HABE.- Non jo duzue bideo-klipa egiteko orduan?
GORKA URBIZU (Kantaria eta gitarra-jolea).- Hementxe, gela honetan bertan egin dugu bideoaren zati bat. Iruditu zitzaigun Eskuak/Ukabilak azken diskoak merezi zuela bultzadatxo bat: zortzi hilabetetan 35 kontzertu eman ditugu azken diskoarekin, udazken-negu partean. Eta iruditzen zaigu disko bakoitzetik zerbait iruditan izatea inportantea dela, nahiz ez dagoen horretarako ohitura handirik. Aurreko diskoaren (Ikasten) irudirik ere ez genuen grabatu, eta azken kontzertuan hurrengoarekin zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Hainbat telebistatatik ere hasi dira bideo-klip hori eskatzen. Web-orrian egin genuen inkesta bat eta Oihu kantua irten zen garaile, eta momentuz erdia besterik ez dugu grabatu. H.- Konforme geratu al zarete inkestaren emaitzarekin? Zuengatik balitz, beste kanturen bat aukeratuko zenukete?
AITOR OREJA (gitarra-jolea).- Oihu beste kantu-pare batekin batera hautagaien artean zegoen. Azkartasun pixka bat daukan bideo-klip bat nahi genuen, dinamiko samarra; eta abesti egokia iruditu zitzaigun. G.U.- Gauza da disko honekin atera diren single-ek gure alderdi melodikoena azaldu dutela, Biziraun, SMT... Hori gure alderdi bat da, baina badugu beste bat gogorragoa, eta horretarako Oihu balekoa da. H.- Diskoarekin batera ateratzen den liburuxkan ere gogortasun hori nabari da. Eskuetan hartu, eta papera zakarra da. Horren bila joan zarete?
G.U.- Bai. Diskoan inportanteena kantuak dira, musika. Baina, liburuxka ere zaindu dugu, eta Eskuak/Ukabilak izenburuarekin bat datorren zerbait berezia egin nahi izan dugu. Alde batetik, 'Eskuak', zerbait laztantzeko, eta hori irudikatzeko zilarrezko tinta hori, eta bestetik 'Ukabilak', eta horretarako paper lakar, latz hori. Eta bi alderdi horiek letretan ere hor daude. Eta musikan. Eta oso ondo adierazi du hori portada egin duenak, Uharteko Victor Anduezak. Aurreko diskoan ere gurekin aritu zen. Fitxaje ona izan da. Bartzelonan, Madrilen...
H.- Bartzelonara joan zarete, Madrilen ere izanak...
A.O.- Aurreko larunbatean izan ginen Madrilen, umeentzako parke batean, globalizazioaren aurkako kontzertu batean. Zortzi mila lagun entzuten, sei-zazpi talde jotzen, sarrera doan... G.U.- Baditugu hiru disko kalean, badugu oinarri bat... eta uste dugu kanpora irtetekotan orain dela garaia. Kanpoan kritika onak izan ditugu. Euskaraz arituz gero ezin daitekeela ezer egin esatea hortik zehar oso erraza da. Baina, horri buelta eman dakiokeela ari gara erakusten: udan badugu beste kontzertu bat Katalunian. Lehen ordaindu egin behar zenuen jotzeko, eta orain alderantziz. Madrilen zailagoa da. Katalunian, ordea, badago halako elkartasun politikoa euskaldunekin. H.- Eta berdin jotzen duzue toki txiki batean eta leku erraldoi batean?
A.O.- Jotzeko
jarrera bera da, behin taulara aterata barrua hustu egin behar duzu. Txikiak
xarma gehiago dauka agian. Handiak ere baditu abantailak: ekipo ona, ibilaldi batean igual ordubetean 10-12 mila lagunek entzuten zaituztela... Baina, txikian berotasun handiagoa duzu. G.U.- Toki handian badago halako sentsazio bat, ez dut esango bakardadea, baina horrelako zerbait bai, elkarrengandik urruti gaudelako. Baina hori gainditu egin behar da. H.- Kritika onak hobetzera behartzen al du taldea?
A.O.- Bai. Hurrengo diskoa eta zuzeneko kontzertuak hobetzera. Ezin duzu izugarrizko diskoa egin, eta gero, kontzertu kaxkarrak eskaini. G.U.- 'Eskuak/Ukabilak' egiteko orduan gaizki pasa genuen. Uztekotan izan ginen. 'Ikasten' diskoarekin egindako bira eta gero, batetik bestera ibili ondoren, oso nekatuta bukatu genuen. RUBIO (baxua).- Oso, oso nekatuta. A.O.- Urtebetean hirurogeita hamar kontzertu eman ditugu. G.U.- Gainera, taldearen inguruko hainbatek huts egin zigun, tirabirak... Hiru disko plazaratu ditugu, eta bakoitza manager batekin. Ez dugu ba asko eskatzen, taldearen ikuspegia izango duen norbait baino ez. H.- Izango dituzue, bestela, kontatzeko moduko istorioak!
G.U.- Batzuk bai! Herri bateko Gaztetxera joan behar genuen eta ez genuen ez furgonetarik ez ezer. Azkenean Rubioren aitarekin joan ginen kotxean eta, tresnak eta eramateko bila etorriko zela esan zigun. Entzuten bi lagun bakarrik, Gaztetxeko tabernako bi tabernariak. Guk jo egin genuen, eta azkeneko kantan ari ginela 20 bat laguneko koadrila bat sartu zen, afariren batetik edo zetozenak. Hasi dira 'beste bat!, beste bat!' esanez. Berriro kontzertu oso-osoa jo genuen. Bukatutakoan, nola itzuli etxera? Gure bila etortzekoak zirenak azaldu ez, kobratu gabe... Gaztetxekoei 10.000 pezeta eskatu genien lotsa-lotsa eginda taxi bati deitu eta etxera etortzeko. Orain dela zortzi urte izan zen. Beste behin, kontzertu batean belauna atera zitzaidan. Tekno musikaz
H.- Zer gertatzen zaizue tekno musikarekin?
G.U.- Jendeak ikusi beharko luke zein egoeratan atera dugun Eskuak/Ukabilak. Guk Gaztetxean entseatzen dugu, hor daukagu gela bat. Eta Gaztetxeko koadrila egun osoan teknoa entzuten aritzen da, eta gerra ez dut esango, baina gu igual kanta bat jotzen aritu, bukatu, eta eurak, pun-pun-pun! A.O.- Geurea ez aditzeagatik eurek altuago jartzen dute musika. Entseatzen ari garenean tarteka zerbait erabakitzeko jotzeari uzten badiogu, eurek teknoa jartzen dute zarata batean. G.U.- Hemen ez dago rocka entzuteko tabernarik, orokorrean musika 'patxangeroegia' entzuten da, telebistan entzuten dena, komertzialegia, betiko 'horterada' horiek. Hori ere beharko da, baina hori bakarrik... Kexu hori SMT kantan ikusten da. H.- Loquillo kexatu izan da gazte jendeak gazte izateari uzten dionean ez duela rocka jotzen. Ea zergatik 50 urteko batek ezin duen rocka jo...
G.U.- Zaila da. Politikan ere gertatzen da, 18 urterekin 'iraultzailea' zara eta gero 30ekin agian ez gara izango hainbeste. Baina argi dut 80 urterekin Eskuak/Ukabilak bezalako disko bat gustatuko zaidala. H.- Zuen esku egotera, zein talderekin joko zenukete?
A.O.- Beti ere elkarren artean ondo konpontzen garen talde batekin. Esate baterako, Leihotikan taldekoekin. G.U.- Baina kontzertuetan, ez bada gaztetxeren batean edo, ez da erabakitzen norekin jo. Izan ditugu harremanak kanpoko taldeekin. Baina, orain artekoan ez zaigu oso ondo atera: Valentziako talde batekin ibili gara. Beraiek kontzertu batera etorri ziren, eta gu ordainetan, euren beste batean joko dugu. Geurean jo zuten, baina oraindik zain gaude guk noiz joko eurenean. Madrileko Sober taldearekin jo genuen Gasteizko gaztetxean, beraiek deituta gainera. Orain arrakasta handia dute, gorbatadun managerra... Zain gaude oraindik. Beraz, elkar trukatze horiek ez zaizkigu ondo irten. Baina Madrilen jotzeko Soberrek deituko baligu... 3.000 lagun entzuten... Sariak bai, baina...
H.- Berri Txarrak diskoa atera zenuten Euskadi Gazteak antolatzen duen maketa-lehiaketa irabazi zenutelako. Gainera, Nafarroako rock-lehiaketa ere irabazi zenuten. Nola iristen da talde bat gora lehiaketarik irabazten ez badu?
A.O.- Ken 7 berak ez du ezertxo irabazi eta goian daude: zortea behar da, disko ona... G.U.- Hor dago Nafarroako rock-lehiaketa eta nik ez dakit zer gertatzen den. Hor irabazten duena hurrengo urtean desagertu egiten da. Nik uste dut gu garela lehiaketa horretan zerbait irabazi eta segitzen duen talde bakarra. Villa Bilbaorekin ere antzeko zerbait! A.O.- Lehiaketako dirua baino inportanteagoa da non jo, publizitatea izatea zure inguruan...