Iparraldeko herrialdeak feminismoaren erreferente

Finlandiako lehenengo emakume presidenteari buruzkoa da Euskadi Irratiko audio hau.

Tarja Kaarina Halonen-ek hauteskundeak irabazi zituenekoa kontatzen du, besteak beste.

 

 

 

Tarja Kaarina Halonen. Argazkia (moldatua): Unctad (CC BY-SA 2.0)


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria. Finlandiako lehenengo emakume presidentea izendatu zutenekoa aitzakia hartuta, feminismoaren erreferente diren Iparraldeko herrialdeetara eraman gaitu Bego Muruaga Lakak, Maria de Maeztu forum feministako kideak. Izan ere, Europan, Finlandia izan zen emakumeei boto-eskubidea onartzen lehenengoa. 1906an onartu eta hurrengo urteko udaberrian lehenengoz bozkatu zuten emakume finlandiarrek. Baina ez zuen emakume bat presidente kargua izan harik eta Tarja Kaarina Halonen-ek hauteskundeak irabazi zituen arte.  

Bego Muruaga feminista. Alderdi sozialdemokratak dira mugimendu feministarentzat nik uste dut berdintasunaren inguruan gehien lan egin duten alderdiak. Eta hori frogatzen dute Europako  Iparraldeko herri guztiek, ezta? Bai Norvegiak bai Finlandiak eta Suediak, bueno, ez da kasualitatea, ezta? Emakume hau Alderdi Sozialdemokratakoa izatea, eta gaur egun presidentea dena, Sanna Marin ere, Alderdi Sozialdemokratakoa izatea.

Esataria. Baina ez ei da ohikoa izaten hori, ezta berdintasunean erreferente diren herrialdeetan ere.  

Bego Muruaga. Normalean emakume bat ailegatzen da boterera eta gero urte pila bat pasatzen dira beste emakume bat (izan arte). O sea (alegia), nolabait gizonezkoek beti daukate erreleboa eta gizonezkoek beti daukate ordezkoren bat eta emakumeengan, edo emakumeekin zailagoa izaten da.  

Esataria. Finlandian urte asko daramatzate emakume eta gizonen berdintasunezko parte hartzea sustatzen.  

Bego Muruaga. Hango emakumeak, nahiz eta emakumeak ideologia desberdinetakoak izan, batzuk sozialdemokratak dira, beste batzuk liberalak, beste batzuk kontserbatzaileak, baina kapaz izaten dira berdintasunaren inguruko politiketan ados jartzeko.  

Esataria. Hala ere, Tarja Kaarina Halonen hauteskundeetara aurkeztu zenean bere lehiakide politikoek, gizonezkoek, behin baino gehiagotan, kanpainan, dei egin zuten boto-emaileek ez zezaten aintzat hartu hautagaien generoa.  

Bego Muruaga. Matxismoaren ezaugarrietako bat, ezta? Gainera, gizonezkoek ez daukate beren artean elkartzeko inolako arazorik askotan, nahiz eta ideologia desberdinetakoak izan, ondo badatorkie. Eta hori ikusten ari gara nonahi, ezta? Gero emakumea ikusten dutenean, hor juxtu, defentsiban jartzen dira: “Ez ezazu aukeratu emakumea izateagatik, baizik eta bere politikengatik”. Bueno, aukeratu nahi duzunagatik, ezta? Eta aurriritzi hori behintzat ez jarri.  

Esataria. Finlandia genero-berdintasunean eredua zela, erreferente, adierazi zuen Tarja Kaarina Halonenek behin baino gehiagotan.  

Bego Muruaga. Mugimendu feministak izugarrizko lana egin du emakumeak boterera iritsi daitezen, ezta? Ba kuoten politikarekin edo paritatea aipatzearekin, eta gauza hauekin, ezta? Eta orduan gertatu izan zaigu askotan boterera iristen diren emakumeak ez direla izaten feministak. Eta herri hauetan ikusten dena da boterera iristen direnak, bai Norvegiako Gro Harlemen kasuan edota Tarja Halonenen kasuan aldez aurretik izugarrizko lana, ikaragarrizko lana egin dutela berdintasunaren inguruan.

Esataria. Presidente baten egitekoak berdinak izan arren emakume nahiz gizonentzat, emakumeek hobeto egin behar izaten dute. Hori ere Halonenek esana da.  

Bego Muruaga. Emakume feministak behar ditugula boterean edo, edo erabakiguneetan, ezta? Emakume feministak behar ditugu, zeren gertatzen dena da emakume bat feminista ez bada, normalean feminista ez bada, errazago kopiatzen ditu gizonezkoen ereduak, bai lan egiteko moduan, planteamendu politikoak egiteko garaian…

Nik uste dut historiak zerikusi handia duela, ezta? Finlandia da, Europan behintzat, lehenengo aldiz boto-eskubidea emakumeek lortu zutena; mugarri bat, ezta? Eta gero, herri hauetan ohitura hori daukate emakumeek, nahiz eta alderdi desberdinetakoak izan, elkarrekin biltzeko berdintasunaren inguruko gaietan.  

Esataria. Horixe agian eskuartean dugun erronka, baita gurean ere. Izan ere, oraindik bada emakumeak aginte-postuetan exotikotzat jotzen duenik.  

Bego Muruaga. Hemeretzi ministro daude Finlandian, eta hori, hemen ematen du bitxikeria bat dela gizonak eta emakumeak fifty fifty (parez pare) egotea. Edo han 12 emakume eta 7 gizon daudela gobernuan. O sea (alegia), esan nahi dut, gauza horiek joan behar dugula baita ere normalizatzen, ezta? Kontua ez da beti egotea % 60, 40, baizik eta bueno, batzuetan emakume gehiago, beste batzuetan gizon gehiago, baina ez dadila inoiz izan, hori, hirurogei berrogei baino gehiagorik, ezta?  

Esataria. 12  urtez egon zen Tarja Kaarina Halonen Finlandiako kargurik gorenean, legegintzaldi bi.                    

B2
06-22-2020
22295034
00:04:48
289