematen dioten gauzen zerrenda egin du.

Pena ematen dioten gauzen zerrenda horretan aurki ditzakegu, besteak beste, ume aterkidunak, entziklopediak edota aisi-guneetan tokia gordetzen duten gizon edadetuak. 

 

 

 

Argazkia: Pixabay


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Ikasturte honetako azkenengorako pena ematen didaten gauzen zerrenda bat egin dut. Itxialdiak hankak baldartu eta begirada zolitu egin digu, eta orain, lehen ikusten ez genituenak ere ikusi egiten ditugu. Pena ematen didaten gauzak dira. Errukia ere esango nuke akaso, baina errukia oso goitik begira dagoenari dagokion zerbait da, eta gu hirugarren pisuan bizi gara.  

Neri (niri) pena ematen dit kalean aterkiarekin dabilen umeak, ez da gauza antinaturalagorik hori baino. Gurasoek hartzeko aterkia eta aterkia hartzeko esan eta hartu egiten duen umearekin ez goaz inora. Umeen ezaugarri da presarik ez, eta, hala ere, batetik bestera korrika joan behar hori. Euria hasten badu, joango da korrika batetik bestera… edo bustiko, baina ume bat aterkiarekin… ez.  

Entziklopediek ere pena ematen didate, etxe gehienetan daude bat, bi edo gehiago. Gure gurasoen belaunaldiaren obsesio tematia ziren “izan dezatela seme-alabek guk izan ez genuena, ogi zuria eta ikasketa-liburuak”. Baina azkar eta gaizki zahartu dira entziklopediak, hori bai, itxialdian behingoz apaletatik jaitsi eta kirola egiteko baliatu ahal izan ditugu eskaloi modura Biblia, On Kixote, Ibaiak eta Aranaken ale bat eta lagun baten doktore-tesia, hogeita hemezortzi zentimetro, neurri ona gora eta behera ibili eta izterrak indartzeko. 

Telebistako kale erreportariek ere pena ematen didate. Begiratzen dituzte txakurraren ipurdira, konektatzen dute haiekin estudiotik eta, gehienetan, huskeriaren bat kontatu behar izaten dute. Huskeria horri gatza pixka bat emate aldera, hasten dira ahotsa ozendu eta eskuak mugitzen, gehiegi mugitzen, exageratua... Nire jolas kuttunenetako bat da, Busturialdeko ez dakit zer jatetxetan entsaladilla rusa nola egiten duten kontatzen ari den erreportariari ahotsa kendu, eskuen mugimentu (mugimendu) frenetikoari begiratu eta pentsa daiteke sumendi batek Hego Korean ze sarraski eragin duen kontatzen ari dela, eta entsaladilla rusa bat zen…  

Irekialdia sekulako gosez hartu dugun honetan, pena ematen didate familia hondartzara edo mendira doan bitartean, aisi-guneetako mahaiak okupatzen uzten dituzten aiton-amonek. Lehen grazia egiten zidaten, orain nire burua mahai-okupatzaile izatetik gertuago ikusi ahala, pena ere ematen didate.  

Pena ematen dit norbait zoriontzeko kantuan hasi, eta itxialdian guztiok egin ditugu horrelakoak behin baino gehiagotan, norbait zoriontzeko hasi kantuan eta ezin asmatu noiz “zuri” esan eta noiz “beti”. Zorionak beti, zorionak zuri. Batzuk “zuri” kantatzen duten bitartean, besteak “beti” eta sekulako morobila sortzen da munduko lanik sinpleenean. 

Pena ematen dit lehenengo aldiz kalerako galtza motzak janzteko konbentzitu duten agure aztoratuak. Pena manifa batean esaldi bat esateari utzi eta artean ere besteek bukatu dutela jabetu gabe segitzen duen bakar hark.  

Hainbeste gauzak ematen dit pena, baita zuei agur esateak ere. Badakizue zirko txarrek zer egiten zuten, numero gutxi funtzioa osatzeko eta luuuuze agurtu. “Agur” eta sartu, irten, eta igo, sartu eta “hurren arte”, “itzuliko gara” eta igo eta “plazer bat izan da”… Ez nuke horrelakorik egin nahi. 

B2
11-12-2020
  • Andoni Egaña
23223239
00:04:09
1015