Akainek eta polenak sortzen dute alergia gehien

Aurtengo polinizazioa iazkoa baino ahulagoa izango dela aurreikusi dute

Hautsean bizi diren akainak dira Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako herritarren artean alergia gehien eragiten dutenak Ignacio Antepara Basurtu erietxeko alergologia zerbitzuko buruak atzo Bilbon adierazi zuenez. Polinizazioaz ere aritu zen eta aurten iaz baino ahulagoa izango dela esan zuen.
 
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %30i alergia eragiten diete akainek, Ignacio Antepara Basurtu erietxeko alergologia zerbitzuko buruak azaldu zuenez. Hautsean bizi diren akainak dira gure artean alergia gehien sortzen dutenak. Ondotik daude polenak eta sendagaiek eragiten dituzten alergiak.

Akainak oso armiarma txikiak dira eta gizakien azaleko ezkatak jatea gustatzen zaie. Oheetako maindireetan, koltxoietan, arropetan, ilean eta airean daude. Anteparak adierazi zuenez, 20-24 graduko tenperaturan eta %60ko hezetasunean egotea gustatzen zaie akainei. Alergiak errinitisa eragiten du, haurtzaroan eta nerabezaroan batez ere.

Akainen alergia udazkenean da ohikoena eta Anteparak kasu zehatz bati eman zion arreta bere hitzaldian: udako etxeei. «Udan erabiltzen ditugun etxeak itxita egoten dira normalean eta nahiko hezetasuna izaten da horietan. Akainei ez zaie argia batere gustatzen eta giro heze horretan erabat loditzen dira», azaldu zuen Basurtuko alergologoak.

Gaur egun, beste alergia batzuk ere agertu dira helduengan. Latexak, tatuajeen koloregaiek, piercingen metalek eta anisakisak eragindako alergiak gero eta ugariago direla esan zuen Anteparak. Anisakisa arrainen zizare bat da eta euskal herritarren artean gero eta ohikoagoa dela adierazi zuen.

Ignacio Anteparak udaberrirako polinizazio aurreikuspenari buruzko datuak eman zituen. Iazkoa baino ahulagoa izango da dirudienez. 2003koa oso altua izan zen eta aurtengoa ere altua izango dela aurreikusi dute adituek.

Alergiak betiko dira, ez dira sendatzen
 
Ignacio Anteparak kategorikoki baieztatu zuen alergiak betiko direla, ez direla inoiz sendatzen. Garaiaren arabera biziagoak edo ahulagoak dira baina ez dira desagertzen. Horixe esan zuen atzoko hitzaldian.

Adibide batekin azaldu zuen baieztapena. Egiazko bitxiak imitatuz egindakoei alergia dien pertsona batek denbora luzez erabili ez dituen belarritakoak janzten baditu, lehenengoan edo bigarrenean ez du alergiarik nabarituko baina hiru egunez jarraian erabilita alergia eragingo diote.

Alergia kontrolpean izatea posible da. Horren harira, txertoen eragingarritasunaz aritu zen aditua. Antepararen ustez txertoak eragingarriak dira. «Txerto batek alergia bakar baten kontra egiten du baina kasu gehienetan gaixoek gauza bati baino gehiagori diete alergia. Beraz, txertoak ez dira hain eragingarriak eta gaixo asko ez dira horietaz fidatzen», azaldu zuen.


Interesting for you



B2
03-02-2004
16407780
1488