Docutec
Bandoleroak, bidelapurrak ala kriminalak?
Euskal Herrian ere, egon, bazeuden bandoleroak, edo bidelapurrak. XIX. mende hastapenetan lurralde hauetako baso eta portuetan, iheslari gisa bizi zen euskaldun franko zegoen. Bandolero ongileak, kriminalak edo bidelapur gosetuak, zer ziren?
URKO APAOLAZA /
Bandoleroei buruz hitz
egiten dugunean segituan irudi finko bat datorkigu burura: Andaluziako Sierra
Morenara ihes egindako patiladun gizon haiek, trabukoa eskuan, labana sakelean
eta zapia buruan zutela, hamarnaka abentura bizitako gizaseme gogorrak. Baina
Euskal Herrian ere, egon, bazeuden bandoleroak, edo bidelapurrak. XIX. mende
hastapenetan lurralde hauetako baso eta portuetan, iheslari gisa bizi zen
euskaldun franko zegoen. Bandolero ongileak, kriminalak edo bidelapur gosetuak,
zer ziren?
Ezin
ditugu bandoleroak leku zehatz batera mugatu; noski bandolerismoak leku
bakoitzean ezaugarri ezberdinak zituela, baina munduko bazter guztietan zeuden;
zer dira bada Ingalaterrako Robin Hood, edo Txekiako Johan Georg Grasel
famatuak?
Baina ez bazter guztietan bakarrik, garai guztietan ere existitu dira
bandoleroak, XII. mendean Aymeric Picaud frantziar erromesa euskal lurraldea
igarotzeko beldur zen, Ibañetako gainean bidelapurrek bertan hilko zutelakoan.
XV. mendean, berriz, Sancho Rota izeneko gizon bat oso ezaguna egin zen, garai
haietan basoz estalirik zeuden Bardeetan gordetzen zen, bertan lapurretak eta
bahiketak egiten zituen; Navarro Villosladak «Blanca de Navarra" printzesaren
bahiketan parte hartu zuela dio eta lagunekin eskuzabala baina arerioekin
krudela zela.
Agintarientzat gaizkile, herritarrentzat ongile
Ezin dezakegu ukatu ordea, bandolerismoaren urrezko garaia, Aitzin Erregimenaren
krisiarekin batera etorri zela, XVIII. mende bukaeratik XIX.aren hastapenetara.
Urte hauetako krisiak biztanleria txiroa gogor kolpatu zuen eta askok
lapurretetara jo zuten diru sarrera gehiagoren bila.
Baina bandolero hitzak badu esanahi sakonagorik, ez ziren lapurretak edo
delituak egitera soilik mugatzen, nahiz eta garai haietako dokumentu ofizialek,
gaizkile, delinkuente eta pertsona maltzur bezala tratatzen zituzten. Esaterako,
1799an fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen Joaquin Iturberentzat, antza denez:
lapurretak egin, asmo maltzurrak izan eta edonor hiltzeko prest egoteagatik.
Paradoxa nabarmena hala ere, Santua ezizenez ezagutzen zen bandoleroa baitzen
Iturbe hau. Beraz, agintarien ustez, maltzurrak, hiltzaileak eta bidegabekeriak
egitera ohituak genituen lagun hauek.
Zein irudi gorde zuen ordea gizarteak pertsonaia hauen inguruan? Bandoleroa ez
zen gizon maltzurra; alderantziz, lapurretan hasi baino lehen lanbide duinetan
ibilitakoa zen, baina gertakizun zehatz batzuek bandolerismora bultzatu zuten.
Bandoleroak ez zuen sekula inor hiltzen, lapurretak edo asaltoak justizia bere
modura banatzeko tresna ziren. Horrelakoa genuen Baztango Txitxos, seminarioa
utzi eta aberatsei lapurtzen hasi omen zen behartsuei emateko; Eltzoko apaizak
ere abituak utzi zituen gauza bera egiteko. Bandoleroa mito bizidun bihurtzen
zen horrela, bizkorra baitzen, makina bat aldiz kartzelatik ihes egindakoa eta
hamaika istorio bizitakoa. Baina gehienetan amaiera garratza izaten zuen,
adiskideren batek engainaturik harrapatua eta ia beti heriotzara kondenatua.
