Docutec
Berlin zaharberritzen ari den hiria
Hegazkinez Berlinera iristen zarenean, hiria lekuz eta basoz inguratuta azaltzen zaizu. Auzo bakoitzak bere basoa, lorategia edo parke zabala du. Hiri barruko kaleetan zehar ibiltzean sentsazio hori berehala baieztatzen duzu. Tiergarten berdegunea, Friedrichsfelde, Babelsberg eta Viktoria parkeak, lasai paseatzeko toki paregabeak dira. Berlin hiri laua da, ez da Paris edo Venezia bezain erromantikoa, baina baditu bere ibaiak itsasontzian ibiltzeko, esate baterako, Spree eta Havel.
Ekialdeko Karl Marx etorbidea gurutzatu eta Alexanderplatz aldera joanez gero, eraikuntza lanak ikusiko dituzu han eta hemen. Sobietarren eskuetan egon zen hiri gunean kale zabalak eta enparantza handiak daude. Erregimen frankistaren lehen urteetan egindako etxe multzo karratuen antzeko bizilekuak dira. Gorantz burua altxatuz gero, 365 metroko telebistaren dorrea, aurrerapen sozialistaren eredu gisa. Denda atariak itxuratu beharrekoak. Tranbiak eta autobusak taxuzkoak. Bizikletaz gazte eta heldu asko.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren mendebaldean geratu zen Brandenburgoko aterantz joan nahi dut. Karl Liebknecht kaleak Marx eta Engelsen parkera garamatza. Enparantza handiari begira sozialismo zientifikoaren bi ideologoen eskulturak. Auskalo zer dioten gaurko egoera politikoaz! Plazaren ertz batean, Rotes Rathaus, adreiluz egindako udaletxe gorria. Atzean San Nikolas elizaren bi dorre zorrotzak eta izen bereko auzo atsegina.
Spree ibai-ertzetik joanez gero, museoen uhartera iristen zara. Antzinako berlindarrek bizi izan ziren gunea da. Turista ugari itsasontzietatik irteten. Bertan Berlingo katedrala, XVIII. mendeko eraikin neobarrokoa kupula ederrarekin. Inguruetan atari neoklasikoa duten museo ezberdinak: Ägyptisches Museum, Altes Museum, Pergamonmuseum... Ia denak aldamioz inguraturik aurpegia eta teilatuak eraberritzen ari zaizkielako. Barruan Greziatik, Egiptotik eta Mesopotamiatik... Alemaniako jauntxoek ekarritako artelanak gordetzen dira: Nefertitiren bustoa eta Ishter-eko atea, besteak beste.
Unter den Linden kalearen ezker-eskuinean barroko eta neoklasiko estiloko jauregiak: Altes Palais, Altes Bibliothek, Printzearen jauregia, Guggenheim Museoa.... Ikasleak orduantxe ari dira Humboldt Unibertsitatetik irteten. Pariser Platz-era ailegatu aurretik, Charlottenstrasse Gerdarmenmarkt plaza bisitatzera desbideratzeko gogoa sortzen zait, baina denboraz nahiko justu nabilenez, beste egun baterako utziko dut.
Berlin, esan ohi da, etorkizunari begira bizi den hiria dela, erregimen totalitarioak ahaztu eta Europaren aitzindaria izan nahi duelako. Pariser Platz-era gerturatzen ari zaren neurrian hiriaren itxura dotoreagoa bihurtzen da. Brandenburgoko ateak, berlindarren sinboloak, bere aurrean harresia altxatu ziotenean (1961) bezain tinko jarraitzen du. Harresia bota eta Berlin elkartu (1990) ondoren egindako eraikin berriak azaltzen dira: Frank Gehry-ren DG bankua eta Arte Akademia, besteak beste. Brandenburgoko atearen azpitik pasa eta eskuinera hartuz gero Reichstag edo Parlamentuarekin topo egiten duzu. Altzairuz eta kristalez Foster-ek egindako kupulak atentzioa deitzen du. Bere atarian belardi zabala, toki paregabea atsedenaldi bat hartzeko. Spree ibairantz gerturatzen bazara, diseinu berriko eraikinak aurkitzen dituzu: Chillidaren eskultura aurrean duen Kantzelaritza, Paul Löbe, Parlamentuaren bulegoak, trenen Geltoki Nagusia...
Brandenburgo atetik Potsdamer Platz-era joateko Ebertstrasse kalea hartzea da egokiena. Metro batzuetara judutarren holokaustoa oroitzen duen monumentua dago. Berrehun harlauza handik osatzen dute artelan hunkigarria. Begi-bistan Potsdamer Platz-eko Sonyren eta Chryslerren eraikinak ditugu. Hura da Berlingo arkitektura berriaren eredurik nagusiena. Berlinale zine jaialdia ospatzen da. Bigarren Gerra Mundialean txikituta geratutako plaza, abangoardiako arkitektoek eraberritu dute. Inguruetan dauden Bauhaus-eko diseinugileen eraikinak txikiak geratzen dira Renzo Pianok, Moneok, Arata Isozakik eta abarrek altxatutakoen ondoan. Günter Grass idazleak gogor salatu du hiriaren egitura berri hau. Berak dioenez, enpresa multinazionalei nahi duten guztia egiten utzi zaie eta sozialismo errealaren aurrerapenak erabat zokoratu dira.
