Docutec
Bernako garraio publikoa
Eusko Jaurlaritzako arduradunak Suitzako Berna hirira joan dira, trafiko-arazoak nola bideratzen dituzten aztertzeko. Datu bat: ibilbide eta unerik gogorrenetan 2 minutuan behin igarotzen dira tranbiak.
Bideo hau Dokumentu Biltegiko 41. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.
Trafiko handiak badu eragina halako istripuetan. Errepideak ezezik, nolanahi ere, gure hirietako kaleak ere autoz gainezka daude eta irtenbidea ez da erraza. Garraio publiko ona ez badago, nekez utziko zaio autoa erabiltzeari. Suitzan, Berna hirian, oso garraio publiko ona dute. Tranbiak eta autobusak bi minutuan behin ibiltzen dira eta hemengo agintariek, arduradunek, hori ikusi dute bertatik bertara.
Berna, Suitzako hiriburua, Erdi Aroko hiri ederra da. Alde zaharra, Aar ibaiak duen meandro batean dago kokatuta. Kaleetako albo bietan arkupe luzeak daude bizilagunak barruan babes daitezen.
Kultur-ondarea izanik, trafikoa oso murriztuta dago alde zaharrean, auzokideak eta garraio ofiziala eta zamalanetakoak soilik ibili daitezke. Baina garraio publikoko sare zabala eskaintzen du. Tranbia, trolebus eta autobus anitz dago, frekuentzia eredugarri batean.
Joseba Arredondo, berriemailea: Garraio publiko sare zabala izateaz gain, Bernako agintariak zerbitzurik onena eskaintzen saiatzen ari dira. Ibilbide nagusietan eta unerik jendetsuenetan bi minutuan behin igarotzen dira tranbiak. Hala ere, eskasa delakoan, ugaritu egin nahi dituzte.
Gehienez ere 20 minutu itxaron behar da garraio publikoa heldu arte. Hiriko agintariek jakin badakite garraio publiko ona edukitzeko trafikoa gutxitu egin behar dela nola edo hala, baina ez dute ezer inposatu nahi.
Hans Staub, Bernako Trafikoaren Planifikazio zuzendaria: Ez gaude zigor neurriak hartzearen alde, garraio publiko erakargarria egitea onena dela uste dugu, baina aldi berean, auto pribatuak erabiltzeagatik zergak igotzea ere pentsatzen ari gara, erakargarriagoa izan dadin.
Berna txikia da, inguruko herriak kontuan hartuta, 200.000 bat biztanle, baina auto-parkinaren aldetik, Euskal Erkidego Autonomoaren antzekoa, 400 kotxe 1.000 biztanleko. Arazoak hirira sartzeko orduan sortzen dira. Horregatik, beste neurri batzuk ere badauzkate autorik ez hartzeko.
Hans Staub: Aparkatzeko lekuak kendu ditugu lur azpiko aparkalekuak eraikitzeko. Horrek, noski, dirutza ederra suposatu du eta aparkatzeko zergak igo ditu.
Suitzan begirune handia diote garraio publikoari. Bernan ez dago bidegoriririk edo tranbiarako bide berezirik. Edonon daudela, lehentasun osoa dute. Asko erabiltzen dira, zerbitzua bikaina delako eta bertakoen pentsamoldeak ere laguntzen duelako. Elurretan ere badago bizikletaz ibiltzen denik, tranbiak eskaintzen dio babesaz bada ere.
