detalle dokuteka-generico-fitxa

Sekretu profesionala erizaintzan

Sekretu profesionala oso ezaguna suertatzen zaigun kontzeptua izan arren, oro har ez zaio arreta handirik eskaintzen eguneroko jardueran. Horrez gain, teknologian eta informatikan sortutako aurrerapenek konfidentzialtasun-datuak eta sekretu profesionala arriskuan jarri dituzte. Hainbat lanbideri egokitzen zaien eginbeharra da sekretu profesionalarena, horien artean, abokatuei, banketxeetako langileei, osasun-profesionalei, etab. Azken horiengan jarriko dut arreta, bereziki erizainengan.

Intimitatea eta konfidentzialtasuna
Norbere intimitateari dagokion zerbait beste norbaitekin banatzen denean, elkarbanaturiko intimitatea deritzo. Egoera hau osasun-harremanetan ematen denean,  konfidentzialtasunarekin egiten dugu topo.
Konfidentzialtasunak intimitateari erreferentzia egin diezaioke; dena den, bere funtsa hedapena ekiditea izango da, oro har gertakari, dokumentu nahiz berriekin erlazionatutakoak.
Sekretu profesionala eta datuen konfidentzialtasuna medikuntzari nahiz erizaintzari loturik egon dira aspaldidanik. Arlo etiko-juridikoko auzi horiek urteen poderioz moldatzen joan dira: gizartean jazo diren aldaketak, osasun-garapena, intimitatea eta pribatutasuna gizakien eskubide gisa ulertzea eta pertsonaren askatasuna eta autonomia taldearen gainetik ezartzearen eraginez.
Osasun-arloan, ikuspuntu berri horrek hainbat uste zalantzan jartzen ditu, hala nola, lanbideari loturik eskuratutako informazioa eta datuak besteei ez hedatzea. Gure egungo gizartean ez da erraza arlo intimoaren mugak ezartzea, pertsonen arlo publiko eta pribatua bereiztea, batez ere hainbat gaixotasuni buruzko informazioa ezagutarazteko garaian, beste pertsona batzuei arriskua eragiten dien kasuetan. Horren ildora, seropositiboen nahiz HIESa garatu dutenen kasuak eztabaidagai suertatu ohi dira, euren gaixotasuna ez jakinarazteak hirugarren pertsonen osasuna arriskuan jar baitezake (bikoteak, seme-alabak, etab.).

Zer da sekretu profesionala?
Sekretuak jasorik edo ezkutuan dagoena adierazten du, ikusmenetik aldendua eta gainerako pertsonentzat ezezaguna dena.
Antzinako arrastoak Zin Hipokratikoan topa ditzakegu, zeinetan sendagileek sekretu modura jasotzeko betebeharra izaten zuten gaixoek agertzen zizkieten zeinu, ohitura nahiz jarduerak.
Sekretu profesionala konfiantzazko sekretu mota bat da. Lanbide bat onartzen denean, jo dezagun erizainarena, gaixoaren eta erizainaren artean harreman profesional bat sortzen da. Hori dela-eta, osasun-profesionalak lanbidea hautatzen duen mementotik, gizartearekin halako adierazi gabeko hitzarmen bat egiten du, eta jarduera profesionalean jasotzen dituen konfidentzia horiek guztiak isilean gordetzeko betebeharra dauka.

Zer jasotzen du sekretu profesionalak?
Pazientearen intimitateari dagokion guztia barneratzen du sekretu profesionalak erizainaren jardunean, bai gaixoak bere borondatez esanikoak eta baita beste edozein bitartekoren bidez jakinikoak ere. Baina ez da horretara soilik mugatzen, askoz ere urrunago baitoa. Pazientearen arlo intimotik kanpo ezaguturiko guztia biltzen du, hau da, jarduera profesionalari uztarturik lortzen den informazio oro. Horren adibidea izango litzateke pertsona bat ospitaleratu izan dela jakitea.
Eginbehar hau pazientearen eta pertsonaren heriotzaren ostean ere mantendu egin behar da: alde batetik, pertsona horren senitartekoei zor diegun errespetuagatik, eta bestetik, hildakoaren oroitzapenari zor diogunagatik.
Hori dela-eta, profesionalak bere funtzioen jardueran ezagutzen dituen egoera eta egokiera guztiak  sekretutzat jo behar dira.

Nori eragiten dio betebehar horrek?
Osasun-arloko profesional orori eragiten dio sekretu profesionala mantendu beharrak; horien artean, eta bereziki, sendagile eta erizainoi. Horrez gain, asistentzian esku hartzen duten beste profesional guztiek ere eginbehar bera izango dute, bere parte hartzearen ondorioz gaixoarekiko informazio bat elkarbanatuko baitute gainerako langileekin, hala nola, erizain-laguntzaileak, erizaintzako ikasleak, zelariak, garbitzaileak, etab. Honako hau, gaur egun, elkarbanaturiko sekretu profesional modura ezagutzen da.

Noiz urratu daiteke sekretu profesionala?
Erizainak, gainerako osasun-profesionalen antzera, hainbat egoera jakinetan ezkutuan jasotako sekretu hori agerian jartzeko betebeharra izango du:
o Osasun publikoa arriskuan jartzen denean, horien artean, adierazi beharreko gaixotasun kutsagarrietan, hala nola, meningitisa nahiz tuberkulosi kasuetan.
o Delitu baten biktimak izan daitezkeen pertsonak zaintzen direnean, horien artean, tratu txarrak, bortxaketak nahiz eraso kasuak.
o Praxi desegokien kasuan, jarduera profesionalen erruz ematen diren delituak salatzeko eginbeharra dauka.
o Epaiketa batean hala eskatuz gero epaileren batek.
Baldintza morala eta baldintza legala
Sekretu profesionalak, konfiantzako sekretua den heinean, bi baldintza ditu. Alde batetik, baldintza morala: erizainak badaki isilpean gorde beharreko informazioa duela eskuartean, eta agerian jarriz gero gaixoak hainbat ondorio izango dituela. Arlo moralari uztarturik, sekretua kalterik ez egin printzipio etikoan oinarritzen da, beraz, intimitatearen eta konfidentzialtasunaren eskubideetan.
Bestetik, baldintza legala dago: legeek arautzen dituzte isilpean gorde beharreko informazio hori nahiz ezagutzera eman daitezkeen kasu konkretuak. Modu honetara, sekretu profesionalaren eginbeharra ez betetzea zigortua izango da delitu gisa. Esparru legalari hertsirik, Espainiako Konstituzioko nahiz Kode Penaleko hainbat artikulutan zehazten da kasu hauetan jaso beharreko zigorra. Horrez gain, erizainen kasuan, Espainiako Kode Deontologikoan (1989) sekretu profesionalaren eginbeharraz diharduten artikuluak topa ditzakegu. Azkenik, 41/2002 Legea daukagu, 2002ko azaroaren 14koa; bertan, pazientearen autonomia eta dokumentazio klinikoari eta informazioari buruzko eginbeharrak eta eskubideak arautzen dira.

Ondorioak
Lanbide gisa onartu nahi den jarduera ororen oinarrizko zutabea bilakatu beharko da ezaguturiko gertakaria ezkutatzea, batez ere gertakari horren hedapenak ondorio kaltegarriak sorraraz ditzakeenean.
Sekretupean gorde behar izatea erizainaren lanbidearen arau etikoa da. Erizainok egiten dugun datu-bilketari nahiz beste osasun-profesionalen datu-bilketei egiten zaizkien erabilerak beti izan behar du oinarrian pertsonen duintasuna errespetatzea, euren intimitaterako eskubidea gordez. Izan ere, sekretu hori apurtzean, intimitatearen aurkako erasoa burutzen da, gizaki horren duintasuna urratuz.
Hori dela-eta, ea hemendik aurrera osasun-arloan jarduten dugun langile guztiok sekretu profesionala modu serioagoan ulertzen dugun eta dagokion begirunea eskaintzen diogun, gure osasun-arloko ikasketak abiatzen ditugun unetik hasi eta gure lanbidearen azken egunera arte. Konpromiso hori betetzea guztion esku dago!

Ikerne Uria

detalle2

Document library

B2
11-27-2008

x61pRelaContWAR

16502842

x61pViewCountWAR

4423

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR