detalle dokuteka-generico-fitxa

Kirurgia estetikoa

Titiak handitzea ez omen da gehien egiten den tratamendua kirurgia estetikoaren arloan. Hemen beste lekuetan baino gehiago egiten al ditugu holako tratamenduak? Zer bilatzen du jendeak tratamendu bat egiterakoan? Galdera horien bueltan jardun dute Euskadi Irratiko Faktoriako saio honetan. Horretarako, kirurgialari baten iritzia jaso dute, eta baita psikologo batena ere.


Hiztegi lagungarria


Datuetan oinarritutako txostena
.- Oinarrian datuak dituen txostena. Adibidez: Kirolari-ohiak doping-salaketa egin du, baina datuetan oinarritutako txostenik ez du ezagutarazi.

Kaleratu.- Plazaratu, argitaratu. Adibidez: Langabeziari buruzko datu nahasiak kaleratu dituzte.

Datuei erreparatu.- Datuei begiratu. Adibidez: Datuei erreparatu besterik ez dago: gizartea zahartzen ari gara.

Usteak erdi ustel.- Usteak edo asmoak ez bete. Adibidez: Futbolariak 12 gol sartuko omen zituen iazko denboraldian. Usteak erdi ustel: ez ditu 2 besterik sartu. 

Betazala igo.- Betazala jaso. Adibidez: Betazala igotzeko ebakuntza egin duenetik, beti harrituta dirudi.

Zirujau estetikoarengana jo.- Zirujau estetikoarengana joan. Adibidez: 350 kilo zen mexikarra zirujau estetikoarengana jo gabe hasi zen argaltzen, dieta aldatuta.

Luzatu.- Egin. Adibidez: Galdera bakarra luzatu zion amak alabari: "non egin dun lo bart?"

Ezkutuka ibili.- Ibili, baina ez agerian. Adibidez: Ezkutuan ibili dira lankideaz gaizki esaka.

Beharrak bete.- Premiak bete. Adibidez: Gaitza da gutxieneko diru-beharrak bete gabe bizitzea.

Modaren morroiak.- Modaren mendekoak. Adibidez: Modaren morroiak armairu oso handiak behar ditu etxean.

Sartu.- Barneratu. Adibidez: Batistari sartu zaio ideia maltzur hori kaskezurrean, eta zeinek kendu! 

Ze ezinezkoak dira.- Ezinezkoak baitira. Adibidez: Kirolaria harrituta dago, ze ezinezkoak dira aurkariek hain denbora motzean lortu dituzten emaitza onak.



Download
Transcription:[+] Transcription:[-]
Kirurgia estetikoa - transkripzioa
Euskadi Irratiko Faktoria irratsaiokoa, 2010/08/11. Moldatua

Esataria 1: Gorputzaz hitz egin nahi dugu ondorengo minutuetan gure psikologoarekin. Estetika gaur, gorputza aipatu nahi dugu. Datu batzuk atera dira eta datu horiek bildu ditugu, zirugia estetikoari buruzkoak dira: zenbat, noiz erabiltzen dugun eta, batez ere, ze ebakuntza egiten diren. Alberto Garzia, egun on.

Esataria 2: Egun on. Halaxe da. Azken urteotan zabalduen egon den ustea izan da zirugia estetikoko ebakuntza gehienak titiak handitzeko egiten zirela. Orain, berriz, Zirugia Plastikoaren Nazioarteko Elkarteak zirujauek beraiek emandako datuetan oinarritutako txostena kaleratu du. Eta datuei erreparatuta, behintzat, berriz ere usteak erdi ustel; izan ere, liposukzioa da gehien egiten den ebakuntza (guztien % 18,8), titiak handitzea xede dutenak, berriz, bigarren postuan daude % 17rekin, eta ondoren datoz blefaroplastia -betazala igotzea-, errinoplastia sudurraren itxura aldatzeko eta abdominoplastia.  Herrialdeei dagokienez, Estatu Batuak daude -nola ez- gailurrean, Txina bigarrena da eta Brasil hirugarrena; hauen ostean, India, Mexiko, Japon, Hegoaldeko Korea, Alemania, Turkia eta, hamargarren, Espainia.
Guk, berriz, jakin nahi izan dugu gurean gauzak nola dauden, eta horretarako Ainhoa Barriola zirujau estetikoarengana jo dugu. Hauxe zen galdera: zein dira Euskal Herrian gehien eskatzen diren tratamenduak?

Ainhoa Barriola, kirurgialaria: Gehienbat petxuak dira normalean, handitzea edo txikitzea; gehienbat handitzea. Baina, bueno, liftingak eta abdominoplastia eta liposukzioak eta horrelakoak ere asko egiten dira; gehien-gehiena botoxa.

Esataria 1: Hara! Botoxa.

Kirurgialaria: Botoxa, bai. Da gehien eskatzen dena. Gero, aurpegiko tratamenduak eta horrelakoak baita ere, baina gehien-gehien eskatzen dutena botoxa da.

Esataria 2: Ainhoak esandakoaren arabera, emakumeak jarraitzen du izaten zirugia eta tratamendu estetikoen erabiltzaile nagusia; hala eta ere, gero eta gizon gehiago hurbiltzen da kontsultara eta gizonok, gainera, gero eta gazteagoak dira.
Beste galdera bat luzatu nahi izan diogu Ainhoa Barriolari; alegia, Euskal Herrian gehiago edo gutxiago erabiltzen dugu?

Kirurgialaria: Nik uste dut gutxiago. Egia da Valentziara edo Sevillara edo Andaluziara joaten baldin bazara, askoz gehiago operatzen dira hemen baino, Valentzian batez ere, puf, pila bat.

Esataria 1: A, bai!

Kirurgialaria: Bai, bai. Asko dira, hemen baino... Nik uste dut, baita ere, denboragatik izango dela, tenperaturagatik. Han gorputza gehiago erakusten dute hemen baino, eta orduan, hobeto nahi dute eta, orduan, gehiago operatzen dira. Gero, mentalitatea ere desberdina da. Hemengoak, bueno, pixka bat ezkutuka ibiltzen gara; han ez, han erakustea gustatzen zaie. Hemengoek, normalean, beldur gehiago daukate edo besteei ez die ezer esan nahi.

Esataria 2: Zer da, ordea, jendeak bilatzen duena: perfekzioa, erosotasuna, autoestima, onarpena...

Esataria 1: Eider, zer da bilatzen dutena?

Eider Iruretagoiena, psikologoa: Horrelako gauzetan ez bakarrik zirugiarekin, gauzak erosten ditugunean, horrelakoetan gure autoestimua igotzea, gure beharrak betetzearekin gabiltzala, ezta. Denok ditugu beharrak, denok ditugu zauriak eta norberak betetzen ditu ahal dituen moduan: batzuek zirugiarekin, beste batzuek ikasketekin, beste batzuek horrelako status bat lortzen... Eta ez da okerrago zirugiarekin betetzea beste gauza batzuekin baino, bakarrik hemen -berak esan duen moduan- gaizki ikusia dagoela. Horregatik hemen ez dugu hainbeste pertsona titiak operatzen dituena, ze titiak operatzea, hori ikusi egiten da.

Esataria 2: Non dago muga: hobetu nahi, esan dezagun, sano horren eta obsesioaren artekoa?

Psikologoa: Bueno, ez gara izango antizirugia, antikonponketatxo batzuk... ez gara hor jarriko, ez? Ba, beharbada, ez zait nire ipurdia nola dagoen gustatzen eta horrelako konponketa bat egin dezaket eta ya está. Hor dago muga: gauzatxo bat konpondu eta horrekin ondo baldin banago, ba, tira, ze ondo. Pertsona batek esaten badizu titiak izango banitu, zoriontsu izango nintzateke, um, gaizki, gaizki.

