detalle dokuteka-generico-fitxa

Itsasargiak

Jada itsasargiak zaintzen inor ez badago ere, leku ikusgarriak izaten dira, bereziki kostatik urruti itsasoan daudenak. Norteko Ferrokarrila irratsaioan hainbat itsasargi ospetsuren historia entzun dezakezu.

Download
Transcription:[+] Transcription:[-]


Ez dakit jakingo duzuen baina ez dugu oso urrutira joan behar batzuen ustetan munduko itsasargirik interesgarriena dena ikusteko. Estudio honetatik 260 kilometrora besterik ez dago, Garonaren itsasadarraren irteeraren erdian. Cordouan itsasargia da. XVII. mendean eraiki zuten puntu hartako arrezife bat markatzeko. Askoz lehenagotik, XIII. mendetik, Bordeleko ardoaren merkatuak itsasontzi asko pasarazi zituen itsasadarretik eta asko galdu ziren arrezifean.
Cordouan itsasargiaren hasierako diseinua itsasargi baten eta kapera baten arteko nahastea izan zen. Frantziako chateau baten dorrea ematen zuen. 27 urteko lana izan zen eta 1611n inauguratu zuten. Hala ere, XVIII. mendearen bukaeran aldatu egin zuten itsasargia, behealdea errespetatu zuten baina goialdea bota eta dorre luze batekin ordezkatu zuten. 37 metro izatetik 57 metro izatera pasatu zen.
Cordouan-go behealdea, aldatu ez zuten zatia, kaperaren zatia da eta gaur egun ere ikusgai dago, edozeinentzat ikusgai gainera, itsasargia bisitatzeko aukera baitago. Apirila eta urria bitartean joan zaitezke bertara, Le Verdon-sur-Mer herrian itsasontzi bat hartuta. Guztira lau orduko bisita da, eta itsasargiak gustuko dituenarentzat benetan merezi du.
Cordouan-etik iparraldera alde egingo dugu, eta eskatu behar dizuet lasaitzeko, Bretainiara iritsi gara, eta bidaiaren zati hau poliki-poliki egiteko aproposa da. Bretainia itsasargien paradisua da, bai kostakoena baita itsasoan sartuta daudenena ere. Hain zuzen ere, askotan ikusi dituzun argazki harrigarriak Bretainiako itsasargienak dira. Bidaia mantsotu behar dugu, eta denbora eta gogoa baldin baduzue, oinez egiteko ibilaldi luze eta polit bat proposatu behar dizuet, adi: 160 kilometroko ibilaldia da, hainbat egunetan egiteko modukoa. Brest hirian hasi eta Pontusval itsasargia dagoen lur-muturrean bukatzen da. Nolabait esateko, Bretainiak itsasorantz duen punta osoan zeharreko ibilaldia da. Autoz ere egin daiteke bidaia, zuek aukeratu. Bidean monumentu megalitikoak ikusiko dituzue, kostako itsasargi asko ere bai eta gure horko altxor teknologikoak, hanka itsasoan sartuta duten itsasargiak, haien artean aipagarriena Four itsasargia.
Badago Four itsasargiaren argazki ospetsu bat: olatu erraldoi bat itsasargiaren kontra lehertzen ari da eta gizon bat ikusten da itsasargiaren atean; busti egingo dela dirudi. Itsasargiak berak xakeko dorre baten itxura du baina eskalan handituta, zentimetro bat izan beharrean 25 metroko diametroa du oinarriak. Dorrearen almenaren gainean itsasargiaren linterna. 1847an eraiki zuten eta 1993tik aurrera automatizatuta dago.
Itsasargien zaintza motak hiru taldetan sailkatuta omen daude. Plouguerneau itsasargiaren zaintzaileek, han bertan bizi behar izan zutenek, esaten dute itsasargi hau talderik okerrenean dagoela, infernuaren taldean. Tira, ikaratzeko modukoa izan behar du ekaitz handi bat han pasatzeak. Hala ere, gaur egungo segurtasun eta alarma sistemak direla eta, pentsa liteke ikara arriskua baino handiagoa dela. XVII. mendeko kondizioetan, ordea, ezberdina zen, begira bestela gure gaurko azken bisitaren historia.
Mantxako kanala zeharkatu eta Ingalaterrara goaz, Plymouth hirira. Iristeko kilometro gutxi falta direla, Eddyston itsasargiaren ondotik pasatu gara, ikusi dugun hori Eddyston arrezifea markatzen duen bosgarren itsasargia da, zehatz-mehatz bosgarren itsasargia gaurko teknologiara egokituta. Itsasargiaren teilatu laua heliportu bat da. Baina ahaztu gaurko teknologia eta pentsa nolakoa zen itsasargia XVII. mendean.
XVII. mendean ez zegoen itsasargirik Eddyston arrezifean. Batzuek beharra ikusten zuten bat instalatzeko, baina Trinity House erakunde kudeatzaileak esaten zuen arriskutsuegia zela arroka hartan ezer eraikitzea. Eta arrazoia zuen. Baina Henry Winstanley enpresariak bi itsasontzi galdu zituen toki hartan. Erabat amorratuta, itsasargi bat diseinatu eta eraikitzeari ekin zion. Inongo eskarmenturik ez zuen, eta gainera, inork ez zuen ordura arte horrelako itsasargi bat egin. Hiru urteko lan zaila izan zen. Gainera, Ingalaterra Frantziarekin gerran zegoen eta frantsesek, denbora batez, bahituta izan zituzten langileak. Winstanley-ren lehen itsasargia txikitxoa eta berezia zen, diseinu xelebrekoa, oso polita baina oso ahula. 1698an inauguratu zuten eta hurrengo urtean berreraiki behar izan zuten zaintzaileek aholkatuta. Bigarren itsasargia handiagoa zen baina oso antzekoa, ekaitzetan gehiegi mugitzen zen; Winstanley-k berak ikusi nahi zuen zergatik. 1703an itsasargira joan zen ekaitz bat bertatik bertara bizitzeko asmoz, eta kasualitatez, mende osoko ekaitzik bortitzena tokatu zitzaion. Ekaitzak itsasargia txikitu zuen, eta Winstanley eta zaintzaileak hil egin ziren. Tragedia ez zen horrekin amaitu. Hurrengo egunean bertan itsasontzi bat hondoratu zen han, bost urtean lehen aldiz. Argi zegoen beste itsasargi baten beharra zegoela, baina ingelesak ikaratuta zeuden. Hala ere, hirugarren itsasargia egin zuten sei urte geroago, itsasontzien kroskoa bezala, itsasargia kanpotik egurrez estali zuten. Ideia txarra: sute batek suntsitu zuen. Sute hartan gainera teilatuaren beruna urtu zen eta zaintzaileak, 94 urteko gizon gabek, urtutako berun pusketa bat irentsi zuen nahigabe. 12 egun geroago hil zen. Eddyston-go laugarren itsasargia ingeniaritza lan aparta izan zen. John Smeaton izeneko ingeniari eta matematikari batek diseinatu zuen, barraskilo baten oskola imitatuz. Horretaz gain, uretan gogortzen zen zementu bat asmatu eta erabili zuen. Smeaton-en itsasargia 127 urtez aritu zen lanean. Ordezkatu zutenean lehorrera eraman zuten eta gaur egun ikusgai dago Plymouth-etik oso gertuko lur-mutur batean. Smeaton-en itsasargia da gure gaurko azkeneko proposamena. Batez ere historia ezagututa, interes handia du Plymouth-eko kostan dagoen itsasargi zuri-gorriak. Noski, bosgarren itsasargi bat eraiki zuten eta gerora hura ere zaharberritu zuten. Gaur ez da inor bizi, Eddyston-en kondaira bizi da han, itsasargi moderno batekin batera. Besterik ez. Guk arnasa hartuko eta bidaia bukatuko dugu. Cordouan, Four eta Eddyston itsasargiak bisitatu ditugu gaur. Nahikoa ibili da trena itsasoaren gainean. Orain lehorrera sartu eta Norteko Ferrokarrila etxera dator.

detalle2

Document library

B2
05-20-2009

x61pRelaContWAR

16501459
00:06:04

x61pViewCountWAR

4504

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR