detalle dokuteka-generico-fitxa

Odol-analisia

Giza gorputzaren konposizioa ezagutzea oso baliagarria gertatzen da gaixotasunak diagnostikatzeko orduan. Baina noski, horretarako ez dago gure gorputzaren puska bat hartu eta hura aztertu beste erremediorik. Horrek badu, hala ere, bere alde txarra; izan ere, puskak moztuko balizkigute ondoren analizatzeko, urte batzuen buruan zuloz eta hutsunez beteta bukatuko genuke, gorputz osoa adabakiz eta partxez josita.

Eragozpen horiek saihesteko, analisi horiek egiteko erabiltzen dugun ehuna odola izaten da kasurik gehienetan: odola gure gorputzaren ehun bat da, azala edo muskulua bezalaxe, baina berezitasun batekin, likidoa dela. Baina odolak, gainerako ehunak bezala, hainbat zelula, ura eta proportzio diferentean disolbatutako substantzia ugari dauzka, bere konposizioan.

Odola lortzea oso erraza denez, eta analisiak egin ahal izateko beharrezkoa den kopurua berreskuratzea modu ia automatikoan egiten denez oso epe laburrean, odola da gure organismoaren konposizioa ezagutzeko gorputz-atalik egokiena. Horrez gain, bere konposizioan badira hezur-muinetik datozen zelula batzuk, gure gorputzean eginkizun garrantzitsuak betetzen dituztenak, eta zelula horien kopurua eta ezaugarriak ezagutzea ere oso baliagarria da hainbat gaixotasunen diagnostikorako.Ondokoak dira zelula hauek:
a) globulu gorri edo hematiek oxigenoa garraiatzen dute biriketatik ehunetara
b) globulu zuri edo leukozitoek infekzioetatik eta tumoreen berezko agerpenetik babesten gaituzte
c) plaketek odol-hodietan gerta daitezkeen zauri edo haustura txikiak estali edo taponatzen dituzte.
Nola egiten da odol-analisi bat?
Normalean besoko zain batetik ateratzen den odol-lagina erabiltzen da analisietan. Zain edo benetan barrena zirkulatzen duen odola bihotzerantz doanez, tornikete bat jartzen da zainaren gainetik (bihotzetik gertuago alegia), eta tornikete horrek bidea ixten dio odolari. Torniketearen azpitik geratzen diren zainak puztu egiten dira, eta horrela errazagoa da bertan orratza sartzea. Hala ere, proba berezi batzuetan, odola arteria batetik atera daiteke, bena batetik atera ordez (eskumuturreko arteria batetik esaterako).

Lortutako odola hodi diferenteetan sartzen da, eta hodi bakoitzak kolore desberdineko tapoia edukitzen du. Kolore bakoitzak odolari gehitzen zaion gehigarria identifikatzen du, eta aditibo horien eginkizuna odol-lagina ahalik eta baldintzarik onenetan mantentzea izaten da. Horrela, zer-nolako proba egin nahi den kontu, gehigarri bat edo beste erabiltzen da, eta hodi bakoitza etiketatzeko  modua ere tapoiaren koloreak erabaki eta baldintzatzen du.



Pazienteak prestaketa berezirik behar al du analisia egiteko?
Proba batzuetarako bai; beste batzuetarako, ordea, ez. Adibidez, glukosaren emaitzari buruzko informaziorik gehien pazientea baraurik dagoenean lortzen da, janariak hartzeak hesteetan xurgatzea dakarrelako, eta horrek odoleko janarien mailak aldi baterako igotzea eragiten duelako.

Horregatik, nahasketak saihesteko eta probaren bat errepikatu behar ez izateko, odoleko analisiak egitera baraurik joateko eskatzen zaie pazienteei errutina moduan. Hala ere, ez harritu egunen batean larrialdietara joan eta odol-analisia berehala egiten badizute, azkenekoz jan zenuenetik zenbat denbora pasatu den galdetu ere egin gabe. Hemograma egiteko, edo gasometria eta koagulazioko probetarako ez du inolako eraginik baraurik egoteak.

Zertarako balio du odol-analisi batek?
Odoleko analisian hainbat proba sartzen dira: hemograma, koagulazioa, biokimika eta gasometria. Kasu berezietan, beste proba batzuk ere egin daitezke: aho bidezko glukosa-gainkarga emakume haurdunetan, D-xilosaren xurgapena malabsortziorik ba ote dagoen aztertzeko, fluxuaren zitometria, etab.

Emaitzak
Odoleko analisien balio normalak aldatu egiten dira laborategi batetik bestera. Izan ere, analisiak ez baitira baldintza berdinetan egiten zona geografiko guztietan, erabilitako erreaktiboak eta makinak ere diferenteak izaten dira, eta baita giza populazioak eta horiek bizi direneko giroak ere. Adibidez, altitudean bizi diren pertsonen hemoglobina-mailak altuagoak dira itsas mailan bizi diren pertsonenak baino, arnasten duten airean oxigenoaren kontzentrazioa baxuagoa denez.

Horregatik, balio normalak laborategi bakoitzak ezartzen ditu, pertsona osasuntsuei analisiak egin eta emaitzak azterketa estatistikoen bidez baloratuz. Eta horrela, analisien emaitza-orrietan inprimatuta agertzen dira metodo / erreaktibo / biztanleria horretarako normaltzat jotzen diren erreferentziazko emaitzak. Balio horiek dira kasu bakoitzean kontuan hartu beharrekoak.

Konplikaziorik ager al daiteke?
* Anemia. Pertsona batek, odol-analisi bat egiteko ateratzen dioten odolarekin hainbeste hodi betetzen direla ikusita, odol-hustutzeko arriskua duela pentsa dezake. Baina ez dago, ordea, kezkatzeko arrazoirik. Odola ematean pertsona horri (odol-emaileari alegia) ondorengo orduetan likidoa edatea gomendatzen zaion bitartean, odol-analisia egin ondoren ez da beharrezkoa —aurreneko kasuan 450 zm3 odol dira, eta analisi normal batean oso arraroa da 50 zm3-tik gora ateratzea. Jaioberriak dira arau horren salbuespen bakarra, beren odol-bolumena txikiagoa delako, eta horregatik haurtxoei eta ume txikiei ahalik eta analisi gutxien egiten saiatzen dira pediatrak eta neonatologoak, behar-beharrezkoak bakarrik.

* Zorabioak. Jende asko zorabiatu egiten da odola ateratzen diotenean. Erreakzio psikologikoa da, odola ikusi hutsarekin, lekuaren usain bereziarekin, horietan egin ohi duen beroarekin, etab. edo beste pertsona batzuk zorabiatzen ikustearekin lotua. Zorabioak, bere hartan, ez dauka aparteko ondoriorik. Bai, ordea, erori eta kolpe txarren bat hartzeak. Horregatik, edozein zorabio-sintoma nabaritu orduko, onena esertzea da, eta hori nahikoa ez balitz etzatea. Haize fresko apur batek ere mesede egingo dizu.

* Ubeldurak. Sarritan ez da erraza izaten orratza zainaren barruan sartzea, eta gerta liteke orratzak zaina zulatzea. Kasu horretan odol pixka bat aterako da, eta ubeldura edo hematoma bat agertuko da. Hori saihesteko, onena odola atera ondoren besoa erabat luzatzea da, ziztada-gunearen gainean gaza edo kotoi zati batekin 5-10 minutuz gogor sakatuz.

HEMOGRAMA

Hemograma egiteko ateratzen den odola, koagulazioa eragozten duen EDTA izeneko gehigarria daramaten hodietan gordetzen da (tapoiak kolore morea izaten du). Proba honek odoleko zelulak edo "osagai formeak" esaten zaien horien kopurua eta ezaugarriak jakiteko balio du

Globulu gorri edo hematieetatik hauek neurtzen dira:
_Kopurua odol-bolumen unitateko (RBC ingelesezko siglekin ere adierazten da). Alegia, odol-mm3 bakoitzeko zenbat globulu gorri dauden.
_Hematokritoa (Hkt). Hematie edo eritrozitoek odol-bolumen totalean hartzen duten bolumenaren proportzioa adierazten du.
_Hemoglobina kantitatea, odol-bolumen unitateko (Hgb). Proba honen emaitza maila normaletik behera dagoenean, anemia dagoela adierazten du.
_Batez besteko bolumen korpuskularra (BBK edo MCV ingelesez): hematie edo globulu gorriek batez beste duten bolumena.
_Batez besteko hemoglobina korpuskularra (BHK edo MCH ingelesez): hematie bakoitzak duen hemoglobina kantitatea, batez beste.
_Batez besteko hemoglobina korpuskularraren kontzentrazioa (BHKK edo MCHC ingelesez): hemoglobina kantitatearen batez bestekoa, hematieen bolumen-unitateko
_Bolumen-distribuzioa edo banaketa (RDW ingelesez). Hematie batzuen eta besteen artean tamaina-diferentzia handirik dagoen ala ez neurtzen du.

Globulu zuri edo leukozitoetatik, aldiz, hauek neurtzen dira:
_Kopuru totala odol-bolumen unitateko (normalean LEU bezala agertzen da)
_Leukozito mota bakoitzaren kopurua. Bi modutara adierazi daitezke kopuru horiek: leukozito guztien gain hartzen duten portzentaje moduan, batetik, edo odol-bolumen unitateko duten kopuru totala bezala, bestetik. Bigarren modu hori da kontuan hartu beharrekoa, aurreneko zifra anekdotikoa baita erabat.
    - Neutrofiloak
    - Linfozitoak
    - Monozitoak
    - Eosinofiloak
    - Basofiloak

Eta plaketa edo tronbozitoetatik, azkenik, ezaugarri hauek hartzen dira kontuan:
_Beren kopuru totala odol-bolumen unitateko (PLQ edo PLA).
_Plaketokritoa: Plaketek odol-bolumen totalean hartzen duten bolumenaren proportzioa adierazten du. Hematokritoaren kasuan ez bezala, datu honek apenas duen baliorik eguneroko praktikan.
_Plaketen batez besteko bolumena (PBB edo MVP ingelesez): plaketek batez beste duten bolumena.
_Bolumen-distribuzioa (PDW ingelesez). Plaketa batzuen eta besteen artean tamaina-diferentzia handirik dagoen ala ez neurtzen du.

Emaitza numeriko horiez gain, osagai formeen ezaugarriei buruzko grafiko sail bat ere lortzen da. Grafiko horiek laborategiko langileek aztertzen dituzte aurreko zifretan alterazioak edo desbiazioak badaude, baina aparteko ezer agertzen ez bada, idatzizko txostenetan normalean ez dira aipatu ere egiten.

KOAGULAZIOA

Koagulazioko probak egiteko ateratzen den odol-lagina, odol hori ez gatzatu edo koagulatzeko zitratoa izeneko gehigarria erantsi zaion hodietan gordetzen da (hodi horiek kolore urdineko tapoia izan ohi dute). Gehigarri hau ez da hemogramaren kasuan erabiltzen, emaitzak aldatu egingo lituzkeelako.

Odolak koaguluak edo odolbilduak sortzeko duen gaitasuna neurtzen dute proba hauek, odolari eransten zaizkion substantzia batzuen arabera odolbildu horiek sortzeko behar den denbora neurtuz. Odola botatzeko joera berezia duten pertsonak antzemateko diseinatuak daude proba hauek, dela sortzetiko joera (hemofiliak, adibidez), dela hartutako arrazoiren baten ondorioz ( elikadura-trastorno larriren baten edo gibeleko gaitzen baten ondorioz).

Normalean egiten diren probak hauek dira:
_Protronbina Denbora edo Quick denbora. Koagulazioko hainbat faktoreren jarduera neurtzen du (VII, X, V, II eta fibrinogenoa dira faktore horiek).
_INR. Aurreko probaren eratorri bat da, aho bidezko tratamendu antikoagulantearen kontrolerako erabili ohi dena.
_Tronboplastina Partzial Aktibatuaren Denbora (TPAD edo APTT, ingelesezko sigla). Proba honek koagulazioko XII, XI, IX, VIII, X, V, II faktoreen eta fibrinogenoaren jarduera neurtzen du.
_Tronbina Denbora. Fibrinogenoaren kopurua eta funtzioa neurtzen ditu.

Proba horien emaitzak ez badira normalak, beste proba konplexuagoak aginduko ditu medikuak, koagulazio-prozesuan huts egiten duten faktoreak zehatzago aztertzeko edo inhibitzaile posibleak baztertzeko.

BIOKIMIKA

Biokimikako probak egiteko ateratzen den odol-lagina inolako gehigarririk gabeko hodietan, edo gehienez ere gelatina bat duten hodietan gordetzen da (tapoia kolore gorrikoa izan ohi da). Proba hauetan odolean disolbatutako substantzien kontzentrazioa neurtzen da.

Maizenik egiten diren probak ondorengoak dira:
_Glukosa. Maila altua diabetikoetan.
_Urea eta Kreatinina. Igota egon ohi dira giltzurruneko gutxiegitasuna duten pazienteetan.
_Sodioa, Potasioa, Kloroa, Kaltzioa, Fosforoa.
_Proteina totalak, Albumina.
_Transaminasak (glutamiko-pirubikoa edo GPT, glutamiko oxalazetikoa edo GOT), edo Gamma-glutamil-transpeptidasa (GGT). Gibeleko gaitzetan igotzen dira, hepatitisetan adibidez.
_Kreatin-fosfokinasa (CPK) edo Laktato-deshidrogenasa (LDH), miokardioko infartu baten ostean altu ager daitezke.
_Kolesterola, Lipoproteinak (HDL, LDL, VLDL), Triglizeridoak.
_Burdina, Ferritina, Transferrina.

Aipatutakoak dira usuenak, baina ehunka substantzia gehiago neurtu edo kuantifikatu daitezke, paziente bakoitzaren gaitza, zeinuak eta sintomak baloratu ondoren.

GASOMETRIA

Gasometria bidez, odolean disolbatuta doazen gasak (oxigenoa eta CO2 nagusiki) eta bikarbonatoa (HCO3), eta odolaren azidotasun-maila (pH-a) neurtzen dira. Egin daiteke odol benosoan, odol-analisian eskatutako beste proba guztiak egiteko zainetik atera den odola aprobetxatuz, edo egin daiteke baita odol arterialean ere, eskumuturreko arteria bat ziztatuz normalean (zainekoa baino mingarriagoa izaten da).

Gasometria arterialak benosoak baino informazio gehiago eskaintzen du, bertan dagoen oxigeno eta CO2 kontzentrazioa odola biriketatik pasatu ondorengoa baita. Horregatik, ezagutu nahi dena odolaren pH-a eta bikarbonatoa soilik denean, aski da odol benosoa erabiltzea, hori lortzeko ziztada erosoagoa baita gaixoarentzat.

Jabier Agirre, UZEI

detalle2

Document library

B2
06-15-2009

x61pRelaContWAR

  • Agirre , Jabier
16501166

x61pViewCountWAR

9168

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR