detalle dokuteka-generico-fitxa

Naroa Agirre: "Nire fama oso goxoa da"

Pekineko Joko Olinpikoetara abiatu aurretik, Naroa Agirrerekin hitz egiteko aukera izan dugu eta izarra nola jaio zen azaldu digu: "pixkanaka eta gogor entrenatzen". Bistan da Naroa Agirre Euskadiko atletarik bikainenetakoa dela. Baina, horrez gain, bere aurpegia edozein euskal kirolarirena baino ezagunagoa da. Izan ere, Euskal Telebistako lehen katean ikusten dugu gauero, Goenkale telesailean. Agerraldi txiki bat egiteko proposamena egin zioten duela lau urte, eta hantxe jarraitzen du oraindik ere. Emakume ausarta da Naroa Agirre, zailtasunen aurrean amore ematen ez duen horietakoa. Txapelketak, oroitzapen politak eta desatseginak, telebista eta fama. Horri guztiari buruz mintzatu zaigu 28 urteko donostiarra.

Nola bizi duzu Pekinera joan aurreko tarte hau?
Alde batetik, denbora gutxi gelditzen da Pekinera joateko. Baina, bestalde, goizegi da baloraziorik egiteko, oraindik gauza asko gerta daitezkeelako. Aire zabaleko txapelketak ekainetik aurrera hasiko dira eta lehian nola ibiliko naizen oraindik ez dakit, entrenamenduetan neure burua ondo ikusten badut ere. Pistako probetan, berriz, aldaketa batzuk egin ditugu azkenaldian eta uste baino maila baxuagoa ematen ari naiz. Halere, oraintxe nagoen bezala iristen banaiz, finalean sartzea da nire helburua.

Inguruan urduritasun edo giro arrarorik nabaritzen al duzu?
Joko Olinpikoek prentsaren interesa erakartzen dute eta egia da giro arraroa atzematen dela. Mugimendu gehiago sumatzen dela esango nuke. Azkenaldian kazetari gehiago dabil gure inguruan eta entrenatzen ari garela normala da hura ala bestea argazkiak ateratzen edo elkarrizketa bat egiten ikustea.

Kirolari batentzat, Joko Olinpikoak baino gauza handiagorik ba al dago?
Ahal dudan onena ematen saiatzen naiz edozein txapelketa dudanean, baina horrek ez du esan nahi lehiaketa guztiek garrantzi bera dutenik. Kirolari gehienontzat Olinpiada ez da edonolako txapelketa. Garrantzitsuena da. Agian, tenis jokalarientzat edo txirrindularientzat Olinpiada baino garrantzitsuagoak diren lehiaketak egongo dira, Wimbledon edo Tourra, esate baterako. Baina, niretzat inportanteena horixe da.

Nola gogoratzen duzu Atenasko olinpiada?
Haiek nire lehen Joko Olinpikoak izan ziren. Han egotea ametsetan egotea bezala izan zen, eta, parte hartzeaz gain, seigarren gelditu nintzen. Dena ondo atera zen eta oso oroitzapen polita gordetzen dut.

Birminghameko Europako txapelketatik kanpo gelditu zinen pertika puskatu zitzaizulako. Une horietan, frustrazio handia sentituko zenuen...
Ez nuke esango frustrazioa sentitu nuenik. Frustrazioa baino, ezintasuna sentitu nuen. Behin bakarrik gertatu zait pertika puskatzea. Eta, gainera, ez da gauza bera entrenamenduan ala Europako txapelketan gertatzea. Ezintasuna sentitu nuen nire esku ez zegoen ezbeharra gertatu zitzaidalako. Gaur egun, ordea, anekdota huts modura ikusten dut gertakari hura. Pertika puskatzea ez da batere arrunta eta uste dut kupoa bete dudala bizitza osorako.

Une latzei aurre egiteko gaitasun handia duzula esango zenuke?
Bai. Birminghamen adibidez, pertika puskatu arren beste pertika bat hartu eta jauzia egin nuen. Agian, beste atleta batzuk beldurra sentitzen dute horrelakoetan, edo amore ematen dute. Nik ez dut amore ematen.

Zein da bizi izan duzun unerik hunkigarriena?
Espainiako lehen marka hautsi nuenean. Errekorra 4,30 m zen eta nik 4,32 m gainditu nituen. Iruñean izan zen eta oso hunkigarria izan zen.

Eta unerik gogorrena?
Asko daude, batez ere entrenamenduak dira gogorrak, gauzak ondo ateratzen ez direnean. Txapelketetan gauzak okertzen direnean, ez duzu pentsatzeko denbora gehiegi izaten, baina entrenamenduetan ondo atera arte saiatu egin behar duzu eta nahiko latza izaten da.

Jon Karla Lizeaga, entrenatzaile eta senarra duzu.
Lehenik eta behin esango nizuke ez nukeela aldatuko. Gaur nire senarra entrenatzaile bezala nahi dudan galdetuko balidate, baietz erantzungo nuke. Gehien ezagutzen nauen pertsona da eta horrek, noski, bere alde onak eta txarrak ditu. Esate baterako, momentu onetan konplizitate handia dugu. Momentu latzetan, berriz, zaila da entrenatzailea eta senarra bereizten jakitea, sentimendu asko nahastu egiten direlako tartean. Pista eta etxea ondo bereiztea oso garrantzitsua da eta nahiko ondo egiten dugu. Oro har, oso gustura gaude elkarrekin.

Santo Tomas Lizeoan hasi zinen atletismoa egiten. Noiz konturatu zinen, ordea, kirolari ona zinela?
Pixkanaka konturatu nintzen. Txikitatik gustatu zait lasterka egitea eta jauzi egitea. 2002an, berriz, pertikan serio hastea erabaki nuen eta horretarako bereziki entrenatzen hasi nintzen. Gero gauzak ondo atera zitzaizkidan eta noraino hel nintekeen ikusi nuen.

Gero Bartzelonara joan zinen...
Bai, ikastera joan nintzen. Errendimendu handiko zentro batera joan nintzen, baina nire lehentasuna ikasketak ziren. Ingurumen Zientziak ikasi nituen eta praktikak eta guzti egin nituen. Halere, oraingoz, ez daukat horretan lan egiteko asmorik. Nahikoa lan daukat txapelketekin eta telebistarekin.

2004an hasi zinen Goenkale telesailean. Zer dela eta?
Agerraldi txiki bat (Kameo) bat egiteko proposamena egin zidaten beste pertsona famatu askorekin egiten duten bezala: futbolariak, musikariak... Ondo atera zen eta hiruhilabeterako papera eskaini zidaten orduan. Zalantza asko izan nituen, aktore izatea ez baita inoiz nire asmoa izan. Baina, lehenengo pausua eman ondoren, erraztasun handiak eman zizkidaten. Hasieratik aurkitu nuen neure burua oso gustura, eta hiru hilabeteak bukatu zirenean, kontratua luzatzea erabaki zuten, gaur arte. Lehen agerraldian Naroa izenarekin azaldu nintzen eta horrexegatik mantendu dute izen bera. Jende askok neure buruari buruzko papera dela uste du, baina Goenkaleko Naroak ez dauka zerikusirik nirekin.  

Zer da zailagoa, pertika jauzia egitea edo telebistako gidoia buruz ikastea?
Biak dira errazak. Baina, ondo egitea, berriz, bi kasuetan da zaila.

Pertsona ezezagun batek Interneteko domeinua erosi omen dizu opari moduan...
Benetan? Ez nekien. Anekdota hutsa dela uste dut, baina halere eskertu egiten dut. Web orrialdea egitea, ordea, ez daukat batere argi. Kirolariei buruzko web guneak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, baina eguneratu egin behar dira eta orain ez daukat asmorik lan hori hartzeko.

Fama, ospea gustuko duzu?
Nire fama oso goxoa da. Jendea gerturatzen zaidanean, gauza politak esateko izaten da. Atletismoari dagokionez, zoriontzeko, adorea emateko edo zortea opatzeko gerturatzen zait. Goenkale telesaileko jarraitzaile asko ere etortzen dira nigana oso gustuko dutela esateko edo telesaileko Naroak egin behar lukeenari buruzko aholkuak emateko. Izan ere, jende askok egiatzat hartzen ditu Goenkalen gertatzen zaizkidanak. Nik irribarre egin eta eskerrak ematen dizkiet. Hasieran, Goenkalen ateratzen hasi nintzenean batez ere, nahiko arraro sentitzen nintzen jendeak begiratzen ninduenean. Gaur egun, berriz, askotan konturatu ere ez naiz egiten.

x61pRelaContWAR

Interesting for you



detalle2

Document library

B2
05-09-2008

x61pRelaContWAR

16504339

x61pViewCountWAR

5501

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR