Jose Luis Zumeta margolaria

Margolari gipuzkoarra 81 urterekin hil da. Informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu zituen bere ibilbide oparoan.

1939an Usurbilen jaiotako margolaria erabiltzen zituen kolore biziengatik da ezaguna, eta euskal kulturaren une garrantzitsuetan parte hartu zuen, Gaur taldearen eta "Ez Dok Amairu"ren sorreretan, besteak beste.
Zumetak oso gaztetatik lortu zuen arrakasta; izan ere, Margolari Gazteen Urrezko Domina Nazionala irabazi zuen Madrilen, eta hortik aurrera bere ibilbidean goraka egin zuen, eta Parisen, Stockholmen, Londresen… aritu zen.
70eko eta 80ko hamarkadetan erakusketak egin zituen hainbat herrialdetako arte galerietan, hala nola, Mexikon, AEBetan, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Madrilen eta Bartzelonan.

Zumeta, azken hamarkadetako euskal artistarik garrantzitsuenetakoa

Pintorearen obrak Euskal Herriko nahiz atzerriko museo garrantzitsu askotan daude erakusgai, baita erakunde publiko eta pribatuen egoitzetan ere.
Gerra osteko euskal artistarik garrantzitsuenetako bat izan da. 1965ean Gaur taldea sortu zuen, Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Amable Arias eta Rafael Ruiz Balerdi eskultore eta pintoreekin batera.

1967an, Euskal Pintura Saria irabazi zuen, Picassoren Gernikari egin zion omenaldiagatik, eta hortik aurrera arrakasta handia izan zuen.
1989an, erakusketa antologiko bat eskaini zioten Bilboko Arte Ederren museoan, eta frankismoaren biktimen omenezko erakusketa ibiltari batean ere parte hartu zuen. Madrilera, Sevillara eta Valentziara iritsi dira bere margolanak.
1990an, Zumetari buruzko beste bi atzera begirako erakusketa antolatu zituzten Donostiako San Telmo museoan eta Arabako Arte Modernoaren museoan.
Arte figuratiboa, abstraktua eta espresionista erabili zituen bere lanetan. Horma-irudietara eta tamaina handiko mihiseetara ezin hobeto egokitzen zen Zumetaren estilo berezia.

 

Berria egunkariak argitaratutako Jose Luis Zumetaren biografia, helbide honetan duzu irakurgai. 


Transcription:[+] Transcription:[-]
Esataria.- Jose Luis Zumeta egunero joaten zen tailerrera. Lana baino gehiago, margotzea pasioa zen berarentzat, bizitzaren ardatza. 
Koadro handiak zituen gustuko, horietan hobeto azaldu zezakeelako barrutik ateratzen zitzaiona.
Kolore biziak, figurazioa eta abstrakzioaren arteko estilo pertsonala… espresionismo indartsua. 
Ideia zehatzik gabe ekiten zion lanari, zer margotu ez zekiela, zer aterako jakin gabe
Jose Luis Zumeta.- Ez dakit, neronek ez dakit oso ondo, e? ze, nondik nabilen, e?. Nahiko galduta ibiltzen naiz askotan.  
Neurria aukeratua daukat, materiala aukeratua daukat, ze erritmo eraman aukeratua daukat…baina zer aterako den ez dakit, e?
Esataria.- 81 urte bete zituen igandean Jose Luis Zumeta usurbildarrak. Azken 50 urteko euskal artistarik aipagarrienetakoa. 
1965ean gaur taldea osatu zuen, Oteiza, Chillida, Basterretxea eta Mendibururekin batera. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa ere izan zen.
Hauxe bere azken erakusketa, iaz, Bilbon.
Begirada bat nahikoa zen Zumetaren estilo bereziaz konturatzeko.
B2
04-24-2020
21896520
01:36
926