Docutec
Esponentziala zer den bertsotan
BERRIA Aretotik hartutako bideo honetan, formula matematikoen bidez eta bertsotan azaldu digu Jone Uria bertsolari eta matematikako doktoreak koronabirusaren hedapenaren izaera esponentziala.
Jone Uria.- Aupa, kaixo denoi. Niri bururatu zait hainbeste grafiko eta datu jasotzen ari garen egunotan aukera polita izan zitekeela hau bada, bueno, gehiago jakiteko esponentzialari buruz, ez? Hainbeste entzuten ari den esponentzial hori, eta zergatik birus baten hedapena,kasu honetan, koronabirusarena, izan daitekeen era honetakoa. Bueno ba, saiatuko naiz hori bertsotan esplikatzen. Bistan da nik esplikatuko dudana sinplifikazio handi bat dela, eta fenomenoa askoz konplexuagoa dela, baina bueno, balio badigu esponentziala zer den eta hedapen honen esponentzial-izaeraren zergatia gutxi gorabehera ulertzeko, bada, ez da gutxi. Bueno, ea ba!
Koronabirusari
beraren ahala,
aitortu behar zaio
merezi bezala.
Txinatik nola egin
digun diosala,
ulertzeko litza(te)ke
une mundiala,
ze demontre ote den
esponentziala.
Birusa ulertzeko
etorkizunean,
formularekin hasi
gaitezen lanean,
denboraren arreta
jarriz egunean,
KN-k gorde beza
bere barrenean,
kutsatu-kopurua
enegarrenean.
Enegarren egunez
irekita dendak,
lanean kutsaturik
dabiltzan gehienak;
azalduko liguke
argituz problemak,
KN gehi 1 ken KN-ren ordenak
guztira egun horretan
kutsatu direnak.
Diferentzia hori
gordez ezkerrean,
estimatu nahi bada
luze-laburrean,
“E” letrak gorde beza
bere ederrean,
zenbat pertsonarekin
zenbaten aurrean,
ohi gauden batez beste
egun bakarrean.
Behin kutsatu batekin
kafe bat hartzeko,
edo dena aurrekoz
atzeko jartzeko.
Batuz gero noraino
geundeke trantzeko,
“p”-k adierazi beza
lehen “E”-ren antzeko,
ze probabilitate
dugun kutsatzeko.
Kutsatu bakoitzak ze
lagun ta jendarte,
eta horiek kutsatzeko ze
probabilitate.
Badauzkagu formulak,
idatz genezake:
zenbat kutsatu diren
atzotik gaur arte,
KN bider Ep (KN.E.p)
izango litza(te)ke.
Zenbat kutsatu gauden
jakin nahian gabiltz,
baina datuak horren
ezberdin (e)ta anitz,
formula honek berez
egokia balitz,
gaur zenbat garen dio
garbi eginda hitz,
atzoko kopurua,
E.p gehi 1 aldiz. (KN+1=E.p+1)
Formula orokorra
badugu helburu,
KN ken 1 ken 2
bihurtuko dugu.
Bukaeraraino segiz
belarri (e)ta buru,
zero egunez kutsatu
bat zenez seguru,
(“E.p” gehi 1) ber “N” (E.p+1)N
izango ditugu.
Hamar pertsonarekin
bertatik bertara,
Egon da ehuneko hogei (% 20)
bat kutsatzen bada,
KN hiru ber “N” (3N)
gure formula da,
hamargarren egunez
kontuak ata(e)ra,
hirurogei milara
iritsiko gara.
Beraz, dena dago “E”
eta “P”-ren menpe,
ze probabilitate
eta zenbat jende.
Eta probatzen hasten
baldin bazarete,
3 ordez 5 balitz,
pentsa ze suerte,
orduan ia 10
milioi lirateke.
Larria litza(te)keela
ez al da ezagun?
Beraz, ezin ardura
gabe lasai jardun;
esponentziala bihur
dadin malda lehun,
distantzia soziala
(e)ta neurriak lagun,
eta “P” ia zero
bihurtu ditzagun.
Hala, animo!
