Docutec
Pello Lizarralderen Orbanak liburua
Orbanak izeneko liburua argitaratu berri du Pello Lizarralde idazleak, Erein argitaletxearen eskutik.
Hauxe da Pello Lizarralderen liburu berriaren hari nagusia:
Hilketa bat gertatu da: herriko fabrikan lan egiten duen ingeniari aleman baten emaztea hilik azaldu da pagadi batean. Ez dakigu iheslariaren izenik, soilik orban bat duela lepoan.
Liburuko pasarte bat ekarri dugu hona, hiztegi labur bat lagun duzula, eleberriaren zatitxo bat “dasta” dezazun.
Nazariok maiz izaten zituen antzeko ateraldiak. Gure herrian inoiz harekin egokitua zen edozein jakinaren gainean zegoen noiznahi botatzen zituela, eta, hala ere, erraztasun ikaragarria zuen asko eta asko ustekabean harrapatzeko. Haren ondoan suertatzen zirenak izoztuta bezala geratzen ziren, zer esan ez zekitela, eta orduan elkarri begira egoten ziren pixka batean, eta deus esan gabe nor berera erretiratzen zen, nahasita, entzun berria zuena ulertu gabe eta desoseguak jota. Horixe baitzen makurrena, ezer ez ulertu arren, inor ez zela ausartzen esatera hori ganbaratik zegok eta hobe duk batere kasurik ez egitea. Satelitea beharbada bai, xelebrea ez. Eta izena, bakarra: pontekoa. Nazario Nazario zen beti. Ezerk ez zion aldatua izena, ez jaiotetxeak, ez ohiturek, ez maniek edo ezindura batek.
Dena dela, omenka ari naiz. Niri, bakarrik edo beste batzuen ondoan nengoela, ez zait egokitu Nazarioren ahotik gogoan hartzea merezi zuen ezer entzutea. Dena dela, ez dut kontatu didatenaz ez fidatzeko arrazoirik, oso zaila baita hain gauza aldrebesak asmatzea eta denak elkar hartuta egotea.
Eta goiz hartan ere bota zuen bota beharrekoa. Han zeuden bi lagunek esanda dakit nik, hamarrak aldera, ordurako hotsa baitzebilen, bosten bat lagun zirela elkartuak Bihurraranera doan bidearen sarreran. Beste batzuetan bezala, ohartu zirenerako, han bildu zitzaien Nazario. Gizon haiek handik eta hemendik jaso ahal izan zituzten zurrumurru apurren berri elkarri ematen ari zirela eten omen zien jarduna: “Ba nengoen, ba, ni!” Eta han elkartutakoak bat-batean isilduak zirela ikusita: “Eguna argitu orduko ikusi ditut behorrak menditik lau hazkan jaisten eta… izoztuak zituzten zurdak…”
Azkeneko hitzak botatakoan ezpainak okertu eta burua alde batera eta bestera mugitu ondoren mendi aldera begira jarri omen zen pixka batean, kezkatua bezala. Berehala inori begiratu gabe urrundu zenean, gainerakoei ere, nonbait, elkarren ondoan egoteko gogoa joan zitzaien eta isil-isilik sakabanatu ziren.
15.or.
Pello Lizarralde
Orbanak
Erein, 2012
HIZTEGI LAGUNGARRIA
Ateraldia.- Salida, ocurrencia. Idée.
Ustekabean.- Por sorpresa, de repente. Soudain.
Deus. Ezer. Nada. Rien.
Desosegua.- Desasosiego. Agitation.
Makurrena.- Okerrena. Lo peor. Le pire.
Hori ganbaratik zegok!.- ¡Ése/a está mal de la cabeza!. Il/Elle a le timbre fêlé/e.
Pontekoa.- Nombre de pila. Prénom.
Ezindura.- Ezintasuna. Incapacidad. Incapacité.
Hotsa.- Ruido, sonido. Bruit.
Zurrumurru.- Rumor. Rumeur.
Eten.- Interrumpir. Interrompre.
Lau hazkan.- A cuatro patas. À quatre pattes.
Zurda.- Crin, cerda. Crin.
Urrundu.- Alejar (se). S’éloigner.
Sakabanatu.- Dispersas (se). (se) disperser.
Jakinaren gainean egon.- Estar al corriente. Être au courant.
Xelebrea.- Ocurrente, gracioso/a. Spirituel/elle.
Gogoan hartu.- Tener en cuenta. Considérer.
Orban.- Peca, lunar, mancha. Tache de rousseur.
Liburu honi buruzko informazio gehiago, helbide honetan.