Esataria 1: Eta hori esaten du jendeak?

Psikologoa: Bai. Jartzen dugu gure zoriontasuna halako zerbaiten gainean, eta zoriontasuna ez da horrela lortzen, hori denok dakigu, teorikoki, baina gero erortzen gara tontoak bezala.

Esataria 2: Modaren morroiak gara.

Psikologoa: Modaren morroiak gara. Zuk esan duzu lehen, ez, denok pentsatzen genuen gehien egiten zen operazioa titak jartzea zela, eta ez, liposukzioa da. Telebistara denbora batean begiratzen badugu, zer ateratzen dira gehiago: titiak edo ipurdiak?

Esataria 2: Ez ditut kontatu.

Psikologoa: Ba, seguru aski, garai honetan ipurdiak aterako dira gehiago, titiak baino. Hasteko, titiak erakustea askoz bereziagoa delako eta ipurdiak ateratzea, edozein anuntziotan ipurdi bat ateratzen zaizu. Orduan, inkontzienteki, horrekin fijatzen gara. Ez dira bakarrik publizitatea ikusten duguna, ez, ateratzen diren estetika-zentroak eta hola: ikusten dut eta erabakitzen dut. Ez, beste publizitate bat dago, subiliminala, eta hor dagoela denbora guztian eta ideia bat egiten dugu nola izan behar ditudan titiak, nola izan behar dudan ipurdia, nola izan behar den nire gorputza... Eta hori sartu egiten zaigu, eta hori da gure ideia, eta ez baldin bagara horra iristen...
Eta gero dago beste alde bat, duela bi aste hitz egiten genuen pazientzia faltari buruz; beharbada, egunero gimnasiora joaten, ordutxo bat edo bi ordu, ipurdi polit bat izan dezaket, baina horrek denbora eramaten du.

Esataria 2: Eta nola ematen zaio buelta horri?

Psikologoa: Ba, askotan esan dugun moduan, lehenengo kontzientzia jarriz: ze puntutaraino burua jaten diguten, ze puntutaraino ditugun horrelako ideal batzuk ezinezkoak direnak, ze ezinezkoak dira. Berrogei urterekin ezin duzu hogei urteko pertsona baten gorputza izan; nahiz eta operatu, nabaritu egingo zaizu, eta horrela da. Orduan, kontzientzia jartzea oso garrantzitsua da.
Eta gero lan politak egin daitezke norberaren gorputzarekin, norberaren imajinarekin. Askotan hitz egin dugu, ba, adibidez, polita da gorputzari halako mimo batzuk ematea; batzuetan, adibidez, gure gorputzean kremak ematen ditugunean, ez ditugu ematen ondo. Gure gorputzeko alor batzuk ez zaizkigu gustatzen eta, orduan, pasatzen ditugu gainetikan infekzio bat izan bagenu bezala, eta ez. Hartzea, niri ez zait nire tripa gustatzen edo ez zaizkit nire izterrak gustatzen eta, orduan, hor emango dut krema suabe...

Esataria 1: Nire burua maiteko dut, ezta?

Psikologoa: Bai.

Esataria 1: Eta egia da, esaten duguna, urteekin gure gorputza onartzen dugula, ezta? Hogei urterekin oso itsusia iruditzen zitzaigun zerbait, ba, hogeita hamar edo berrogeirekin esaten dugula "Ai, ba, zoragarria da".

Psikologoa: Normalean, erosoagoa sentitzen gara gure gorputzarekin hogeita hamar urterekin hogeirekin baino, eta berrogei edo berrogeita hamarrekin aurreko urteetan baino; geroz eta aurrerago joan, erosoago: hobeto ezagutzen dugu eta hobeto eramaten gara berarekin.

detalle2

Document library

B2
09-09-2010

x61pRelaContWAR

16498427
00:07:04

x61pViewCountWAR

7740

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR