Docutec
Euskalduna, baskoa eta etorkina izatea
Jatorriz kanpotarra izanik, aspaldian Euskal Herrian bizi den pertsona honek bere izaeraz gogoeta laburra egiten digu egunkarian azaldutako eskutitz honetan.
...Niretzat biziki pozgarria izan da Arana jaunak ni «euskalduntzat» hartu izana. Haatik, ez nuen esan «ez naizela euskalduna», kanpotarra baizik, horixe baita nire patua, derrigorrez jasan beharrekoa. Euskal Herriko agiri nazionala daukat (eta izenak ofizialki euskaratuta dauzkat), baita Espainiako NANa ere, baina, arrazoi askorengatik, kanpotarra naiz bai hemen, bai Ameriketan, bai Thailandian, bai edonon. Haurtzaroa Afrikan emana (urterik esanguratsuenak bederen), aurreneko urteak eta nerabezaroa Estatu Batuetan emana, eta, zer esanik ez, helduaro oso-osoa Euskal Herrian emana, ez naiz inongoa, baina, aldi berean, bai hemengoa, bai Coloradokoa, bai eta Angolakoa ere.
Euskalduna naiz, bai horixe, euskaraduna alegia, baina ez naiz Hegoaldeko baskoa. Hori ezinezkoa da. Horrelaxe da Europa. Estatubatuarra nahiz brasildarra zein australiarra izan ninteke, baina nekez bizitza honetan behintzat izango naiz baskoa, edo holandarra edo ingelesa edo eskoziarra edo frantsesa edo Europako/Asiako edonondarra, Europak/Asiak ez baititu etorkinak benetan asimilatzen.
Etorkina beti etorritakoa da eta izango da eta euskaldunek, zeharka edo zuzenean, goiz edo berandu, halaxe jakinarazten diote kanpotik etorritakoari. Hemen, kasurik hoberenean, euskaraz dakien amerikarra (edo yankia edo iparramerikarra) izango naiz hil arte; baina, behintzat, eta horixe jakin bedi, amerikar euskaltzale amorratua.
(moldatua)
