detalle dokuteka-generico-fitxa

Energia berriztagarriak. Konponbidea?

Denon ahotan dabil energia berriztagarrien kontua azken aldian. Iberdrolako marketing kanpaina ere, berdez eta hostoz beteriko irudiekin, ingurua errespetatzen duen energia eredua balitz bezala agertzen zaigu.

ARGI LERIA, JOSU ARREGI - ANDOAINGO AHTREN AURKAKO ASANBLADA

Denon ahotan dabil energia berriztagarrien kontua azken aldian. Iberdrolako marketin kanpaina ere, berdez eta hostoz beteriko irudiekin, ingurua errespetatzen duen energia eredua balitz bezala agertzen zaigu; eta kontsumitzaileoi lasai egoteko mezuak bonbardatzen dizkigute (bitrozeramika piztea naturarekin bat egitea izango balitz bezala).

Prentsan agertzen diren berrietan ere, EAEko egitasmo energetikoak energia berriztagarrien bultzadarekin makillatzen dizkigute. Ekoizpenaren %12ra iritsi nahi omen da. Eta gainerako %88a?

Duela gutxi Jose Antonio Garridori eginiko elkarrizketa irakurtzeko aukera izan genuen. Bertan, Gamesako presidente eta garai hartako Iberdrolako presidenteordearen hitzak irakur ditzakegu.

Galdera: «Energia alternatiboetan sinesten al duzu?». Erantzuna: «Energia ondasun urria den munduan, energia iturriak ez dira alternatibak, gehigarriak baizik. Beraz, gizarteak egun daukana eduki nahi badu, hau da, etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, hutsik egiten ez duen argi-indar zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi badugu, gehitzearen aldeko apustua egin beharko dugu, eta ez kentzearen aldekoa».

Hitz horiek argi uzten dute energia berriztagarrien erabileraren kontestua ez bada aldatzen, ez dituztela beste ekoizpen motak ordezkatuko egungo gizartean (zentral nuklearrak eta zentral termikoak ere, kontsumo energetiko itsuaren osagarriak dira).

Horren guztiaren adibide, desarrollismoaren logikan oinarrituta dagoen haize-energiaren garapena dugu. Euskal Parlamentuak onartu duen «haize-energiaren alorreko egitasmoa»n eredu bakarra diseinatu digute. Potentzia handiko aerosorgailuen zentralizazioan oinarrituta, enpresa batzuek bakarrik egin diezaiokete aurre horrelako egitasmo batek eskatzen duen inbertsioari: autogestioari inolako aukerarik ez dio uzten, eta beraz, energiaren monopolioa gero eta gehiago indartuko da.

Parke eolikoek ez dute atmosferara igorritako gas kutsagarriaren kopurua geratuko, ezta murriztuko ere. Ez dituzte energia nuklearra eta termikoa ordezkatu nahi. «Gas naturala» erregai erabiliz, energia termikoaren produkzioa da izugarri igotzen ari dena (negutegi efektua areagotzen duten gas isurketak handituz).

Energia kontsumitzeko ohiturak eta datozkigun egitasmo faraonikoak (AHT bezalako energia xahutzaile itsuak) aurrera egiten badute, gure energia eskaera ez da aseko parke eolikoekin, eta beste inolako energia berriztagarriekin ere ez.

Egoera horretan bat egiten dugu Andoaingo Mandoegiko zentral eolikoaren aurkako taldearekin eta kaltetutako Nafarroako udalerriekin: Arano, Leitza eta Goizueta:

1­Bertan behera utz dezatela eolikoei dagokien egungo plangintza.

2­Lehentasuna eman diezaietela ingurumen, kultura eta historia irizpideei, eta ez irizpide ekonomiko eta espekulatiboei.

3­Mendi gailurrak, monumentu apartak eta laga ezinezkoak direla aldarrikatzea eta horien industria- lizazioa galaraztea.

4­Egungo makroindarretxe eoliko monopolisten diseinuen aurka egitea, eredu dezentzalizatuen kontrakoa baita.

5­Oinarrizko energia baliabideetara iristeko aukera erraztea eta eskala txikiko energia ekoizpena ahalbidetzea, pertsonekiko eta ingurumenarekiko begirune handiagoa duten parametroen barruan.

6­Energiaren erabilera zentzudunago baten aldeko ekimen sendoa bideratzea, energia aurreztea ahalik eta gehien sustatuko duena.

Horrekin batera, "Aiurrin", 197. zenbakian, Mandoegiko zentral eolikoari buruz agertutako informazioa puntualizatu nahi genuke. Batetik, aldarrikapenak hor aipatu direnak dira. Bestetik, Gipuzkoari dagozkion 39 haize errota horiek ez dute esan nahi ezarri daitezkeen bakarrak direnik. Hitzartua dute, egitasmoa bi erkidegoren arteko mugan kokatuz gero, haize-energia baliabideak erdibanatzea. Mandoegiko «parke eolikoaren» kasuan, Gipuzkoako lurretan, Abadegurutzetik Deskargako mendi gaina bitartekoak jarriko lituzkete; gainerakoak mugan edo Nafarroako lurretan. Beraz, egitasmoan agertzen diren 105 aerosorgailuetatik 39 Gipuzkoari badagozkio, gainerako 66ak Nafarroari. Eusko Jaurlaritzak, 2010. urterako, Nafarroako Gobernuak gaindituta duen plangintza energetikoa, are gehiago saturatu nahi du, nonbait. Ulergaitza.

x61pRelaContWAR

detalle2

Document library

B2
11-04-2003

x61pRelaContWAR

16410210

x61pViewCountWAR

3072

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR