Docutec
Latinezko euskal hitzak
Erromatarrek kultura klasikoa hedatu zuten Europan. Euskal Herrian ere euren eragina zabaldu zuten. Horren lekuko dira gaur egun, oraindik ere, erabiltzen ditugun hitzak: agur, aio, arbola, abere, aberats...
Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa da euskara. Mendez mende iraun izana sarritan euskaldunon burugogorkeriari egotzi zaio. Mendeetan aurrera egiteak, baina, hizkuntzaren beraren eboluzioa eta inguratu gaituzten herriengandik ikasitakoa barneratzea eskatu dio euskarari. Bidean topatu duen hizkuntzetako bat latina izan da.
Protoeuskarak
beharrizan jakin batzuk betetzeko balio zuen. Euskaldunon beharrak ugaldu ahala,
beste hitz batzuk sortzeko, asmatzeko edota mailegatzeko premia izan dugu.
Inguruotako hizkuntzak baliatu izan ditugu hitzok asmatzeko edo mailegu gisa
hartzeko; hizkuntza horietako bat da latina. Juan Manuel Etxebarria euskal
filologiako doktoreak eta Santiago Segura Mungia filologia klasikoko doktoreak
euskarak latinetik hartutako maileguen azterketa egin zuten duela urte batzuk
eta baita Latinetik euskarara liburua argitaratu ere. Etxebarriak,
latinetik euskararako hitzen bideari buruz hitz egin digu.
Erromatarrek kultura klasikoa hedatu zuten Europan. Euskal Herrian ere euren
eragina zabaldu zuten. Horren lekuko dira gaur egun, oraindik ere, erabiltzen
ditugun hitzak. Are gehiago, erromatarrek orduko euskaldunek ezagutzen ez
zituzten ohitura berriak ekarri eta euskaldunek bertako beharrizanen arabera
moldatu zituzten. Hor ditugu agur edota aio. Lehenengoa
augurium -seinale, zantzu- hitzetik eratorri zen; eta bigarrenak, aldiz,
"Jainkoari esker berriz ikusiko dugu elkar" adierazi nahi du. Euskaratik
eratorri ez diren terminoak ditugu horiek, ziurrenik euskaldunek ez zutelako
horretarako beharrik izan ordura arte. Gogoratu behar dugu euskaldun eta
erromatarren ohituren arteko alde izugarria. Bizimodu ezberdinek kultura
ezberdinduak sortu zituzten.
Latinak mundua ikusi eta interpretatzeko bestelako pistak eman zizkigun. Horri
esker, ordura arte, izena zuten hainbat elementu, hitz kontzeptual bakar baten
inguruan sailkatu ahal izan genuen. Kategorizazioa adierazi nahi zuen termino
hori latinaren mailegua zen: arbola hitzak barneratu zuen sagarrondoa,
intxaurrondoa, hurrondoa eta besteen esentzia; abere terminoak behia,
ardia, txakurra eta besteak biltzen zituen moduan. Are gehiago, hartutako hitz
berri horietatik euskarazko terminoak sortu genituen. Hala nola, aberats
-abereak dituena-. Juan Manuel Etxebarriak azaldu duenez, errealitate horretara
egokitzean, euskaldunok nortasunari heldu genion. Horrela uler daiteke premia
ezezagunei aurre egiteko gaitasuna.
Erromatarren hizkerak hainbat aukera eman zion orduko euskarari. Berrogeita
hamar bat aditz izatetik, mugarik gabe ugaltzeko metodoa aurkitu zuen euskarak:
latinezko -tus aditz marka onartu zuten euskaldunek. Joan,
etorri, ekarri, eraman/eroan eta beste aditz gutxi batzuk
baino ez zirenean, euskal hitzetatik eratorritako aditzak moldatu ahal izan
zituzten -tu marka berriari esker. Horrela sortu zituzten txikitu,
handitu, sortu eta abar; euskal erroarekin eta latinezko aditz markarekin.
