Gaur balitz zure bizitzako azken eguna…

Zientzialari-talde batek dio sekula baino gertuago ikusten duela munduaren akabera.

Holako egoera baten aurrean zer egingo luketen kontatzen dute entzule eta tertuliakideek irratsaio honetan. Eta zuk zer egingo zenuke, zure bizitzako azken eguna balitz?


Download
Transcription:[+] Transcription:[-]

MANU ETXEZORTU KAZETARIA. Gaur munduko akaberaz edo apokalipsiari buruz hitz egin nahi dugu. Gaia zertara datorren galdetuko diozue zeuen buruari. Bueno, gizakia gizaki denetik beti izan du beldur hori, alegia, mundua bukatu egingo dela, eta historian zehar asko izan dira akabera iragarri dutenak, antzinako herrialdeak, baina, bistan denez, ez dute asmatu.
Kontua da nazioarteko zientzialari-talde batek sekula baino gertuago ikusten duela aukera hori. Ez dute datarik eman, jakina, baina horrela gertatzeko arrisku ugari ikusten dute. Klima-aldaketa da faktoreetako bat; alegia, munduko tenperatura 2 gradu igotzen bada, muturreko eguraldi-fenomenoak gerta litezke, eta gizakiei ezinezkoa gertatuko zaie fenomeno horietara egokitzea, gure biziraupena arriskuan jarriz.
    Baina beste bi faktore ere badaude munduaren akabera ekar dezaketenak: adimen artifiziala eta bioteknologia. Teorian gure mesederako asmatu ziren, baina kontrolik gabe eta intentzio txarrez erabiltzen badira oso arriskutsu gerta litezke.
    Mundua edo bizitza bukatzeko arriskuen inguruan, historian zer aurrekari ditugu? Ba alde batetik sobietar eta estatubatuarren arteko Gerra Hotza deiturikoa; ez zuten batzuek besteen kontrako eraso atomikorik egin, baina beldur horren menpe bizi izan zen jendea aurreko mendeko bigarren erdi osoan. Eta horren aurretik, XX. mende-hasieran, gripe espainiarra deiturikoak mundu osoko biztanleriaren % 6 akabatu zuen.
    Gaur balitz edo bihar balitz zure bizitzako azken eguna, zer egingo ote zenuke? Hauexek erantzunak:

HIRITARRA 1. Nire azken egunean ere, egunero bezala, etxeko lanak egiten, paseatzen eta lagunekin elkartzen igarotzea nahiko nuke.
HIRITARRA 2. Parisera bidaia.
HIRITARRA 3. Nire azken eguna balitz, Santa Agedako koplak abestuko nituzke edo, behintzat, abestu egingo nuke.
HIRITARRA 4. Gehien maite ditudanekin mendi-buelta bat emango nuke.

MANU ETXEZORTU. Zer iruditu, Nerea, jendeak esan diguna?, zer egingo luketen beraien, zera, bizitzako azken eguna balitz?
NEREA IBARZABAL IRRATIKO KOLABORATZAILEA. Gustatu zaizkit. Askok… Nik berdina egingo nuke, kantatuko nukeela nik ere. Eta iruditzen zait, agian, amets handiak denok deskartatzen ditugula, ez. Badirudi bizitzan zehar amets handiak dauzkagula, edo amets handiak izatera kondenatzen gaituztela, baina gero benetako momentuetan mendi-buelta bat eta familiarekin otordu bat aski dela. Orduan, ba, bueno, nik ere konpartitzen dut sentsazio hori, bai.
MANU ETXEZORTU. Xabier, zer pentsatu duzu gaur gar munduaren akaberaz hitz egin behar dugula jakin duzunean?, zer pentsatu duzu?, zer gogoeta etorri zaizu?
XABIER AMURIZA IRRATIKO KOLABORATZAILEA. Hori benetan baletor, orduan benetan pentsatzen hasi beharko nuke eta, seguruenik, ba janean edo… Egun batean ezin da gauza askorik egin; orduan, ez nintzateke asko mugituko. Orduan, ba, pixka bat debekatuta, edo ez gomendatuta dauzkadan jateko batzuk ba jateko baliatuko nuke: adibidez, ba Cola Cao jan eder bat egingo nuke. Eta beste gauza batzuk ba, ez dakit, urdaia ere aspaldian erdi debekatzen didate eta jango nuke. Eta horrelakoren bat egin eta gero, irten etxe ingurura eta txoriekin hitz egin eta abar. Eta, bueno, badoa mundua eta agur eta pozik; bestela ere joan behar dut, eta denok batera joatea hobe izango da.
MANU ETXEZORTU. Carlosek zer egingo luke, esango balizute, Carlos, gaurkoa duzu zure bizitzako azken eguna?
KARLOS CID IRRATIKO KOLABORATZAILEA. Buruan izan ditudanak izan dira: zer hartu bazkaltzeko? Eta Gernikako piperrak, zapoa, sagardoa –bi botila– eta posterako pantxineta hori ja ziur. Eta beste bi jarduera intelektual. Bat sexua, noski, sexua: jope, azken momentuetan normalean egiten ez dena egingo dugu, ezta; eta hondartzan bainu bat, hori ere polita izango litzateke.
XABIER AMURIZA. Eta bertan ito, ezta?
KARLOS CID. Eta bertan ito, bai.
XABIER AMURIZA. Ondo dago.

B2
02-20-2020
21551189
00:03:55
1459