Docutec
Agerraldia 15 Atala 8
MAITE: Eta noiztik dakizu zuk hori?
AMONA: Ba, egia esan, gaur, gaur jabetu naiz guzti horretaz! Honen aitona beti galdezka, ea kartarik jaso al nuen, ea ez al nuen ezer hartu... eta nik beti ezetz, ez nuela, ba, ezer jaso! Haserretu ere bai, behin baino gehiagotan, karta horiek direla eta ez direla... Ba, azkenean, badakizu, gure harremana galtzerik nahi ez nik, eta... azkenean, baietz esaten hasi... Alegia, iritsi zitzaidala bere karta hori, eta zeinen polita zen, eta abar.
MAITE: Baina... eta zergatik ez zenion egia esaten?
AMONA: Hara! Egia osoa ere esaterik ez delako komeni! Eta, gainera, hura hain despistatua izanik milagro ere ez da eta, ez dakit hain seguru ere egoterik baneukan... Beti izaten da... bateko sobrea ahaztu zaizula, besteko buzoirik ez duzula aurkitu... Hara, egia esan, beti aurkitzen nion neure buruari aitzakiaren bat karta horietaz ez hain seguru egoteko.
MAITE: Jakina! Azkenean, aita dabilen saltsa guztiaren berri jakin duzunean, benetan, karta mordoska bat idatzi dizula konturatu zaren arte!
AMONA: Ba, bai... hasiera-hasieratik nengoen seguru karta horiek nireak zirela, niretzat idatziak, alegia.
MAITE: Beno, beno... Eta orain? Amari esan beharko diozu, ba?
AMONA: Zure amari esan?
MAITE: Jakina, ba! Bereak dituelakoan dago gajo hura!
AMONA: Ez, ez, ez! Ez du nik esanda jakingo! Eta, gainera... zer premia daukat, ba, nik? Irakurri gabe ere badakit nik karta horien berri! Ez, ez... nik ez dut karta horien beharrik!
MAITE: Baina zeureak dira!
TXEMA: Zeureak eta zeuretzako, amona.
AMONA: Igual dio! Ni ez noa orain Maritereri disgustu hori ematera! Ezta...! Eta, gainera, zer demontre! Disgustua da gutxienekoa! Honen aitonarekin nabilela enteratzea nahi al duzu ama? Ez, ez! Nik ez diot esango karta horiek nireak direnik! Dagoela linboan, nahi badu! Nik ez diot esango.
TXEMA: Baina...
MAITE: Ba, nik esango diot, ba!