Horri esker, gaur egun ere, premia berriei erantzuteko baliagarria den formula
daukagu.
Gauza bera gertatu zen hainbat atzizkirekin. Ezagunena, agian, -ari da:
pilotari, errotari, agintari. Latinak -aris atzizkia utzi zigun
eta horrela euskal hizkera aberastu ahal izan dugu. Horrela, gaurko maileguak
onartzeko ere egokia suertatu zaigu -ari atzizkia, adibidez, futbolari
hitza sortzeko.
Euskalkietan ere, eragina
Euskalkiek euren aldetik ere latinaren hainbat mailegu hartu zituzten. Sarri
askotan, baina, elkarri ulergaitz egiten zaizkion terminoak bereganatu zituzten
euskalkiek. Esaterako, bizkaieraz zabalduta dagoen atrebidua adjektiboa
ez dator bat Iparraldean hedatutako ausarta bertsioarekin. Bi hitzok
latinetik hartutakoak izanda, eta esanahi berekoak, euskalki bakoitzak bere
eremuan aplikatu zituen. Atrebiduaren jatorria begi bistakoa da; ausarta,
latinezko aususetik dator.
Beste batzuetan, aldiz, euskalki bati egozten zaizkion latinezko hitzak ez dira
gauza bakar bat adierazteko erabiliak. Adibidez, Bizkaian leihoari bentanea
esaten zaiola uste izan arren, onartu behar da leiho terminoa ere
erabiltzen dela. Hau da, latinezko hitza ezaugarri jakin batzuk dituen leiho
berria izendatzeko erabiltzen da. Leihoa kortan edo ukuiluan zegoenari
esaten zaio, markorik gabekoari, hain zuzen. Markoa duen leihoa izendatzeko,
bentanea hartu zen.
Astegunak ere, bere modura izendatu zituen bizkaierak. Euskal asteak, hasiera
batean, hiru egun baino ez zituen: astelehena, asteartea eta
asteazkena. Geroago, larunbat gehitu zitzaien, lauren bat
adierazi nahi duena hain zuzen, erromatarrek egiten zuten astean behineko
etenaldia barneratu guran. Kristautasuna zabaltzeagaz batera, "Jaungoikoaren
eguna" zabaldu zen: dominiko izenekoa. Azkenean, zazpi eguneko astea
sortu zuten euskaldunek, ondoko kulturen moduan. Astelehena, asteartea,
asteazkena, ortzeguna -gero, osteguna-, ortzirala -gero,
ostirala, larunbata eta igandea. Bizkaian, berriro ere,
latinaren ordena jarraitu zuten, egun batzuen izenak mailegu bidez hartuz eta
beste batzuk asmatuz, egun argi-hitza bitarteko -eguaztena, eguena.
Kristautasunaren eragina begi bistakoa da, ostirala bariku izendatu
zutelako, hots, "abari bagako eguna" -baraua egitearena, hain zuzen-.
Euskararen nortasuna
Azterketa filologikoak agerian uzten ditu euskaldunon eta gainontzeko herrien
arteko ohitura ezberdintasunak. Azken batean, hizkuntzak bizitza ulertzeko modua
azaltzen du. Esate baterako, euskaraz baino ez dira gosea eta egarria
adierazteko aditzak trantsitiboak. Gurean, gorputzak sentitutakoak ez dagozkie
ondareari, eta horregatik esateko molde berezia. Aditzaren aglutinazioa bera
"oso sistema landua" dela azpimarratu du Juan Manuel Etxebarriak. Subjektua,
objektua -bere plurala- eta aldia hitz trinko bakar batean esaten dugu.
Gainontzeko hizkuntzek ere ez dute emakumezkoentzako hitanorik sortu. Horrek
agerian utz ditzake orduko euskaldunon arteko harremanak. Izan ere, hainbat
kulturarekin topo egin arren eta eurengandik maileguak hartu, gure sustraiak
mantendu ditugu, mundua interpretatzeko gure ikuspegia aldatu ez dugulako
