Musukoak eta gorrak

Maskara edo musukoa jantzita zailagoa da besteen keinuak antzematea eta interpretatzea.

Horren inguruko gogoeta egin du Maialen Berasategik Euskadi Irratiko entzungai honetan.

 

 

 

 

Argazkia: Ikasbil


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA: Aurrekoz atzera. Maialen Berasategi.

MAIALEN BERASATEGI: Aurpegia arimaren ispilua omen da. Barrena zerk pozten digun eta zerk inarrosten, hazpegien nolakoak adierazten du, besteak beste. Kopetaren ilunak edo argiak, ahoaren zabalak edo itxiak, begikeraren lausoak edo ñir-ñirrak.

Maskaren aro honetan ordea, aurpegiaren erdia baino gehiago estalita gabiltza eta osasun arloko eta zenbait industriatako langileak ohituta zeuden lehendik, baina gehienontzat esperientzia berri-berria da hau eta batzuetan aitortu behar da inpresiorik handiena ez duela egiten maskararen azpiko itolarri sentsazioak, baizik eta parean dugunaren aurpegiaren erdia ere ezin ikusteak.  

Orain ari gara ohartzen, zenbat esaten duten ezpainek, masailek, are sudurrak ere, eta halabeharrez, orain ikusiko dugu begiek zenbat dezaketen, komunikazioaren esparru mirarizko horretan.  

Dena den, horiek denak jakina, miope lentilladun baten pentsakizunak dira. Alegia, teknologiari esker egunerokoan ikusmen arazo larri larririk ez duen pertsona baten pentsakizunak. Izan ere, itsuek eta ikusmen urritasuna dutenek, erantzungo lidakete segur aski, beraiek aspalditik edo betidanik dakitela beren ingurua ulertzen eta irakurtzen besteen hazpegiak ikusi gabe ere eta kontua gurera ekarrita, zer egiten dute ba gure irrati esatari fin-finek, ikusmenaren beharrik gabe komunikatzea ez bada?

Nolanahi ere, ez nioke garrantzirik kendu nahi ikusizko komunikazioari, komunikazio bisualari, ze maskaren aro honetan, gorren zenbait elkartek ohartarazi dute, beraientzat badela benetako oztopoa jendea maskaratuta ibiltzea. Batez ere, kontuan hartuta herritar gehienok ez dakigula keinu hizkuntzan tutik ere esaten. Gorrak oro har, iaioak izaten dira ezpainak irakurtzen, guk haien hizkuntza ikasteko egin ez dugun esfortzua konpentsatzen dute horrela askotan. Birusak ordea, beste hesi bat jarrarazi digu komunikazio horretan, oihalezko, kotoizko, material sintetikozko hesi zuri urdin edo koloretakoak. Badaude maskara gardenak ere, baina, herritar gehienok ez ditugu halakoak erabiltzen, gardentasuna ai, ez dago oso modan. Azken batean maskarena, arazo sakonago baten larrigarria baino ez da. Zergatik ez zaigu eskolan txikitatik guztioi irakasten keinu hizkuntza, pixka bat bada ere? Zergatik dakigu askoz gehiago ingelesez, keinu hizkuntzan baino? Euskal Herrian badugu, ustez behintzat, hizkuntza gutxituen inguruko nolabaiteko kontzientzia bat halabeharrez. Ba agian, badugu garaia keinu hizkuntzaren erabiltzaileekin ere, pixka bat sentsibilizatzeko, ahal dela, hurrengo birusak gure artean oraindik eta hesi gehiago jarri baino lehen.

B2
09-14-2020
22737379
00:03:45
781