Guiñi eta Patakon, euskal bandolero bi
Euskal Herrian bandolero ezagunak ez ziren asko izan, baina badaude adibide
batzuk. Horien artean aurkitzen dugu Juan Joseph Ibargoien, Guiñi deiturikoa eta
1767an Irungo Urruzenea baserrian jaiotakoa. Lapurretetan hasi aurretik soldadu,
mikelete, eta kontrabandista izan zen, kortsario lanetan ere ibili zen. Baina
1800 urtearen bueltan Guiñik Euskal Herriko bazter guztietan makina bat
lapurreta burutu zituen, ia beti Pedro Carderecar Frantses Txikiak lagundurik:
Bizkaiko Zaldropon, Gipuzkoako Zubietako Araetan, Errenteriako errege bidetik
pasatzen ziren bidaiariei eta Aramako alkatearen etxean ere lapurtu zuen. Baina
kartzelak ere ongi ezagutzen zituen, Gasteizen, Gernikan eta Ferrolen egona zen,
guztietatik ihes egitea lortu bazuen ere.
Guiñiren lapurreta sonatuena 1800eko uztailean Hernanin egindakoa izan zen,
bertan, 30 lagunez osaturiko talde batek 134.000 erreal lapurtu zituen herrian
tiroka sartu eta gero; antza, kontrabandorako dibisak ziren, udalak,
konfiskaturik eta etxe batean gorderik zituen sosak. Baina lapurtutakoa ez zen
talde honen artean banatu, Iparraldeko kontrabandistei eman baitzitzaien, beraz,
diru erreskate bat izan zen eta ez lapurreta soil bat. Hernaniko ekintza honen
ostean Guiñi iheska ibili zen, baina azkenean Donostiako Motako gazteluan bukatu
zuen preso, 1804ko apirilean Bartholome Aguirre kidearekin batera hil zuten,
hiriburuko Plaza Berrian garrotea emanez.
Bizirauteko bakarrik lapurtzen zuen Guiñik, baina bandolero nortasuna ere
bazuen, nahiz eta aberatsei lapurturikoa behartsuen artean banatu ez. Horretan
zintzoago jokatzen zuen Patakonek, Manuel Antonio Madariaga izeneko bandolero
famatuak: "Patakon, dekonari kendu eta estekonari emon", diote Bizkaiko
Larrabetzuko zaharrenek. Lanbidez errementaria zen, idazten eta irakurtzen ere
bazekien, baina osaba bat apaizaren etxean lapurreta egiteagatik kartzelan egona
zen eta askazi berekoa genuen Patakon. 1823an bere lehenengo lapurreta burutu
zuen eta hortik aurrera, lapurretak eta kartzela aldiak besterik ez zituen
ezagutu: Arabako Kexaan, Bizkaiko Bizkargin, abade eta aberatsen etxeetan...
Azkenean 1848an harrapatu ostean Melillara eraman zuten eta bertako kartzelatik
ihes egitea lortu bazuen ere, Afrikan hil zela esan ohi da.
Patakoni buruzko makina bat istorio eta sinestek iraun dute gaur egun arte,
bizkorra zela esaten dute: behin, sortu berria zen Guardia Zibila atzetik segika
zuela, zaldiaren erradurak atzekoz aurrera jarri zituen eta modu horretan
arrastoa galtzea lortu zuen. Beste behin, errenta ezin ordaindurik zebilen
alargun bati dirua eman zion, baina berriro berreskuratu zuen ostera, ugazaba
errenta kobratzetik zetorrela, bidean azaldu eta diru-poltsa kendu baitzion.
Inork ez zuen zalantzan jartzen Patakon lapurra zela, baina "lapur onratue" omen
zen, beti behartsuen alde egiteko prest.
Bandolerismoa: Krisiaren adierazle
Menderik menderako igarobide horretan, Erregimen Zaharraren krisi ekonomikoaz
gain, gerrak ugaritu ziren. 1893an Konbentzioko Gerra, 1808an frantsesen
kontrakoa, 1820an liberalen kontrako partida errealistak eta 1833an lehen
Karlistaldia gauzatu zen. Krisi ekonomiko eta gerra giro honetan murgildurik,
bandoleroek leku erosoa aurkitu zuten, askok gerra hauetan parte hartu zuten
gainera ûGuiñi eta Joaquin Santua soldadu izan ziren eta Patakon partida
errealistetan ibilia zenû; izan ere, ezegonkortasun politikoak eraginda,
bandoleroek justizia euren kabuz erabili nahi zuten, herritarrak goseak
baitzeuden eta bizirauteko modu bakarra lapurreta zen.
Bandolero gehienak ez ziren sekula herritarrengandik urrundu, askotan
bizilagunek laguntzen zietelako jarraitzen zuten libre, hauen etxeetan lo egin
eta jaten zuten, atxilotzera zihoazenean berriz, abisua pasatzen zieten ihes
egiteko... Noski, bandolero bakoitzak bere nortasuna zuen, batzuek elkartasuna
zer zen ere ez zekiten, beste batzuk berriz herritarren begiko ziren. Onartu
beharra dago ordea, bakoitzak bere modura, baina guztiek garai haietako gizarte
ezberdintasunaren kontrako borrokan parte hartu zutela.
