Historia musikaren bidez

Herri baten historia musikaren bidez konta daiteke Anjel Valdesen ustez.

Elkar disketxeko arduraduna izan da Valdes, urtetan. Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote eta handik hartutako pasartea duzu hemen.

 

Elkarrizketa osorik entzun nahi izatera, egin klik hemen.

 

Anjel Valdes. Argazkia: eitb.eus


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

MAITE ARTOLA ESATARIA: Anjel Valdes ongi etorri.

ANJEL VALDES: Eskerrik asko Maite.

ESATARIA: Behin baino gehiagotan entzun dizugu esaten, pertsonak barrutik mugituta mugiarazi litekeela gero mundua eta pertsonak barrutik mugitzeko eta mundua mugiarazteko sortzen direla kantuak. Zuk hainbesterainoko indarra aitortzen diozu musikari?

ANJEL VALDES: Zalantzarik gabe. Zalantzarik gabe. Nola liteke bestela mundu materialista honetan aurrera egitea, ez bada kasu intangiblea (ukiezina) den asmo poetiko bat, ez bada kasu konbentzimendua, nolabait ere zure pairamenduak eta momentu zailak eta ez bakarrik zureak  zure familiarenak, zure herriarenak, zure kulturarenak eta abar ez? Ez badaukazu konbentzimendua guzti horiek (horiek guztiak) konpondu egingo direla edo gainditu egingo dituzula edo eta horretarako balio du olerkiak, horretarako balio du musikak ez?

ESATARIA: Zuk aipatu dituzu Lete, Lertxundi, aipatu zitezkeen Laboa, Imanol ez? Amaia Zubiria, Txomin Artola, Pantxoa eta Peio…zerrenda luzea. Esan izan duzu haien kantuen bitartez, lehen aipatzen genuen bezala, egin dugula herri bat edo egin dela herri bat, egin dugula identitate bat neurri handi batean eta askotan ez garela jabetzen zein zaila eta nekeza izan den, bide hori euskaraz egitea.

ANJEL VALDES: Bai asko kostatu da. Horregatik sentitzen dut orain pixka bat pena, ikusita berriz ere zerotik abiatu behar ote dugun berriro eta eraikitako guztia berriz hondatu egin dela edo desegin egin dela edo hurrengo belaunaldiak ez duela edukiko gugandik, guk landutako hori, guk egindako saiakera hori edo horrela.

ESATARIA: Izetako grabazioak eta Kaki Arkarazorekin eta Muguruzatarrekin Esan Ozenki recordseko sortzaile bat eta berriz ere horrelako euskal musikaren eztanda berriz ezagutuko ote dugun kezka handiarekin ez?

ANJEL VALDES: Beno, ezagutuko dugu seguru. Beharbada ez nik, ez dakit. Nik uste dut musikak eta batez ere musikaren atzean dagoen gogoa, ametsa ez? Guzti hori hor dagoela eta berak egiten du bere bidea urak egiten duen bezala, irekitzen du beti, beti dago hor eta beti daude musikariak, musika egitea bera ere, aktibitate horixe bera ere oso garrantzitsua delako jende askorentzat ez? Ari naiz gehiago edo zure hitzetan ikusten dut gehiago ari garela edo ari zarela aipatzen eraikitako industria guztia horrekin batera eragin den momentua, egoera indartsuagoa edo, nik ikusi dut 87an hasi nintzenetik 2020 urte arteko epe horretan, ikusi dut handitzen, ikusi dut sendotzen, ikusi dut zabaltzen, ikusi dut ahalegin pilo bat oso inportanteak, jende askorenak eta artista eta elkarte, entitate, komunikabide askorenak, Euskadi Irratia barne, guzti hau sendotzeko ez? Musikaren bitartez gure kultura ere sendotzeko, ez bakarrik gure pertsonak ez? Eta momentu honetan badirudi reset bat etorri dela, abiapuntu berri bat, batzuk eroriko dira seguru aski, beste batzuek jarraituko dute. Niri horrek pena ematen dit, berriz ere reset horretan jarri behar izatea, abiapuntuan berriz jarri behar izatea.  

ESATARIA: Elkarreko aldia 94an hasi zenuen oker ez bagaude.

ANJEL VALDES: Bai

ESATARIA: Zenbat kanturen produktore izan ote zara zu?

ANJEL VALDES:  Uf ez dakit. Ez dakit. Beno, askotan egon naiz, leku askotan eta jende askorekin eta egia esan nik daukadan pertzepzioa momentu honetan edo oroitzapena oso gozoa da, jende garrantzitsu, niretzat garrantzitsua izan den jende asko ezagutu dut.

ESATARIA: Zu zerk utzi zaitu asebeteta? 94an Elkarren ibilbide hori hasi zenuenetik orain erretiroa hartu duzun arte?  

ANJEL VALDES: Katalogo handi bat osatu ahal izateko, katalogo garrantzitsu bat ordenatu nolabait esateko, kudeatu ahal izateko aukera. Hori, Elkarri asko zor diot eta katalogo, nik uste dut herri musikaren inguruan, kantagintza, herri musika, tradizioa, aktualitatea, nolabait ere transmisioaren indar hori ikusteko ez? Zuk jartzen dituzu Elkarreko katalogoko kantu guztiak bata bestearen atzetik eta Euskal Herriaren historia irakurtzen ari zara, azkenean kantu herrikoiak, momentuko gertaerak, momentuko ametsak kontatzen ditu beti eta denak bata bestearen ondoan jarrita, Euskal Herri osoaren azkeneko 50- 60 urteko historia kontatzen ari zara ez? Niri hori gustatzen zait. 

B2
09-24-2020
22810939
00:05:08
641